ETAk 2008ko abenduaren 3an hil zuen Inaxio Uria enpresaria, eta hura oroitu dute gaur ehunka pertsonak Azpeitian, hilketaren laugarren urteurrenean. 13:00etan elkartu dira Loiolan, ordu laurdenez, Uria zena oroitzeko jarritako oroitarrian. Alderdi politikoetako eta hainbat erakunde publikotako ordezkariak izan dira omenaldian; besteak beste, bertan izan dira Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Lohitzune Txarola, Eusko Jaurlaritzako jarduneko bozeramaile Idoia Mendia, EAJko Gipuzkoako batzarkide Markel Olano, EH Bilduko legebiltzarkide Pello Urizar, PPko Donostiako zinegotzi Ramon Gomez eta PSEko legebiltzarkide Rodolfo Ares.
Alderdi politikoei eskari bat egin diete senideek: ezker abertzaleari galdegin diezaiotela ETAren indarkeria gaitzesteko. Senideek adierazi dute ETAk bere jardun armatua behin betiko utzi badu ere oraindik ez direla baldintzak eman "zauriak ixteko".
Uria zenaren familiakoen esanetan, ez dute balio "nahigabetasun sentimenduek" eta eragindako oinazearen aitortzak, "hiltzaileak zigortzen badituzte". Gaineratu dute "hilketa oro gaitzetsi" egin behar dela, eta galdetu dute: "Zer nahigabe senti daiteke, gertatu izana justifikatzen den zerbaitengatik?".