Indarkeria errefusatuko duen antolakunde bat eskatu dute HBko kide historikoek

«Soilik bake bideekin eta jarduera politikoekin» konprometituta dagoen proiektu politiko baten alde egin dute

joxerra senar
Altsasu
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
1977an Altsasuko Mahaia osatzeko parte hartu zuten ezker abertzaleko militante historikoek, egungo fase politiko berria dela eta, agiri bat kaleratu dute, eta bertan gogoeta egiten dute, duela 33 urte bezala ezkerreko sektore abertzalea bateratuko duen proiektu politiko berri bat gauzatzeko beharraz. Euren ustez, proiektu horrek «subiranotasun osoa eta sozialismoa» izan behar ditu helburu estrategikotzat, eta bakean zein eskubide ororen errespetuan oinarriturik egon behar du: «Beraz, soilik bake bideekin eta jarduera politikoekin konprometituta dagoena, helburu politikoak eskuratzeko bortxakeriaren erabilera errefusatuko duena, bai bere baitan bai besteenean».

Telesforo Monzonen ekimenez, 1977ko urriaren 24n, Altsasuko Mahaia izeneko koalizioa hitzartu zuten bost alderdik: HASI Herri Alderdi Sozialista Iraultzailea, LAIA Langile Abertzaleen Iraultzarako Alderdia, ESB Euskal Sozialista Biltzarra, EAE-ANV Eusko Abertzale Ekintza eta EIE. «Altsasuko Mahaia izan zen frankismoaren zutabe ekonomiko eta politikoari jarraipen eman nahirik asmatu zituzten erreformei aurre egiteko indar abertzaleak eta ezkertiarrak batzeko lehen saioa». Hala deskribatu zuen atzo HASIko Karmelo Etxeberriak.EIEk gerora koalizioa utzi zuen, eta Euskadiko Ezkerrarekin bat egin zuen. Denborarekin beste lau alderdiek osatutako Altsasuko Mahaiak Herri Batasuna izena hartu zuen.

Militante historikoak

33 urte geroago, mahai hura osatzen parte hartu zuten lau alderdietako militante historikoak, Altsasun, ziklo berri batean atarian beste proiektu politiko bateratu baten beharra irudikatu nahi izan zuten atzo. Euskaraz irakurri zuen LAIAko Arantza Arrutik agiria, eta gazteleraz Txomin Ziluagak.

Haiekin batera mahaian ziren ANVko Alberto Muñoz, LAIAko Marije Ostolaza eta HASIko Izaskun Larreategi. Agiria sinatu dute, era berean, Simon Loiola, Rosa Goenaga, Patxi Goenaga, Markel Arizmendi, Ismael Gomez, Juan Antonio Oliver, Iñaki Martinez, Koldo Leon, Dodeka Salegi, Jose Luis Alvarez Enparantza TXILLARDEGI, Patxi Biskert eta Patxi Lanzibarrek. Horietako batzuk ezin izan ziren atzo Altsasun egon.

Etxebarriaren arabera, 33. urteurrena «sekulako aukera» da orduko izaeraz hausnartzeko eta batez ere egungo garai berriei begira «zer tresna politiko» erabili behar diren argitzeko. «Azken batean, independentzia eta sozialismoa helburu dituen proiektu politiko berria gorpuztu eta gauzatzea dagokigu gaur egun», azaldu du. Agirian aipatzen duten legez, «horretan datza datozen denbora politikoetako erronka politikoa».

«Garai garrantzitsua zen»

Gaur egungoaren modura, Franco hil ondorengo lehen urteak «garai garrantzitsuak» izan ziren. Militanteon arabera, testuinguru hartan erregimen frankistarekiko haustura demokratikoa bideratu beharrean, frankismoaren inguruko sektoreek diktaduraren erreforma bultzatu zuten, «sozialdemokraziaren, euro komunisten eta abertzale autonomisten lankidetzarekin, eta betiere Armadaren zaintzapean».

Testuinguru hartan, alderdi politikoek legeztatuak izateko baldintzatzat «independentziaren aldeko hautua» baztertzen zutela adierazi behar izan zuten. «Egoera horretan, indar politiko gehienak epe laburreko legalitatearen bila abiatu ziren bitartean, ezker abertzaleko erakundeek beste bide bati ekin zioten, lehentasuna sigla batzuen legeztatzean jarri beharrean, Euskal Herriaren askapen nazionale-rako eta sozialismorako laneta borroka luzearen legitimazioa bilatuz», arrazoitu dute agirian.

Hala, aliantza zabal hori egituratzeko lehen saioa izan zen Altsasuko Mahaia. «Izaera taktikoa eta estrategikoa» zituen, eta «subiranotasunaren aldeko indarrak» batzen zituen.

33 urte geroago testuinguru politikoa bestelakoa da. Hala ere, militante historikook konbentziturik daude «herriaren kontzientzia kolektiboa indartu» egin dela, «gobernu zentralaren delegazio bilakatu diren autonomisten kaltean». Era berean, euskal izaera zein erabakitzeko eskubidea ukatzen dituen lurralde antolaketa etorkizunik ez duela iritzi diote. Alde horretatik, «ezinbestekotzat» jotzen dute irizpide horiek dituzten sektoreek -«abertzale ezkertiarrak, independentistak eta sozialistak»- indarrak metatzea eta konpromisoak indartzea. «Euskal Herrira benetako aldaketa ekarriko duen fasea bultzatu behar dugu».

Proiektu baten beharra

Duela 33 urte Altsasuko Mahaia osatu zen bezala, gaur egungo jokalekuan, aliantzak egituratuko dituen proiektu politiko baten beharra aldarrikatzen dute. Haien ustez, proiektu horrek «subiranotasun osoa eta sozialismoa» erreferentzia estrategikotzat eduki behar lituzke. «Erakunde zein gizarte arloan gure aldeko indar harremanak eta metaketak indartuko dituen prozesuan, alboraezinak diren proposamen taktikoekin osatu behar da».

Era berean, militanteon arabera, bake jokaleku batekin eta eskubide ororen errespetuarekin konprometituta egon behar du proiektuak eta gatazkari irtenbide demokratikoa emango dion prozesuan esku hartu behar du. Prozesu horren helburu izan behar luke «elkarrizketa eta negoziazio uztartuz kartzelak hustu eta eskubide pertsonal zein kolektiboak bermatuko dituen egoera ekartzea». Prozesu hori lortzeko ekinbide politikoak «konbentzimendua, atxikimendu demokratikoa eta herritarren mobilizazioa» izan behar direla deritzote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.