Iñaki Bengoa Blanki Bilboko presoa absolbitu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak; Indautxu auzoko bizilaguna atzo atera zen Alcala Mecoko espetxetik (Madril, Espainia), urte eta erdi espetxean igaro ondoren. Bengoa otsailaren 28an epaitu zuten Madrilen, 2002an Bilboko Buia auzoan gertatu zen kale eraso batean parte hartu zuelakoan; autobus bat erre izana egotzi zioten. Hori dela eta, Ertzaintzak 2010eko azaroan atxilotu zuen Bengoa. Haren kontrako DNA probak zituztela argudiatu zuen orduan Ertzaintzak. Fiskalak hamar urte eta bederatzi hilabeteko zigorra eskatu zuen. Baina epailearen iritzian, ez dago nahikoa froga Bengoa zigortzeko. Kale eraso bera leporatuta, Aitor Fernandez eta Unai eta Naiara Mallabia anai-arrebak ere atxilotu zituzten 2005ean. Hirurak kalean dira, zigorra beteta.
Lehengo asteko epaiketaren aurretik, Bengoaren auzokideek ekitaldi ugari egin zituzten hura aska zezatela eskatzeko. Epaiketaren egunean ere herritar ugari joan ziren Madrilera Bengoari babesa ematera.
Aldanaren eskaera onartu dute
Iñaki Aldana euskal presoaren zigorraren beste kitapen bat egiteko agindu dio Espainiako Auzitegi Gorenak Espainiako Auzitegi Nazionalari. Aldanak helegite bat jarri zuen Auzitegi Gorenean, Auzitegi Nazionalak ukatu egin ziolako 1984tik 1998ra atxiloaldi prebentiboan egon zen egun kopurua batzea. 2.000 egun baino gehiago igaro zituen preso egoera horretan. Auzitegiak, hala ere, lehen atxiloaldiko lehen zortzi egunak soilik hartu zituen kontuan.
Gorenak onartu egin du Aldanaren eskaera, eta Auzitegi Konstituzionalaren 2008ko interpretazioa betearaziko dio Auzitegi Nazionalari. Konstituzionalaren arabera, beste delitu batengatik jada preso dagoen pertsona bati beste auzibide bat irekitzen zaionean, bigarren auzian badaezpadako atxiloaldian igaro duen denbora ere kontuan hartu behar da zigorraren kitapen osoa egiterakoan.
Iñaki Bengoa absolbitu egin dute espetxean urte eta erdi igaro ondoren
Bilbotarra otsailaren 28an epaitu zuten, 2002an autobus bat erre zuelakoan; epaileak aske utzi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu