Iñaki Gracia ETAko buruzagi ohia aske uztearen kontra azaldu da Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza, ihes egiteko arriskua ikusten duelako. Horregatik, Jesus Alonso fiskalak helegitea jarri du, Santiago Pedraz epaileak hartutako erabakia «logika arauen» eta «legearen kontrakoa» dela adieraziz, eta Gracia «behin-behinekoz eta berehala» zaintzeko eskatu du.
Fiskalaren esanetan, «ezin daiteke ahaztu» Auzitegi Nazionalak eskatuta atxilotu zutela Gracia, maiatzaren 25ean, «etxetik alde eginda eta bere ondasunekin Frantziako muga zeharkatzen ari zela». Eta, gainera, fiskalak jarritako errekurtsoak dio akusatuak «ihes egitea» eta «Justizia saihestea» galarazteko atxilotu zutela.
Pedrazek bere autoan dio, berriz, ihes egiteko arriskua «gutxituta» dagoela, eta 2010eko apirilaren 28an espetxetik irten zenean «atzerrira ihes egiteko aukera» izan zuela baina Errenterian jarri zela bizitzen.
Kaligrafia proba
Kaligrafia proba bat egiteko eskatu dio fiskalak Poliziari, Frantzian atzemandako dokumentu batzuetan agertzen zen Gorostidi ezizena Graciarena ote den jakiteko, eta Jose Antonio Ortega Lararen bahiketaren buru Gracia zela frogatzeko.
Bitartean, astero auzitegian aurkeztu beharko du Graciak, eta pasaportea kendu dio Pedrazek.
Iñaki Gracia aske uztearen aurkako helegitea jarri du fiskalak
«Berehala» zaintzeko eskatu du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, ihes egiteko arriskua dagoela uste duelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu