Eusko Jaurlaritzak «oso beharrezko eta garrantzitsutzat» jo du indarkeria matxistaren aurkako legea onartzea. Beraz, mugimendu feministak eskatutakoaren kontra, egitasmoarekin aurrera jarraituko duela jakinarazi zuten, atzo, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak eta Mariola Serrano Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako zuzendariak. Dena den, testuak aldaketa nabarmenak izan dituela onartu zuten: helegiteen eta Emakunderekiko lanaren ondorioz, «gutxienez hiru zuzenketa» egin ostean, urrian argitaratu zen lehen zirriborroarekin «zerikusi gutxi» du egungo idatziak. Hartara, mugimendu feministatik heldutako kritikak «ez datoz bat errealitatearekin», Aresen hitzetan.
Ildo horretan, berdintasun politikak eta indarkeriaren aurkako jarduna bereizi nahi izatea gezurtatu du sailburuak: «Berdintasun politiken zeharkakotasuna defendatzen dugu». Feministek egindako irakurketa, beraz, «ezegokia» dela uste du Serranok: «Ez ditugu politikak banatu; kontrakoa, eskubideak indartu ditugu».
Eskumenen auziaz ere mintzatu da Ares: «Gobernu honek ez ditu inoiz Emakunderen eskumenak zalantzan jarri, ezta aldatu ere». Haren iritziz, eskumenei buruzko eztabaida «legegintzaldi hasierako jarrera batzuetatik» dator, hau da, Biktimen Laguntzarako Zuzendaritza Herrizaingo Sailaren barruan kokatu zenetik, baina erabaki hura «egokia, beharrezkoa eta zuzena» izan zela nabarmendu du.
Edonola ere, mugimendu feministaren ustez, Jaurlaritza planteatzen ari den legea ez da beharrezkoa, Euskal Autonomi Erkidegoko Berdintasunerako Legeak ezartzen duelako indarkeria matxistaren aurka jarduteko lege esparrua. Baina Mariola Serranoren iritziz, ez da nahikoa lege hori garatzea: «Bikotekide edo bikotekide ohiek egindako indarkeria eta sexu bortizkeria kasu batzuk baino ez ditu hartzen, eta, hutsune horren ondorioz, ezin diegu laguntzarik eman beste indarkeria molde batzuetako biktimei». Hala, sexu esplotaziorako salerosketa, ezkontza behartua edo mutilazio genitala jasandako emakumeei ere babesa ematen die lege aurreproiektuak. «Hori, berez, aurrerapauso bat da».
Pentsioetarako funtsa
Indarkeria matxista pairatu duten andreen eskubideak eta haientzako zerbitzuak «sendotzea eta zabaltzea» du helburu legeak. Esaterako, berrikuntzak ekarriko ditu etxebizitzaren eta laguntza judizialaren esparruetan. Neurri ekonomikoei dagokienez, «andreen aspaldiko eskaera bat» gauzatuko du: senar ohiek pentsioa ordaintzen ez dutenean, emakumeei diru hori aurreratzeko berme funtsa sortuko du. Gainera, transexualak eta tratu txarren biktimen seme-alaba adingabeak ere genero indarkeriaren biktimatzat hartu ahal izango dira.
Oraindik lege aurreproiektuaren zirriborroa dena lantzen ari da Jaurlaritza. Ekainean Eusko Legebiltzarrera eramatea espero du, baina aurretik eztabaida prozesu bat irekitzeko asmoa agertu du Aresek: «Nahi duenak ekarpenak egiteko aukera izango du».
Indarkeriaren aurkako legea aurrera, aldaketekin
Bortizkeria matxistaren kontrako egitasmoak ez ditu Emakunderen eskumenak murriztuko, Jaurlaritzaren esanetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu