Indarkeria matxista arazo larria da %82rentzat, baina mitoek indarra dute oraindik

Bortizkeria molde sotilagoak antzematea zailagoa dela berretsi du Eusko Jaurlaritzaren azterlan batek

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko kontzientzia handiagoa dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, baina bortizkeria horren izaera matxista ez dago hain barneratuta. Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimak Laguntzeko Zuzendaritzak egindako azterlan baten arabera, indarkeria matxista «oso arazo larritzat» dute biztanleen %82k, baina hari buruzko mitoek indartsu jarraitzen dute: %51k uste dute alkohol eta droga kontsumoa dagoela eraso gehienen atzetik; ia %48k, erasotzaileek arazo psikologikoak dituztela; %47k,erasoak estres handiko uneetan edo kontrola galtzean gertatzen direla; %28k, salaketa faltsu asko dagoela; eta %22k, batzuetan emakumeek eurek eragiten dituztela erasoak.

16 urtetik gorako 2.600 laguni —1.340 emakume eta 1.260 gizon— egindako inkestan oinarritu dira azterlana egiteko, Mariola Serrano zuzendaritzako arduradunak atzo Bilbon azaldu zuenez: «Salaketetatik kanpo, genero indarkeriaren inguruko errealitatera hurbildu nahi izan dugu».

Emaitzetan ikusten da emakumeentzat auzi larriagoa dela, baina lau gizonetik hiruk ere «lehen mailako arazotzat» dute indarkeria matxista, batik bat bikotekidea dutenek edo ezkerreko ideologiekin identifikatzen direnek. «Orain gutxira arte ezkutuan egon den errealitate baten jakitun direla azaleratzen dute datuek», esan du Serranok. Emakumeen eta gizonen arteko egungo berdintasun maila ezartzean ere kritikoago agertzen dira andreak: zerotik hamarrera, bost puntu ematen diote, eta gizonek, sei.

Indarkeria kasu bati erantzuterakoan, ordea, galdetutakoen %7,8k adierazi dute ez luketela ezer egingo bortxaketa baten aurrean, ezta %11,9k auzoko bikote baten eztabaida beroak eta kolpeak entzutean ere. Batzuek beldurra argudiatu dute; beste batzuek, zer egin ez luketela jakingo, eta besteek, ez dutela uste euren arazoa denik. Serranoren arabera, ez dira oso portzentaje altuak, baina agerian uzten dute ez dutela «baliabideen berri». Dena den, iaz salaketak %14 igo ziren, andreek «babes eta segurtasun neurrietan konfiantza» duten seinale.

Inkesta egiteko unean indarkeria jasaten ari zen emakume bat ezagutzen zuten galdetutakoen %9k. Andreen artean, %12,5ek aitortu zuten genero indarkeria pairatu izana. Serranoren hitzetan, ordea, bortizkeria jasan bai baina detektatu ez dutenen kopurua bikoitzetik gorakoa da: %29,6. «Indarkeria egoerak jasan izan dituztela baieztatu dute, adierazleak aipatzean: kontrola, bakartzea, mespretxua, irainak... Mikromatxismo deitutako bortizkeria sotilago horiek antzemateko zailtasun handiak dituzte emakumeek oraindik».

Datuotatik abiatuta, Jaurlaritzak kalkulatu du egun EAEko andreen %1,2k jasaten dutela indarkeria matxista. Bortizkeria psikologikoa da ohikoena (%78), eta kasu gehienak bikotekideak edo bikotekide ohiak egindakoak dira, nahiz eta familia barruko beste gizonek eragindako indarkeria hazten ari den 40 urtetik gorako emakumeen aurka.

Atxiloketa Gasteizen

Ertzaintzak 19 urteko gizonezko bat atxilotu zuen herenegun Gasteizen, uztailean bi ahizpa gazteri egindako sexu erasoa leporatuta. Herrizaingo Sailaren arabera, emakumeak etxera heltzear zirela, atxilotuak dirua eskatu zien, labana batekin mehatxatuz, eta ukituak egiten zizkien bitartean; biktimen ama agertu zenean, alde egin zuen. Aurrekariak ditu sexu abusuengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.