Inazio Uria enpresaburua gogora ekarriko dute gaur Azpeitian, haren familiak deitutako elkarretaratzean. Uria gaur hiru urte hil zuen ETAk, Azpeitiko Loiola auzoan egindako atentatu batean, eta ETAk atentatua egin zuen leku berean deitu dute elkarretaratzera herriko enpresaburu ezagunaren familiakoek, aurreko urteurrenetan egin bezala. 13:00etan izango da, haren omenez eginiko monolitoaren aurrean, eta hamabost minutuko elkarretaratze isila izango da.
Deialdiarekin hedabideetara igorritako mezuan, Uriaren familiakoek ohartarazi dute ez dutela beren alboan nahi «atentatu terroristak letra larriz gaitzesten ez dituztenak». Adierazpen horrekin, ezker abertzaleko ordezkariak aipatu nahi izan ditu Uria familiak. Izan ere, ETAk hildako enpresaburuaren familiarentzat «ez da nahikoa indarkeria errefusatzea; gaitzespenarekin batera joan behar du errefusak», familiaren arabera «ezker abertzaleak sekula egin ez duena». Areago ere jo dute prentsa oharrean, bertan baitiote ezker abertzaleari ez zaiola «gizatasunik» ageri.
Prentsa oharrean, Inazio Uria gogoratzeaz gain, ekitaldian «ETAren atentatu bakoitza eta guztien gaitzespena aldarrikatzeko» ere izango dela argitu dute enpresaburu azpeitiarraren senideek.
Uriaren familiak onartu du «aro berri bat» hasi dela, baina ohartarazi du bakea ez dela lortzen «amore emanez eta herri honek dituen terrore eta samina ahaztuz».
Horregatik, esan dute ez dutela behar «gupidarik eta barkamen eskaerarik», baizik eta «kondena, justizia eta errespetua» behar dutela.
Inazio Uria gogoratuko dute gaur, ETAk orain hiru urte hil zuen tokian
Familiak dio ez dutela behar «gupidarik, ezta barkamen eskaerarik ere», «justizia, kondena eta errespetua» baizik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu