IMQ kliniketako langileek elkarretaratzea egin dute gaur, joan den larunbatean zendutako langilea omentzeko. Bilboko Zorrotzaurreko ospitalean egiten zuen lan langile zenduak, eta Gurutzetako erietxean hil zen. Elkarretaratzea baliatu dute bi kliniketan lan egiten duten langile guztiei testak berehala egitea eskatzeko eta segurtasunez lan egiteko beharrezkoak diren ekipamendu eta prebentzio neurri guztiak hartzeko eskatzeko ere. Langile guztientzako neurriak eskatu dituzte elkarretaratzean, bai bertako langileentzat, bai azpikontratetako langileentzat.
Prentsari egindako adierazpenetan, Ander Akarregi ELAko eledunak argi erran du enpresaren «eginbeharra» dela langileak babesteko neurri guztiak hartzea. Era berean, adierazi du ezinbertzekoa dela langile guztiei probak egitea, positibo ematen dutenak bakandu ditzaten eta horiek bertze langile batzuk kutsatu ez ditzaten. Eta salatu du egungo babes neurriak «ez direla nahikoak».
Akarregik gogorarazi du, gainera, Osakidetzatik eratorritako paziente kutsatuak artatzeko solairuak prestatu dituztela, baina langileei oraindik ere ez dietela egin probarik.
Zorrotzaurreko IMQko langileek dolumina helarazi diote hildako langilearen sendiari, gertukoei eta lankideei. Barakaldoko Udalak, berriz, herritarrak deitu ditu hildako langilea omentzeko egingo den txalo zaparradan parte hartzera, 20:00etan izango baita.