Sexu aniztasunaren eta askatasunaren aldarria ozen entzungo da gaur Euskal Herrian eta mundu osoan. Gizarteak inoiz baino gehiago onartzen ditu sexu adierazpen eta identitate askotarikoak, LGTBI kolektiboaren eskubideen alde jarduten duten eragileen arabera, eta LGTBI kolektiboak sekula baino ikusgarritasun handiagoa du gizartean. Aldiz, ikusgarriago bihurtzeak gorroto jarrerak areagotu dituela ohartarazi dute, eta erasoak handitu egin direla salatu. Era berean, garrantzia eman diote erasoen kontra gizarteak ematen duen erantzuna geroz eta indartsuagoa bihurtzen aritzeari.
EHGAMen sortzaile eta kide Imanol Alvarezen esanetan, «beti egon da gizartearen zati bat oso LGTBIfoboa izan dena, baina geroz eta sektore txikiagoa da, eta gutxiengoan sentitze horrek ekarri du agian erradikalago bilakatzea».
Xabier Sanchez Iruñeko Kattalingorri elkarteko zerbitzu koordinatzaileak azaldu duenez, elkartearen helburu nagusietako bat da LGTBI kolektiboa gizartean ikusgarria izatea, eta norabide horretan eman dituzten aurrerapausoek kolektiboaren kontrako erreakzioak eragin dituzte gizartearen sektore LGTBIfoboan. «Azkenean, hankaz gora jartzen ditugu sistema binarioa, genero sistema, heteropatriarkatua eta abar». Sexu askatasun eta aniztasunaren aldeko mezua geroz eta ulergarriagoa bihurtzen ari den aldi berean, kontrako erreakzioak ere ugaritzen ari direla deritzo Sanchezek.
EAEko Gehitu elkarteko Beatriz Gomezek nabarmendu du erasoak salatzeko erabakia hartzen dutenak geroz eta gehiago direla eta hori ere izan daitekeela azaleratzen diren erasoen gorakadaren arrazoi. Ohartarazi duenez, lan handia dago egiteko arlo horretan. «Zenbait eraso hain naturalizatuak ditugu, ez baititugu eraso gisa hartzen. Hala gertatzen da matxismoarekin ere».
Oharkabean pasatzen diren erasoak ugariak direla adierazi du Alvarezek. «Mikromatxismoa aipatzen den bezala, mikrohomofobiaz hitz egin genezake». Haren iritziz, «euskal gizarteak ez du homofoboa izan nahi, baina halako jarrerak muinean sartuta daude, eta atera egiten dira».
Mikrohomofobiari aurre egiteko, Alvarezek ezinbesteko jo du gizartea heztea. Arazoari ikastetxeetan heldu behar zaiola deritzo, baina baita gainerako sozializazio esparruetan ere; komunikabideetan, bereziki.
LGTBI komunitatearen kontrako jarrerek eraso fisikoak ere eragiten dituzte. Iruñean, hainbat eraso gaitzetsi zituzten joan den apirilean, eta Gasteizen «jarraipenak eta jipoiak» salatu zituzten ekainaren 11n.
Eraso horien aurrean, gizartearen erantzuna indartsua izan dela nabarmendu du Sanchezek. «Iruñean izan diren erasoei erantzun oso sendoa eman zaie. Aktibismoa ere oso indartsua da». Adibide gisa aipatu du Hazte Oir elkarte ultrakontserbadoreak autobusez egin zuen kanpaina transfoboari gizarteak eman zion erantzuna. «Manifestazio handia egin genuen Iruñean. Eredugarria izan dela uste dut». Ekainaren 28aren harira Kattalingorrik prestatu dituen ekintzetan ere gorakada sumatu du Sanchezek jendearen parte hartzean. «Gazte gehiago hurbildu da, eta hori oso garrantzitsua da. Gazteek protagonismoa hartzeko garaia da».
Iazko urrian, Bilboko taberna batean bi emakume elkar besarkatzeagatik kanporatu ondoren izan zen gizarte erantzuna ere azpimarratu dute eragileek.
LGTBIfobia ikastetxeetan
Sexu joera bazterketarako arrazoi nagusien artean dela jaso du Eusko Jaurlaritzak bullying-ari buruz egin duen azken azterketan. Raul Lopez Steilaseko LGTBI taldeko arduradunaren arabera, sexu identitate edo joeragatik bazterketa jasan dutenen esperientziarik gogorrenak ikastetxetan gertatzen dira sarritan. «Ikastetxeetan oraindik ere gizontasun eredu toxikoak daude indarrean, eta gazteek horiek hartzen dituzte. Batez ere, mutilek».
Lehen pausoa arazoa bera ikustea da, Lopezen iritziz, eta, alde horretatik, ezinbestekotzat jo du irakasleak formatzea. «Ez gara konturatzen suizidio tasak handiagoak direla LGTBI gazteen artean, ikasketetan porrot egiteko aukera handiagoak dituztela, edo askotan ikastetxez aldatzera behartuta ikusten dutela beren burua».
Hain justu, Nafarroan, irakasleak trebatzeko baliabideen «murrizketa basatiak» izan direla salatu du Lopezek. Aldaketa politikoak beste egoera bat ireki duela adierazi du. EAEn, berriz, «gauza interesgarriak» egin diren arren, ez da ezarri irakasle guztientzako formakuntza. Joan den astean, Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari galdegin zion hobetu dezala LGTBI kolektiboaren bazterketa eragozteko ikastetxeetako gida.