Euskadiko Immigraziorako lehen Itun Soziala izango denaren oinarriak garatzen ari da Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila. Akordio handiaren asmoa da Euskadiri erreferentzia esparru bat ematea, bertan gizarte maila guztiak bultzatzea, mobilizatzea, parte hartzea eta konfiantza giroa sortzea. Hori lortzeko, immigrazioaren arloko adituen batzorde bat sortuko da. Akordioa urrian onartuko da, eta hedabideei garrantzi berezia emango die xenofobiaren aurkako lanean.
Gemma Zabaleta sailburuak adierazi duenez, herritar guztien integrazioa eta elkarbizitza bideratzeko gizarte aldaketa prozesu bati hasiera eman nahi dio Eusko Jaurlaritzak. «Horrelako itun bat sortzea inoiz baino garrantzitsuagoa da, gaur egun, politika publikoek immigrazioaren inguruan hainbat alderdi kontuan hartu behar dituztelako: hala nola, harrera, gizarteratzea, elkarbizitza, aniztasuna, eta lan eta gizarte eskubideen berdintasuna»; hala azaldu du.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ia 145.000 etorkin bizi direla gogorarazi du sailburuak. Biztanle guztien %6,6 dira; horien artean, %51,4 dira gizonak, eta %48,6, emakumeak. «Etorkinek EAEko biztanle kopuruari eusten laguntzen dute, eta enplegu ahalmena ere handiagotzen».
Bestalde, hedabideak erregulazio kode bat erabili beharko dutela nabarmendu du Zabaletak. «Hedabideek ezin dute xenofobia eta arrazakeria jarrerarik izan, eta batere inozoak ez diren eta aurreiritziak iraunarazten laguntzen duten esaera errotuluekin amaitu behar dute».
Atzerritar kide gehiago
Uztailean 80.049 atzerritar kide erregistratu dira Gizarte Segurantzan Hego Euskal Herrian. Joan zen urteko uztailarekin alderatuz, kopuruak %2,62 egin du gora EAEn, eta, aurtengo ekainarekin konparatuta %0,78 igo da; hala ere, Araban behera egin du kideen kopuruak. Nafarroan ere %2,53 jaitsi da, aurreko urtearekin alderatuz.
Immigraziorako itun sozial handi bat abian jarriko du urrian Eusko Jaurlaritzak
Bertan euskal gizarte osoak parte hartzea nahi du; hedabideek zeresan handia izango dutela espero du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu