Jose Luis Mendoza. Zabaltzen-eko kidea

«Indar abertzaleak metatzea oker estrategikoa da Nafarroan»

Aralarrek batzarra eginen du gaur, azaroko hauteskundeetara Bildurekin aurkezteko proposamena aztertzeko. Proposamen horrek kolokan utzi du NaBai. Koalizioko independenteek Zabaltzen osatu berri dute, beren parte hartzea indartzeko.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Burlata
2011ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Zabaltzen osatu dute NaBaiko independenteek. Haien oinarriak jasotzen dituen agiri bat onartu dute elkarteko kideek: Nafarroa subjektu politikoa dela aldarrikatu, eta giza eskubide ororen aldeko apustua berretsi dute, bertzeak bertze. Ostegunean egin zuten batzarra elkarte berriko kideek, eta, amaitu eta gero, Jose Luis Mendoza mintzatu zitzaigun Zabaltzeni eta egungo egoera politikoari buruz.

Batzarrean, azpimarratu duzue Zabaltzen ez dela alderdia, elkartea baizik.

Bi alde ditu. Barrurako, gure asmoa zen independenteen parte hartzea bideratzeko tresna eskaintzea. Baina, aldi berean, bozen aurrean, badu bere zeregina. Hainbat aldiz eskatu diegu alderdiei parte hartze zuzenagoa izatea. Uste dugu posible dela beste eredu politiko bat abian jartzea. Eta hau da gure proposamena.

Erran duzue alderdi ez baina eragile politiko bazaretela.

Bai. Guk nahi dugu eragile, subjektu izan, Nafarroa Bairen barruan parte hartzeko. Gu prest gaude koalizioa berriz ere eratzeko, Aralarrekin eta EAJrekin, bai eta EArekin, Batzarrerekin eta ezker abertzale ofizialarekin ere, baina beti oinarri gisa NaBai proiektuaren hasieratik finkatutako norabideak kontuan hartuta. Hori onartuz gero abiapuntu gisa, edozeinekin hitz egiteko prest gaude. Ondorioz, Bildurekin ere bai. Baina, horretarako, lehenik Bilduk guri proposamena egin beharko liguke. Ez dio egin NaBairi, ezta guri ere, Zabaltzen ordezkatzen dugun independenteoi. Eta hitz egiteko prest gaude. Kontua da konfiantza falta izugarria dugula.

Zergatik duzue, bada, konfiantza falta hori?

Gertatu dena ezin dugu ahaztu egun batetik bestera. Jaso ditugu mehatxuak, jaso ditugu irainak. Eguneroko lanean, Iruñeko Udalean, adibidez, posible da proiektu jakin batzuetan elkarrekin aritzea. Hori da abiapuntu bat, gero konfiantza izateko batek bestearekin. Bitartean, nik uste dut taktikoki oso ona izan dela, arrakasta handia izan dugula maiatzean bi koaliziorekin aurkeztuta. Guk argi esaten dugu gure tokia Madrilen talde mistoa dela. Uste baitugu Nafarroak trataera berezia behar duela.

NaBai ezinbertzekotzat jotzen duzue Zabaltzenen.

Bai. Izan dira arazoak parte hartze zuzena izateko. Asmatu behar dugu gauzak beste modu batera egiten, nire ustez. Baina NaBai ezinbertzekoa dela uste dugu Zabaltzenen.

NaBai kolokan da, ordea, Aralarrek zer erabakiko zain.

Koalizioa izateak erran nahi du ezkontza ez dela betiko, epe mugatua duela eta berretsi behar dituzula amodioak eta amodio horien adierazpenak. Guk aipatu ditugun puntuak betikoak dira. Horrek erran nahi du printzipioz Aralarrek, EAJk, Batzarrek eta EAk bat egin dezaketela puntu horiekin. Horrek ez du erran nahi, ordea, etorri behar dutenik guregana. Baina erran nahi dut ideologikoki arazorik ez dela gure barruan egon direnek parte har dezaten. Etorri, eseriko gara, proiektu bat definitzeko, baina, gure ustez, oinarri horiekin.

Ideologikoki arazorik ez bada, zein da oztopoa?

Nafarroa, eremu abertzalean, beti izan da ama baten gisakoa. Aldare batean egon da, baina urrun, ez molestatzeko. Beti izan gara eranskin bat euskal politikan, eta beti erabili gaituzte, batzuek eta besteek. Uste dugu berez eta estrategikoki Nafarroak subjektu politikoa behar duela izan. Gai izan behar dugu proiektu aurrerakoi eta ezkertiarra izateko; agian, abertzale izan gabe. Noski, onartzen ez ditugunak dira abertzaleen kontrakoak. Bai eta ezkertiarren kontrakoak ere. Baina badaude hainbat esparru eroso sentitu ahal izateko.

Prest zarete hitz egiteko. Zer aukera dago mahai gainean?

Abiapuntua hitz egitea da. Bilduk indar abertzaleak metatzea nahi du; hori da haren proiektua. Nire ustez, zilegi da hori, baina politikoki okerra da, behintzat Nafarroan.

Zergatik?

Oker estrategikoa da. Azken 35 urteotan zokoratuta egon gara, ghetto batean. Aztertzen baditugu hauteskundeen emaitzak, gehienez jota heren bat gara, baina heren bat ghetto batean betiko izanen da heren bat edo gutxiago. Asmatu behar dugu proiektu bat heren horrentzako tokia izanen duena, bai eta beste hainbatentzat tokia izanen duena ere. Nola? Proiektu eraginkor batekin. Ez engainatzeko, baizik eta engaiatzeko. Berezkotzat hartzeko, eta ez hartzeko abertzaleen proiektutzat bakarrik. Horregatik sartu nintzen ni proiektu honetan. Talde asotarikoa gara. Akaso oraingoz badira bi esparru abertzaleok parte hartzeko; nik uste dut hori egiaztapen bat dela. Hemendik aurrera posible bada eguneroko gauzetan hurbiltzea eta adostea, ongi. Baina ematen du datozen hauteskundeei begira bi proiektu ezberdin badirela. Zein da hobea eta zein txarragoa? Hori erabakitzea hautesleen esku dago.

Aralarrek NaBai uzten badu, zer eginen duzue?

Aukera hori hor dago. Arazoa Aralarren barruan konpondu behar dute. Ez dakit Aralarren zenbatek nahiko duten Bildurekin joan eta zenbatek NaBairekin. Hori zaila da konpontzea. Baina uste dut posible dela, posible dela Aralarren barnean esatea adostuko dutela. Kontua ez da independenteok ordezkatzen dugula NaBairen muina eta alderdiak direla baztergarriak. Kontua da moldaketa bat behar dela abertzaleen munduan. Gure barruan ere, independenteen taldetik, zenbaitek alde egin dute pentsatuz indarrak metatu egin behar zirela. Politikoki defendagarria dela uste dut, baina, nire ustez, guk beste proiektu bat ordezkatzen dugu, besterik gabe. Behar dugu orain arte izan ez dugun normaltasuna, sarritan erasanda sentitu baikara eta besteak orain arte legez kanpo egon baitira, haien eskubideak ukatuta. Normala ez den egoera batean, normala da normalak ez diren gauzak gertatzea. Jakin behar dugu elkarri barkamena eskatzen. Hori da oinarrizkoa. Lehenbizi, elkarrekin aritzea lanean, nor bere esparruan; gero, tolerantzia behar dugu; eta, hirugarrenik, elkarbizitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.