Jaurlaritzak erreparaziorako eskubidea aitortu nahi die bortxa matxistaren biktimei

Berdintasun legea aldatzeko testuari ekarpenak egiteko epea irekiko du gaur Emakundek. Bortizkeriaren definizioa zabalduko du, eta arreta moldea osatuko
Ostiraleko greba feministaren irudi batean, emakume gazte batzuk indarkeriaren aurkako aldarrikapenekin, Donostian.
Ostiraleko greba feministaren irudi batean, emakume gazte batzuk indarkeriaren aurkako aldarrikapenekin, Donostian. JON URBE / FOKU

Maite Asensio Lozano -

2019ko martxoak 12
Erakunde publikoek bortizkeria matxistaren inguruan duten ikusmoldea irauli nahi du Emakundek, berdintasun legea aldatzeko aurreproiektuaren zirriborroan jaso duenez. Hain justu, indarkeriari buruzko atalean egingo ditu moldaketa gehienak eta esanguratsuenak, mugimendu feministak eta alorreko adituek eginiko eskaerak txertatzeko. Besteak beste, proposatu du bortxaren definizioa eta eremua zabaltzea, indarkeriaren aurkako arreta integrala bermatzea eta giza eskubideetan oinarritzea, erakundeen arteko koordinazioa hobetzea, eta erreparaziorako eskubidea aitortzea.

Eusko Legebiltzarrak 2005ean onartu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea, eta hura eguneratzeko eta nazioarteko araudietara egokitzeko beharra antzeman du Emakundek. Legea aldatzeko prozesuan, zirriborroan ekarpenak jasotzeko epea irekiko du gaur Eusko Jaurlaritzak, apirilaren 12ra arte. Hona indarkeria matxistaren arloko berrikuntza nagusiak:

DEFINIZIOA

«Euskal botere publikoek emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitza bat bermatu behar dute». Diskurtso handinahia du bortxa matxistari buruzko kapituluak, lehen puntutik bertatik. Bortizkeria «giza eskubideen urraketatzat» definitu du, «andreen kontrako ezberdintasunaren eta diskriminazioaren adierazpen» gisa, «egintzaz zein omisioz» egin daitekeena, «bitarteko fisiko, psikologiko edo ekonomikoez», eta «kalte fisikoa, psikologikoa, sexuala, ekonomikoa edo ondarearekin lotutakoa» ekar dezakeena.

Indarkeria matxistatzat jotzen diren jardunak edo bortizkeria gertatzen den eremuak ere zabaldu ditu testuak. Bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako tratu txarrez gain, familia barrukoak, bortxa sexuala, feminizidioa, emakumeen eta nesken salerosketa, sexu esplotazioa, andreen genitalen mutilazioa, ezkontza behartuak eta «estatuak gauzatutako edo toleratutako indarkeria» ere bortxa matxistatzat hartuko ditu Jaurlaritzak. Horrek berekin ekarriko du bortizkeria molde horiek guztiak jasan dituzten andreek eskatu eta erabili ahal izatea legeak dakartzan baliabideak eta zerbitzuak; gainera, ezingo zaie baldintza gisa ezarri erasotzaileen aurkako salaketa aurkeztea. Biktimatzat joko ditu, halaber, indarkeria gauzatzen den inguruan bizi direnak, bortxak «zuzenean eragin badiezaieke».

ESPARRUA

Istanbulgo Hitzarmenera egokitu nahi du legeak, eta, hark adierazi bezala, indarkeria matxistaren aurkako jarduna berdintasun politiken barruan kokatu du testuak. Bortizkeriaren aurkako erantzunak «ikuspegi sistemikoa, integrala eta integratua» izan behar duela adierazi du, eta, ildo horretan, printzipio batzuk ezarri ditu: giza eskubideen errespetua, genero harremanen ulermena, emakumeen ahalduntzea... Haur eta nerabeen interes gorena ere oinarri gisa jarri du.

Halaber, erantzuna «koordinatua eta eraginkorra» izan dadin, erakunde publikoen artean lankidetzarako bideak jorratu beharraz mintzo da testua: «Erkidego osorako homogeneoak izango diren jarduketa irizpideak eta protokoloak finkatuko dira».

BIKTIMEN ARRETA

«Indarkeria matxistaren biktima orok lehentasunezko arreta, integrala, doakoa eta kalitatekoa jasotzeko duen eskubidea bermatu behar dute euskal administrazio publikoek», dio zirriborroak. Horrek berekin ekarriko du biktimek informazioa jasotzea «ulertzen duten hizkuntza batean», eta segurtasunarekin, ekonomiarekin, bizitokiarekin edota hezkuntzarekin lotutako beharrizanak artatzea. Osasunaren alorrean, biktimen egoera fisikoaren eta mentalaren jarraipena egin beharko du Osakidetzak, «guztiz sendatu arte, beren egoera administratiboa edozein izanik ere». Intersekzionalitatea kontuan hartu beharra ere jaso du.

JUSTIZIA ETA POLIZIA

Bortxaren biktimekin diharduten langile guztiak trebatzeko premia jaso du testuak, baina arreta berezia jarri du justizia administraziokoengan. Prestakuntzaz gain, epaitegiak «baliabide pertsonal eta materialez» hornitzea ere jaso du, besteak beste, peritu proba psikologikoak egin eta bortxa egiaztatu ahal izateko.

Emakumeen birbiktimizazioa saihestu beharra ere nabarmentzen du testuak. Hala, arreta polizialaren eremuan, esku hartzeak ez errepikatzeko neurriak ezarriko dituzte, eta polizia etxeetan «espazio fisiko egokiak» prestatuko dituzte, biktimak erasotzaileengandik bereizteko.

ERREPARAZIOA

Bortxa matxistaren biktimek «erreparazioa jasotzeko eskubidea» dutela dio zirriborroak: arretak horretara bideratuta egon behar du. Erakundeek neurriak hartuko dituzte egia aitortzeko —ekitaldi publikoen bidez, adibidez—, ez errepikatzea bermatzeko —«arreta kaltegilearengan jarriz»—, eta biktimen berreskuratze osoa ahalbidetzeko, arretarako baliabide publikoen bidez. Gainera, kalte-ordain ekonomikoa jaso ahalko dute andreek.

Mugimendu feminista, grebaz: «Jauzi kualitatiboa egin du aldarrikapenak»

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna