«Aparteko arreta» agindu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaak, ikerketaren arloa behar bezala zainduko dutela eta ez dutela diru saila gutxituko. «Herri baten garapenaren funtsa eta oinarria da», ohartarazi du, eta nabarmendu du ikerketaren arloko baliabideak urritzen badira nekez egin daitekeela aurrera: «Gure etorkizuna dago jokoan». 2010ean ikerkuntzara bideratutako dirua %50 handitu zutela gogora ekarri du, eta aurten ere kopurua oparoagoa egiteko asmoa dutela.
Ikerbasqueko arduradunekin batera egindako agerraldi batean eman zuen atzo Zelaak Jaurlaritzak arlo honetan dituen asmoen berri. Ikerbasqueko presidente Fernando Cossiok, sailburuaren ondoan, ikerketan egindako inbertsioak «errentagarriak» direla erakutsi nahi izan zuen agerraldian plazaratutako datu sortarekin. Iaz, esaterako, mundu zabaleko ehun ikertzaile erakarri zituen Ikerbasquek bere ondora, 22 herrialdetakoak. 8 milioi euroko aurrekontua izan zuten, baina 5 milioi euro bueltan jaso zituzten beken eta beste hainbat deialdiren bidez. Beste 5 milioi euro, berriz, Europako Batzordearen partetik jaso zituen, erakunde horrek Ikerbasque ekimen txalogarritzat jo eta diruz lagundu baitzuen.
Ikerketarako arloan ez dutela diru saila gutxituko esan du Zelaak
Geroaren «funtsa» baldintzatzen duela eta, bermatu egin behar dela dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu