Errezilen (Gipuzkoa) jaio zen Iñaki Beristain, 1947an. Frantziskotarra zen, eta Arantzazun egin du joan den mende erdia, 1967tik. Arantzazuko ikurretako bat izan da; besteak beste, santutegiko bozeramaile aritu da urteotan, eta Arantzazu aldizkariaren zuzendari. Hedabideetan ere urte luzez aritu da Beristain: ETBko Egi bidean saioaren arduradun izan da 1988tik, adibidez.
Euskaltzaletasuna izan du ezaugarri Beristainek. Gazte-gaztetatik aritu izan da euskarazko sorkuntzan. Erriberrin (Nafarroa) zela, Gure izarra aldizkarian aritu zen —zuzendari izan zen 1965ean—, eta ondoren Jakin aldizkarian ere jardun zuen Arantzazun. Orain urtebete eskas argitaratu zuen azken liburua: Nikolas Segurola. Fraide, artzain eta bertsolari, Xabier Euzkitzerekin eta Eduardo Urarterekin batera. 1968an euskara batuari buruzko biltzarra egin zutenean, han zen Beristain Arantzazun.
Minbiziak jota hil da, 70 urterekin. Haren aldeko hileta elizkizuna bihar izango da, Arantzazuko santutegian bertan, 17:00etan.