EA

Iker Rahona EAko ildo ofizialeko kidea, Bizkaiko koordinatzaile; Mikel Goenaga kritikoa, Gipuzkoakoa

144 boto lortu ditu Rahonak, 107 Bruno Zubizarreta ildoko kritikoko kideak. Goenagak 83 boto, eta ildo ofizialeko Iban Asenjok, 69. Nafarroako batzarra, astelehenean; Arabakoa, uztailaren 6an. Iparraldean ostiralean hautatu zuten: Miren Urreiztieta ildo ofizialeko kidea.

Iker Rahona, gaur, Bizkaiko kongresuan.
enekoitz esnaola
2017ko ekainaren 21a
07:25
Entzun

Bizkaiko EAko batzarrak Iker Rahona aukeratu du herrialdeko koordinatzaile izateko, gaur arratsean Galdakaon egindako kongresuan. Barakaldoko EH Bilduko zinegotziak 144 boto jaso ditu, eta ildo krkitikoko hautagai Bruno Zubizarreta Bilboko EH Bilduko hautetsiak, 107. Orain arteko Bizkaiko koordinatzailea Joseba Gezuraga batzarkide eta ildo ofizialeko kidea zen. 

Gipuzkoako EAk, berriz, Mikel Goenaga Zarauzko EH Bilduko zinegotzia hautatu du koordinatzaile, bart Bergaran egindako biltzarrean. EAren duela bi asteko kongresuaren ildo kritikoko ordezkarietakoa izan zen Goenaga, eta Iratxe Lopez de Aberasturekin batera eledun lanak egin zituen. 83 boto jaso ditu Bergarako batzarrean, eta Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren ildoko Iban Asenjo batzarkideak, 69. Iñaki Ostolaza zen Gipuzkoako aurreko koordinatzailea —Urizarren ildokoa da—.

"Mila esker gaur Bergaran parte hartu duzuen militante guztioi, zuekin batera lan egingo dugu EA indartsu batek EH Bildu bultza dezan!", idatzi du Goenagak Twitterren.

Gipuzkoako EAko zuzendaritzan izango ditu Jabier Estebanez, EH Bilduko batzarkidea eta Donostiako EAko koordinatzailea; Karmele Alberdi, Zarauzko EH Bilduko zinegotzia; Begotxu Olaizola, irakaslea eta ANCren ordezkaria Euskal Herrian; Julian Unanue, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiko eta Natura Inguruneko zuzendari ohia; eta Harri Fernandez, kazetaria eta Gipuzkoako EAko prensa arduraduna.

Rahona eta Goenaga EAko zuzendaritzan sartuko dira.

Hurrena hautatuko dituzte Nafarroako koordinatzailea —datorren astelehenean— eta Arabakoa —uztailaren 6an–. Nafarroan ez da espero ildo ofizialak hautagairik aurkeztea. Kritikoek Miren Aranoa aurkeztuko dute, egungo koordinatzailea. Araban ildo ofizialak oraindik ez du inor aurkeztu; kritikoen aldetik Iratxe Lopez de Aberasturi aurkeztuko da. Egun Patxi Martinez de Albeniz da koordinatzailea. 

Ipar Euskal Herrikoa joan den ostiralean hautatu zuten: Miren Urreiztieta, ildo ofizialekoa —ez zen beste hautagaitzarik aurkeztu—; lehen ere hura zen koordinatzailea.

Lurralde batzar horietan tokiko afiliatu orok eman dezake botoa.

EAren ekainaren 3ko eta 4ko kongresuan bi ildoek akordio politikoa lortu zuten, baina zuzendaritzarako norberak bere hautagaitza aurkeztu zuen. Hamalau botogatik nagusitu zen Urizar. Zuzendaritza nagusian —hamabi kide— haren ildokoak sartu ziren. Lopez de Aberasturi ere badago, EAk Udalbiltzako zuzendaritzan duen ordezkari modura —lehendakariordeea da—. Herrialdeetako koordinatzaileak sartuko dira orain.

Orain lau urteko kongresuan ez zen kritikoen ildorik izan, eta, beraz, lurraldeetako batzarretan ere ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.