Zortzigarren saioa izan da gaurkoa Altsasuko auziaren epaiketan, eta aretoan hainbat bideo eman dituzte, tartean, Iñaki Abadek istiluak gertatu zirenean grabatu zuena. Froga gisa onartua du epaimahaiak. Prentsaren aurrean sarjentuaren aurpegia pixelatuta zegoela eman dute bideoa. Garbi ikusi da sarjentuak alkondara txuri bat zeramala eta osorik eta garbi zeramala istiluen ondoren, eta ez hautsita eta odolez zikinduta. Bideoan Abad bera, Ainara Urkijo eta Jon Ander Cob ikus daitezke. Guardia Zibilaren sarjentua euren ondotik pasatzen da, eta ez ditu ezagutzen, ez ditu identifikatzen foruzainen aurrean. Ikusten da, ordea, Abadek deklaratu zuen bezala, sarjentuak eskuarekin jo zuela eta sakelako telefonoa lurrera bota ziola. Bideoa: Iñaki Abaden bideoa, epaitegiko pantaila batean.
Gainerakoan, gaurko saioan psikologoek deklaratu dute. Tenientearen bikotekide Maria Jose Naranjoren osasun egoera izan dute hizpide. Psikologoen arabera, trauma osteko estresa eragin diote urriaren 15eko zein ondorengo gertaerek. Psikologoaren arabera, komenigarria da epaiketa amaitzea, Naranjoren egoera onbideratzeko. Euren arabera, tratamenduari ondo erantzun dio, baina berriro, gertaerekin erlazionatutako elementuetara eta oroitzepenetara heltzean, sintomak agertzen dira.
Ondoren, Oihan Arnanzen abokatuak deituta, bi medikuk deklaratu dute. Euren arabera, bi guardia zibilek zein euren bikotekideek egindako kontakizunarekin "ez datoz bat" euren lesioak. Maria Jose Naranjok guardia zibilen aurrean deklaratu zuen jendetza batek "lintxatu" zituela, odola isuriz eta indarkeria handiarekin. Medikuen arabera, istorio hori ez da bateragarri ondoren, hiru astera, egindako azterketa medikuko datuekin: "Lesio larriagoak izatea espero beharko genuke. Medikuen azterketek ez dute ezer erregistratu. Ez dago ezer".
Epaiketan, auzitegi medikuek azpimarratu dute tenientearen orkatila hautsi zela "energia handiko kolpe baten ondorioz". Gaur, medikuek azpimarratu dute medikuntzako literatutari zein esperientzia pertsonalari erreparatuta, C mailako haustura batean ohikoena dela "zeharkako mekanismo" batek eragitea; hots, ligamentuak tolestu eta ondoren hezurrak haustea. "Ohiko bihurdura bat erorketarekin", laburbildu dute. Medikuen arabera, zuzeneko kolpe batek baino urrats txar batek edo oinkada batek eragin dezake.
Tenientearen kontakizuna irakurrita, medikuek uste dute bere bi lesioak (orkatila eta ezpaineko zauri txikia) "erasotzaile bakar baten" ondorioz izan direla. Baztertu egin dute jendetza batek eraso izana: "Gehiago izan balira, ubeldura eta zauri gehiago leudeke".
Ondorio berera heldu dira Pilar Perezen azterketa medikoa irakurri ostean. Ubeldura bakar bat zuen azaroaren erdialdera aztertu zutenean. "Ez da bateragarri jendetzak eragindako eraso batekin". Kasu horietan, ubeldura gehiago eta intentsitate handiagokoak agertuko lirateke, euren arabera. Perezek data zehatzik gabeko argazki batzuk aurkeztu ditu epaiketan, baina ezein medikuk ez du egiaztatu noizkoak diren. Bertan hiru ubeldura ageri dira. Medikuen arabera, hala izanik ere, ez lirateke jende askok emandako kolpeen ondorioz.
EH Bildu, Ahal Dugu eta ERCren babesa
Atzoko moduan, gaur ere elkartasun mezuak izan dira nagusi epaitegiaren kanpoaldean. Bertan izan dira ERCko diputatu Jordi Salvador, EH Bilduko Oskar Matute eta Ahal Dugu-ko Eduardo Santos. Hirurek salatu dute lekuz kanpo dagoela terrorismoaren delitua Altsasuko gazteen aurkako epaiketan, eta "justizia" beharra azpimarratu dute. Espainiako Estatuak hartu duen "autoritarismorako joeraren ondorio" da auzi hau. "Mendeku politikan oinarritutako auzia" dela salatu du Matutek, eta Santosek salatu du gazteek ez luketela Auzitegi Nazionalean egon behar.