Duela aste batzuk, galdeketaren antolatzaile taldeak sei behatzaileren izenak eman zituen: Maider Goñi Etxarri Aranazko alkate ohia, Araceli Markotegi abokatu laboralista erretiratua —hura ere etxarri aranaztarra—, Mario Zubiaga EHUko Zientzia Politikoetako doktorea, Anna Arque Kataluniako kontsultaren aldeko koordinakundeko kidea, Josep Manel Ximenis Arenys de Munteko galdeketaren sustatzaileetako eta hango alkate ohia, eta Tatjana Zdanoka Letoniako europarlamentariarena. Orain jakinarazi dute Inaki Irazabalbeitia (Aralar) eta Jan Van Esbroeck Belgikako Parlamentu Federaleko diputatua (NVA) ere ariko direla lan horietan.
Antolatzaileen arabera, botoa aurretik emateko prozesua "erritmo onean" doa.
Iganderako egitarau zabala prestatua dute. "Demokraziaren festa izango da".
Independentistak sareak Bai bozkatzera animatu ditu Etxarri Aranazko herritarrak. "Gure hitza adierazteko ekinbide honek, oraindik maila handi baten ikustezina den independentismoaren indarra agertzeko aukera ezinhobea eskaintzen digu".