Indarkeria matxista

Indarkeria matxistagatik umezurtz gelditurikoei laguntza emanen die Jaurlaritzak

Espainiako Gobernuak laguntzarik gabe uzten ditu horietako anitz. Berdintasunerako Legea aldatzeko lege proiektua aurkeztu du Jaurlaritzak, 400 ekarpen baino gehiago jasota. Indarkeria matxista genero desberdinkeriaren «espresio goren» gisa jasoko dute, eta berdintasun politiken esparruan eginen diote aurre.

Mugimendu feministaren protesta bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urtarrilaren 28a
17:09
Entzun

Iazko martxoaren 12an zabaldu zuten Berdintasunerako Legea aldatzeko aurreproiektuari ekarpenak egiteko hilabeteko epea, eta, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak jakinarazi duenez, pozik daude jasotako ekarpenekin; 400dik gora izan dira. Indarkeria matxistaren alorrean lan egiten duten profesionalek, adituek, erakundeek eta gizarte eragileek parte hartu dute prozesuan, mugimendu feministak barne. Indarkeria matxistari dagokion atala osatuko dute bereziki Berdintasunerako Legearen aldaketarekin, eta, ekarpenak jasota, osatuta dago jada lege proiektua. Eusko Legebiltzarrera eramanen dute orain.

Indarkeria matxistagatik umezurtz gelditurikoei laguntza ematea da Eusko Jaurlaritzak aldaketan sartu dituen proposamenetako bat. Izan ere, Espainiako Gobernuak babesik gabe uzten ditu ume horietako anitz. Lege proiektuak, oro har, berdintasunik ezean jartzen du indarkeria matxistaren erroa, eta hori gainditzeko neurriak proposatzen ditu. Bertzeak bertze, emakumeen ahalduntzean, biktimen arretan, indarkeriaren biktimak artatzen dituzten profesionalen prestakuntzan, biktimen erreparazioan eta prebentzioan jarri dute arreta. Gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren ondoren egindako agerraldian jakinarazi dute indarkeriaren biktima izandakoei kalte-ordaina emanen dietela —justiziak aintzat hartzen ez dituen kasuak Eusko Jaurlaritzak hartuko ditu bere gain—.

Legeak bikotekideak eragindako indarkeriatik haragoko bortxak ere hartuko ditu aintzat, hala nola indarkeria sexuala, familia barnekoa edota emakumeen eta nesken salerosketarena. Indarkeria jasan dutenen egia aitortzea eta berriro ez gertatzeko bermeak jartzea ere izanen ditu ardatz. Ikerketa ere areagotu nahi dute indarkeriari buruzko datuak jasotzeko, eta, horretarako, Berdintasun Behatokia sortzea proposatzen du legeak. Horretan ere «ikuspegi polizial-judiziala» gainditzeko apustua eginen dute.

Guraso bakarrei, baimen gehiago

Bertze berritasun bat ere iragarri du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaurko agerraldian: administrazio publikoan lan egiten duten aita eta ama bakarrei gurasotasun baimena 18 hilabetetik 24 hilabetera luzatuko diete, 2020ko lehen egunetik aitzina (atzerapenarekin). «Familia eredu berriekiko errespetuan aitzindaria» dela erran du Erkorekak, eta eremu publikotik pribatura «efektu eragilea» izatea espero duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.