ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Ikurretik galderara igarotzeko ituna

Milaka lagunek osatu dute galdera ikur itxurako mosaikoa, Gure Esku Dago dinamikak antolatuta. Ekitaldian aurkeztu dute bederatzi printzipioz eta bi konpromisoz osatutako Herritarron Ituna. Bideoa: kaleko giroa Bilbon (Lara Madinabeitia / Berria TB). [Youtube]https://youtu.be/eRy5d0eZcrA[/Youtube]

jon olano
2017ko ekainaren 10a
00:35
Entzun

"Gizartearen parte hartzea sustatu eta prozesuan parte hartzeko konpromisoa hartzen dugu. Eztabaida hori euskal erakunde eta mota guztietako eragileen esku-hartzearen bidez bideratu beharra dago, eta bururaino eramateko, hau da, erabakitzeko eskubidea egikaritzeko, tresna eraginkorrak antolatu eta herritarron esku jarri behar dira". Hala dio Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak aurkeztutako Herritarron Itunean jasotako bi konpromisoetako batek. Hala irakurri du oholtzan Angel Oiarbide dinamikako bozeramaileak, milaka lagun batu dituen mobilizazioa amaitzeko ekitaldian.

Zelai Nikolasek azaldu duenez, "lehen urratsa" da aurkeztutakoa, eta "tresna bat" izatea nahi dute, erabakitzeko eskubidea edukiz bete eta ituna topagune izateko. Eduki horien abiapuntu, bederatzi printzipio jaso ditu dinamikak itunean: besteak beste, euskal herritarrei dagokiela horien etorkizun politikoa erabakitzea, "adostasun zabalak landuz eta konfiantza esparruak eraikiz" egin nahi dutela bidea, "behetik gora" hartutako erabakien garrantzia azpimarratzen dutela eta lehentasuna ematen diela "Euskal Herriko erakundeetatik sortutako legalitateari". Berdintasun politiko, justizia sozial, ardura eta eraginkortasun printzipioak ere jaso dituzte.

Ekitaldiaren aurretik, milaka herritarrek osatu dute galdera ikur itxurako mosaikoa. 17:30erako, jendez bete dira Plaza Eliptikoa, Elkano kalea eta Euskadi plaza. Mosaikoa osatuta, hautetsontzi handi bat eraman dute plaza batetik bestera, eta hura amaierara iristean hasi da ekitaldia.

Kataluniako Gobernuak erreferendumaren data eta galdera iragarri eta biharamunean izan da Bilboko ekitaldia, eta Bartzelonan galdeketa babesteko egingo duten mobilizazioaren bezperan. Hala izanagatik, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko bozeramailea igo da Bilboko oholtzara, eta eskerrak eman dizkie bertara joandakoei: "Elkartasuna da herrien samurtasuna", esan du euskaraz. Cuixartek azpimarratu du "herri normaletan, galdetzea normala" dela: "Gizarte heldu batek askatasunean bozkatu nahi du, erabakitzeko nola eta norekin gobernatu nahi duen bere burua".

Hurrengo hitzordua hilaren 18an izango du Gure Esku Dago-k; Nafarroako 24 udalerritan egingo dituzte estatus politikoari buruzko galdeketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.