Espainiako Auzitegi Nazionala Aiaraldeko (Araba) hemeretzi euskal herritar epaitzen hasiko da bihartik aurrera, «terrorismo» delitua egotzita.Laudioko hamazazpi lagun eta Amurrioko beste bi eseriko dituzte akusatuen aulkietan. Akusazioek, denera, 88 urteko espetxe zigorra eskatu dute haien aurka. 2003an ezker abertzalea Laudioko Udaletik kanporatu izana salatu zutelako epaituko ditu Auzitegi Nazionalak.
Ibilbide luzea izan du Aiaraldeko herritarren aurkako auziak, duela bederatzi urte gertatutakoak epaituko dituztelako orain. 2003ko udal hauteskundeetan ezker abertzalea legez kanpo uztearen ondorioz milaka laudioar ordezkaritza politikorik gabe geratu zirela salatu zuten 200 herritar inguruk. Alkateak kargua hartzeko udalbatzarrean bildu ziren, Laudioko ordura arteko alkate Pablo Gorostiagari babesa eman eta Alderdien Legea salatzeko. Udalbatzarrera joan, eta eskuorriak banatuta eta txilibituekin zarata atera zuten.
PPko zinegotziek salaketa jarri zuten, euren aurkako erasoak argudiatuta. Auzia hainbat epaitegik aztertu ondoren, «terrorismo deliturik» ez zegoela ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak. Kasua, baina, ez zen hor artxibatu, Lurralde Epaitegiko fiskalak jarritako helegite baten ondorioz, Auzitegi Nazionalak epaitu behar zuela ebatzi zuelako Gorenak.
«Mehatxatzea, bortxa erabiltzea, lesioak eragitea eta herriko bake publikoa haustea» egotzita, 57 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak hemeretzi akusatuentzat, hau da, hiruna urteko kartzela zigorra. Akusazio partikularrak 76 urtetik gorako kartzela zigorra galdegin du: urtebetekoa hiru lagunentzat eta bost eta sei urte artekoa gainontzekoentzat.
Elkartasun zabala
Epaiketaren berri izan zutenetik, banakoen eta gizarte eragile ugariren babesa jaso dute auzipetuek. Besteak beste, sare sozialetan haien aldeko atxikimendu kanpaina bat jarri dute martxan, eta epaiketako gastu ekonomikoei aurre egiteko asmoz, dirua bildu dute bonu laguntzen bidez.
Azken asteotan auziaren aurkako salaketa zabaltzeko lana ere egin dute. Hala, auzipetuen ordezkaritza bat Iñigo Lamarca EAEko arartekoarekin batzartu zen hilaren hasieran. Bilera horretan, Fiskaltza zein akusazio partikularrak aurkeztutako salaketak eta bideoa eman zizkioten arartekoari. Dokumentazioa aztertzeko konpromisoa agertu zien hark.
Laudioko gobernu taldeak ere elkartasuna adierazi die auzipetuei. Auziak «bultzada politikoa» duela eta zigor eskaera «erabat neurrigabea» dela salatu du Natxo Urkixo alkateak. Ezker abertzaleak, berriz, ohar batean, salatu du eskubide zibil eta politikoen defentsa «kriminalizatu» nahi dutela epaiketarekin eta auzia «mendekuan» oinarritutadagoela. Horrez gain, babesa agertu die auzipetuei eta haien senideei.
Atzo, Elkartasun Eguna
Atzo bertan, Aiaraldeko hemeretzi auzipetuek ehunkaherritarren babesa jaso zuten Laudion,Eleak mugimenduak antolatutako Elkartasun Egunean. Eguerdian, argazki jendetsua egin zuten herriko plazan, eta, ondoren, herri bazkaria izan zen Aretako Kultur Etxean. Arratsaldean, eskubide zibil eta politikoen aldeko manifestazioa egin zuten herriko kaleetan.
Ilegalizazioa salatzeagatik, auzitara
Aiaraldeko hemeretzi herritar epaituko dituzte bihar Auzitegi Nazionalean, 2003ko protesta batengatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu