Bestalde, ETArekin zerikusia duela egotzita emakumezko bat atxilotu du gaur eguerdian Guardia Zibilak Bilboko Alde Zaharrean. Polizia horren arabera, Inmakulada Basabe Gutierrez da atxilotua, eta urriaren 25ean Haritz Totorika atzeman zutenean hasitako operazioarekin lotu dute.
Hain justu, urriaren 25ean Totorika atxilotu zutenetik Bilbon egin duten hamaikagarren atxiloketa da gaurkoa —bi Espainiako Poliziak egin ditu eta gainerako guztiak Guardia Zibilak—. Hamaika atxilotu horietatik bat, Nagore Etxebarria, aske geratu zen epailearen aurrean deklaratu gabe. Beste lau (Arzelus barne) espetxeratzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta beste hiru aske geratu dira gaur Teresa Palacios epailearen aurrean deklaratu ondoren.Ostegunean atxilotutako Sergio Regeirok eta atzo atzemandako Asier Arriolak, berriz, inkomunikatuta jarraitzen dute.
Atxiloketak ez ezik, hainbat miaketa egin dituzte gainera Espainiako polizia indarrek. Bart gauean, esate baterako, atzo Castro Urdialesen (Kantabria, Espainia) atxilotutako Asier Arriolaren gurasoen etxebizitza miatu dute. Atzo gaueko hamaikak aldera hasi ziren etxebizitza arakatzen, eta bart goizaldeko ordubiak aldera alde egin dute. 'Efe' agentziari "ikerketako iturriek" agertu diotenez, ordenagailu bat, kaxa bat eta poltsa bat eraman dute Arriolaren gurasoen etxetik guardia zibilek. ETAri laguntza eman diola egotzita atxilotu zuten Arriola, hura ere Totorikaren atzematearekin lotuta.
Atxiloketak
Iker Arzelus espetxeratzeko agindu du epaileak; tortura gogorrak salatu ditu
Joan den asteartean Guardia Zibilak Bilbon atxilotutako Iker Arzelus Soto del Realgo kartzelan espetxeratzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Teresa Palaciosek. Inkomunikatuta deklaratu du Arzelusek, eta Soto del Realen espetxeratu ostean kendu dio inkomunikazioa. Tortura gogorrak egin dizkiotela salatu du gazteak: buruan poltsa jarri diotela, barrabiletan elektrodoak, 'bainera' egin diotela... Askatasuna erakundeak azaldu duenez, herrenka dabil ezkerreko zangoa minduta duelako. Harekin batera atxilotutako Gaizka Larrinaga, Gorka Ribadella eta Garikoitz Urizar, ostera, aske geratu dira deklaratu ostean. Tratu txarrak salatu dituzte haiek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu