Ikertzaileen testigantzak: garun ihesa?

Garikoitz Goikoetxea.
2015eko maiatzaren 17a
12:33
Entzun

Ikertzaile ibilbidea osatzeko, denboraldi bat atzerrian egitera bultzatzen dituzte. Krisi betean, ez dute itzultzeko modurik ikusten askok. Garun ihesa esaten diote; joan bai, baina bueltatzen ez. Sei ikertzaileren lekukotasuna jaso du BERRIAk.

Iñaki Etxebeste: «Kontziente naiz zer kalte egongo den etxean»

Suedian da, baina lotua du itzulera. «Jaurlaritzaren doktoretza ondoko programa bat izan zen nire apustua: bi urte dira kanpoan, eta hirugarrena, erkidegoko erakunde batean». Etxera lotuko zuen plan bat nahi zuen Iñaki  Etxebestek (Arrasate, Gipuzkoa, 35 urte). Urteak daramatza kanpoan: ia hamalau. Abenduan bueltatuko da, baina ez du argi etorkizuna: «Ez dago aukera asko. Esperantza ez da handia, ez».

Basoa du ikergai: basoan kalteak eragiten dituzten intsektuak. Uppsala hirian ari da, Stockholm hiriburutik 70
bat kilometrora. «Zientziari emandako hiria da». Baldintza onak dituzte. «Oso onak. Detaile txiki asko dira: kafea
egunero, fruta ere bai, kirola egiteko aurrekontu bat dugu soldatatik kanpo, haurtzaindegia du unibertsitateak...».
Ikerketari garrantzia ematen diote Suedian. Sentsazio hori du Etxebestek. «Gizarteak aktiboki eskatzen dizkie erantzunak ikerlariei». Bere taldearen adibidea jarri du: «Guri baso-jabeak etortzen zaizkigu, batez ere enpresa
handiak, diruarekin eta ideiekin. Galdezka datoz». Euskal Herrian ez du halakorik ikusten. «Suediatik
oso-oso urrun gaude gu».

Abenduan itzuliko da, eta urtebeterako lana izango du EHUn. Eta gero, zer? «Ufa», erantzun du. «Eskaria txikia
da nire arloan. Oso kontziente naiz zer kalte egongo den etxean. Baina itzultzeko prest nago». Urteak dira atzerrian.
«Azkenean, nekatu egiten zara. Denbora asko da».

Estibaliz Capetillo: «Diru aldetik sakrifizioa egiten da bueltatzean»

Bueltatzea lortu du azkenean. «Denbora asko neraman kanpoan: nire ikerlari karrera osoa. Itzultzea izan da asmoa beti, baina ikerketa arloa nola dagoen ikusita, luzatuz joan da». Ia hamabi urte egin ditu kanpoan Estibaliz Capetillok
(Getxo, Bizkaia, 39 urte): Alemanian lau urtez aritu zen doktoretza egiten, eta ondoren, zazpi urte pasatxoan jardun
du New Yorken (Ameriketako Estatu Batuak). Ikerbasqueren beka batekin itzuli da, kanpoan ari diren euskal
ikerlariak bueltatzea helburu duen programa batekin. Ikertzen jarraitzeko aukera bermatu diote bost urterako.

Neurobiologoa da, eta alzheimerra du ikergai. «Oinarrizko ikerketa da: gaixotasunean parte hartzen duten zelulak
aztertu, manipulatu ahal izateko, horrela gaixotasuna geldiarazteko edo aurrerapena mantsotzeko». Bilbon,
neurozientziari buruzko Achucarro zentroan ari da. Ikerketaren egoera ez da bera AEBetan eta hemen. Lan baldintzak aipatu ditu: «Bueltatzen zarenean, neurri batean, egia da sakrifizioa egiten dela maila ekonomikoan». Baliabide gutxiago dago, eta horrek eragina du emaitzetan: «Produktibitatea txikiagoa da, ikertzaile kopuruagatik eta diru kopuruagatik. Azkenean, eragina du horrek».

Euskal Herrian aurrera egiten ari direla nabarmendu du, hala ere. «Proportzioan gaizki ez gaude, nahiz eta hobeto egon gintezkeen. AEBak herrialde handia dira, eta diru asko jartzen dute, bai publikoa, bai pribatua». Euskal
Herria ere «norabide onean» da, Capetilloren ustez. «Egiten ari diren apustuak egokiak dira».

Santi Perez: «Egoera honetan zaila da itzultzeaz pentsatzea»

Literatura ikertzen dihardu Santi Perezek (Bilbo, 36 urte). Literatura konparatua. «Hizkuntza eta herrialde desberdinetako literatura ikertzen dugu, eta elkarren artean konparatu. Espainiako eta Portugalgo XIX. mende amaierako literatura ari naiz ikertzen, euskal literaturarekin, katalanarekin eta galiziarrarekin lotuta». Portugalen ari da, Lisboa hiriburuan. Bost urte baino gehiago daramatza, eta beste bost urterako kontratua egin diote. Itzultzeko itxaropen handirik ez du. «Oraingoz behintzat hemen geratuko naiz».

Krisiak gehien jo duen herrialdeetako bat da Portugal. «Ez dago ondo egoera, baina zortea izan dut oraingoz».
Erabateko egonkortasunik ez du, hala ere. «Kontratua bukatzean, berriro hasi beharko dut bila. Irakasle saiatu
ahal izango nuke, edo beste beka bat eskatuz». Bueltatzea, oraingoz, ez dago Perezen planetan: «Zaila da literatura konparatuaren alorrean zerbait aurkitzea. Bekaren bat eskatzen saia naiteke, baina konplikatua da». Eskaintzaren
bat jasoko balu, pentsatuko luke. «Baldintzen arabera legoke: segurtasuna balu, bai; egoera prekarioa izatekotan, ez».

Gazte askoren kasua da. «Nik bezala joan behar izan dute gazte ikertzaile askok atzerrira: AEBetara, Alemaniara,
Erresuma Batura... Zaila da, eta are zailagoa gero bueltatzeaz pentsatzea, egoera nolakoa den ikusita». Aukera
gutxi ikusten du ezer lortzeko. «Oso-oso zail dago».

Jone Lopez: «Itzuli nahi nuke, baina ez dakit ez ote den utopia»

Baldekada ur burutik behera botatzen agertu ziren iazko udan hainbat pertsona ezagun. Kanpaina bat zen, gaixotasun bati aurre egiteko baliabideak lortzeko. Eritasun hori, alboko esklerosi amiotrofikoa, ari da ikertzen Jone Lopez (Arrasate, Gipuzkoa, 31 urte). San Diegon dago (Kalifornia, Ameriketako Estatu Batuak). Denbora luzez geratzekotan da. «Neurozientzietan nahiko lan luzeak izaten dira. Bost urtez ziur geratuko naiz». Hortik aurrera zer
egingo duen ez daki, baina ez du aukera handirik ikusten itzultzeko. «Nahi nuke, baina ez dakit ez ote den utopia».

Lan aldetik, «oso pozik» dago. «Hemen sekulako aukerak daude garatzeko». Bioteknologiako enpresak dituzte
campusean bertan. «Oso interesgarria da lankidetza». Baldintzekin ere gustura dago: soldata lantaldeak ordaintzen dio, eta osasun asegurua ere badauka —«oso garestia da»—.

Ikerketaren inguruan mugimendua sumatzen du Lopezek: «Diru asko daukan jendeak inbertitu egiten du zientzian. Jendeak garrantzia ematen dio». Ikergai duen gaixotasuna jarri du adibide: «Gaixoen elkarteek asteburuetan-eta
paseoak egiten dituzte. Guri buruzko informazioa zabaltzen dute, eta jendeak dirua ematen du».

Bost urteko egonaldia ziurra da, baina uste du jarraitu ahalko lukeela Kalifornian. «Dirua lortzeko askoz aukera
gehiago dago hemen. Horko murrizketen ondoren, argi dago». Diruak eragin handia du, Lopezen esanetan:
«Ikerkuntza globala da. Beste herrialde batean baino askoz diru gutxiagorekin lan egiten bada, ezin da lehiatu.
Espainian astebetean egin daitekeen esperimentua hemen egun batean egiten bada, argi dago ezin dela lehiatu».

AEBetako bizimoduaren zale ez da —«ez zait gustatzen gizarte hau»—, eta herriminez dago. «Eskerrak Skype badaukagun». Onartuxe du horrela jarraitu beharko duela.

Sergio Acebron: «Baliabideak lortzea zailagoa litzaidake»

Sei urte daramatza Alemanian, beste bi urterako kontratua dauka, eta han geratzea erabaki du. Sergio Acebronek (Barakaldo, Bizkaia, 34 urte) minbizia du aztergai alor horretan Alemanian dagoen zentro nagusian, Heidelberg hirian, herrialdearen hego-mendebaldean. Eusko Jaurlaritzaren beka batekin joan zen bi urterako, eta kontratu bat lortu zuen. Bi urte falta zaizkio, baina erabakia hartua du: ez da itzuliko. «Pentsatu nuen, bekaren bat eskatu ere bai, baina ez zen erabaki ona. Egoera ez da ona, eta askoz ere zailagoa litzaidake ikertzeko behar ditudan baliabideak lortzea».

Zelulen mekanismoak aztertzen ditu Acebronek; haien akatsak, eta horiek minbizian duten eragina. Alemanian
ibilbide profesionala garatzeko prestatzen ari da: «Postu independente baten bila nabil. Daukadan adinarekin uste
dut une ona dela talde independente bat sortzeko. Orain erdi-independentea naiz, eta hurrengo urratsa egin nahi
dut». Aitortu du, halere, lehia handia dutela postu horiek.

Alemanian zeresana du zientziak. Alde handia nabaritu du Acebronek: «Zientzialariek irudi ona dute hor, baina
beste lehentasun batzuk daude. Alemanian uste da sakratua dela zientzian inbertitzea, herrialdearen produkzio
motorraren zati bat baita». Bereziki kritiko agertu da Espainiako Gobernuarekin: «Ez du epe luzeko politika
zientifikorik. Ez dago zientzialarien ebaluaziorik talentuan oinarrituta». Ikerbasquek ikertzaileak kontratatzeko duen programa, aldiz, ontzat jo du: «Nongoa den begiratu gabe, ikerlari onenak nahi ditu. Hori oinarrizkoa da sistema zientifikorako. Horrela egin behar dira gauzak».

Alemaniako lan merkatuak ez du egonkortasun handirik. «Postu finko gutxiago dago. Ez dakit ona edo txarra den. Ikertzaile gazteek ez dute epe luzeko perspektibarik». Gazteen ihesa hartu du ahotan, ikertzaileek Euskal Herrira bueltatu ezina. «Nahi nuelako etorri nintzen, eta hori ez da arazo. Baina nire lankide askok itzuli nahi dute, eta ezin dute. Horixe da arazoa».

Maitane Erdozain: «Mantendu nahi dut baikortasun minimo bat»

Doktoretza ikasketak egiten ari da Maitane Erdozain (Bera, Nafarroa, 26 urte). Kanadan da azken bi urteetan, Saint John hirian, herrialdearen hegoaldean. Aldi baterako joan da. «Nire asmoa doktoretza bukatu arte gelditzea da; asmo horrekin etorri nintzen, eta asmo horrekin jarraitzen dut. Nire ametsa da behin doktoretza bukatuta Euskal Herrira bueltatu, eta nire ikerketarekin erlazioa duen lan bat aurkitzea». Egoera nola dagoen ikusita, ordea, ez du hain argi. «Badakit agian sobera eskatzea dela». Kanadan segituko du oraingoz, eta garaia heltzean ikusiko du. Airean ikusten du etorkizuna. «Nork daki zer erabakiko dudan».

Ibaiak ikertzen ari da. «Basogintzak erreken osasunean duen eragina aztertzen dut». Ez du hasiera erraza izan. «Soldata nahiko duina iruditu zitzaidan, baina behin Kanadara etorrita konturatu nintzen ez zela nahikoa lasai bizitzeko. Noizbehinka ostatu batean lan egiten hasi nintzen». Egoera arindu du orain, banku baten bekari esker.
«Sekulako lasaitasuna izan da: soldata duin bat izanen dut, eta ikerketako lagin kopuruaz ez dut hainbertze arduratu beharko».

Beste egoera bat ikusi du, ikerketak pisu handiagoa duela. «Adibidez, unibertsitatean hagitz gaztetatik hasten dira
ikerketan». Laguntzak dituzte udan ikerketa taldeetan aritzeko. «Karrera bukatzerako, sekulako esperientzia
dute, eta zuzenean hasten dira ikerketa propioarekin». Gobernuak «dirutza handia» inbertitzen du, Erdozainen
esanetan, baina mozketak iritsi dira Kanadara ere. «Boterean dagoen alderdi kontserbadoreak sekulako murrizketak egin ditu ingurumenarekin lotutako arlo guztietan».

Etxera itzuli nahiko luke. «Baikortasun minimo bat mantendu nahi dut, eta aukerak badirela pentsatu. Euskal
Herrian basogintzak duen pisua kontuan izanda, nire gaiarekin erlazioa duten lanpostuak sortzea espero dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.