Ezker abertzalea. Antolakunde politiko berriaren aurkezpena

Indarkeria oro, ETArena barne, errefusatuko du alderdi berriak estatutuetan

Ezker abertzaleak sustatutako alderdi berriaren estatutuak mugarri bat izango dira haren ibilbide politikoanApustu politikoa eta ezaugarri juridikoak azalduko ditu bihar, Euskalduna jauregian

Azaroaren 27an Iruñean eginiko agerraldi batean iragarri zuen ezker abertzaleak antolakunde politiko berri bat sortuko zuela. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Pello Urzelai.
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak mugarri historiko bat jarriko du bihar bere ibilbide politikoan. Bilbon, Euskalduna jauregian, euskal gizartearen ordezkaritza zabal baten aurrean egingo duen ekitaldian aurkeztuko dituen alderdi berriaren estatutuak inflexio puntu bat izango dira. Zutik Euskal Herriatxostenean jasotako bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua agerian utziko du alderdi berriaren estatutuetan, inolako ezbairik gabe. Estatutuetan, BERRIAk jakin ahal izan duenez, helburu politikoak lortzeko indarkeria ororen aurka agertuko da, eta errefusatu egingo du, ETAren indarkeria barne, espresuki aipatuta.

Joan den azaroaren 27an Iruñeko agerraldian iragarritakoa beteko du ezker abertzaleak. Orduan, antolakunde berriaren oinarriak azaltzeko, ezker abertzaleko ordezkaritza handi bat agertu zen jendaurrean, belaunaldi eta esparru ezberdinetakoa. Iruñeko adierazpenaren arabera, proiektu politiko eta antolakunde berriak soilik bide politiko eta demokratikoen alde erakutsi behar duen konpromisoak «tinko eta zalantzarik gabea» izan behar du, eta, ondorioz, «helburu politikoak lortzeko indarkeria erabiltzea edo erabiltzeko mehatxua errefusatu behar du». Eta halaxe egingo du alderdi berriak bere estatutuetan, eta halaxe agertuko du ezker abertzaleak bihar, Rufi Etxeberriak apustu politikoaren gakoak azaltzeko egingo duen hitzaldian. Iruñeko adierazpenean ez zuten ETAren indarkeria aipatu, baina biharko ekitaldian eta estatutuetan bai, espresuki aipatuko dute, ETAren indarkeriaren forma edozein dela.

Halaber, alderdi berriaren estatutuak legearen araberakoak izango zirela iragarri zuen ezker abertzaleak Iruñeko agerraldian. Estatutu horiek bihar ezagutaraziko dituzte, eta heldu den asteazkenean Espainiako Barne Ministerioaren erregistroan sartuko dituzte alderdiaren sustatzaileek. Ezker abertzalearen ustez, alderdi berri horren estatutuek legea beteko dute, Alderdien Legea barne. Bihar egingo duen azalpenean horixe saiatuko da erakusten Iñigo Iruin abokatua, Alderdien Legeak dioena ez ezik gainerako jurisprudentzia ere betetzen dela eta ez dagoela ez argudiorik ez aitzakiarik alderdi berria alderdien erregistroan onartzeko eta, beraz, legeztatzeko.

Rufi Etxeberriaren eta Iñigo Iruinen azalpenak euskal gizartearen ordezkaritza zabal baten aurrean izango dira, Lokarrik antolatutako ekitaldi batean. Alderdien eremuan, gutxienez, EAJren, EAren, Aralarren, Ezker Batuaren eta Alternatibaren ordezkaritza bana izango da gonbidatuen artean, gizarteko hainbat eragilerekin batera. Asteartean, berriz, alderdi berriaren sustatzaileek euren burua eta alderdiaren izena aurkeztuko dute. Asteazkenean, sustatzaileek Barne Ministerioaren erregistroan emango dute izena eta Madrilgo hedabideen aurrean agertuko dira, nazioarteko ordezkaritza batek lagunduta.

Urrats koherentea

Alderdi berri bat osatzearen eta parametro berrietan egitearen jatorria ezker abertzalearen barne eztabaidaren emaitzetan datza. Emaitza horiek Zutik Euskal Herria adierazpenean daude laburbilduta. Bertan jasotzen da prozesu demokratikoaren aldeko apustua, «ziklo aldaketaren palanka gisa», negoziazioan, akordio politikoan, indar metaketan eta herri parte-hartzean oinarrituta. Zutik Euskal Herria adierazpenaren arabera, prozesu demokratiko hori «erabateko indarkeriarik eta esku-sartzerik gabe garatu behar da, alderdien arteko elkarrizketa eta negoziazioa Mitchell senatariaren printzipioen baitan arautuz».

Bide politiko hutsen aldeko konpromisoaz gain, egitura legal baten beharra jaso zuen Zutik Euskal Herria adierazpenak. «Apustu politiko honetan aurrera egiteko, etorkizunean Ezker Abertzaleak eremu politiko eta instituzionalean eta, jakina, gatazkaren konponbiderako akordio politiko erabakigarria lortzeko alderdien mahaian ordezkaturik izateko, eragile politiko legal baten beharra izango du».

Oraingo urratsa, alderdi berria osatu eta legearen araberako estatutuak aurkezteko erabakia, ezker abertzalearen barne eztabaidaren emaitzaren jarraipen koherentea da.

Gogoeta horretatik, hiru ondorio nagusi atera ditu ezker abertzaleak: indarkeriazko zikloa ixtea bide politikoen aldeko jarrera irmoarekin, esparru independentista eta aurrerakoia eraldatzea indarren metaketaren bidez, eta antolamendu berri bat bultzatzea eredu berri batekin. Hiru ondorio horiek isla izango dute alderdi berriaren estatutuetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.