Eusko Jaurlaritzak legealdi hasieran agindutakoa betetzen ari delako, pozik dago Patxi Lopez lehendakaria. Gauzak «aldatzen» ari direla dio: «Askatasun eremuak irabazi ditugu, ETA bere desagerpena onartzen hasi da eta desberdinen arteko elkarbizitza demokratikoa sendotzen ari da». Eta, aldaketa horri esker, ezker abertzalea «sistema demokratikoan» sartzeko urratsak egiten ari dela nabarmendu du. Pausoa ematea ezker abertzaleari dagokiola argi utzi du, baina orain arte «jarrera totalitarioak izan dituztenak» demokrazian integratzea posible egin behar dela uste du lehendakariak. Baina ohartarazi du «demokrazia» ez dela aldatuko eta gobernuak zuzenbide estatua defendatzen jarraituko duela, ezker abertzaleari dagokiolako «egin beharrekoa egitea».
Eusko Jaurlaritzako sailburu eta goi kargudunen aurrean mintzatu da Lopez. Legealdiaren ia erdira iritsita, egindako lanaren balantzea eta aurrera begirako irizpideak zehazteko garaia dela esan die Lehendakaritzako egoitzan bildutakoei. Jaurlaritzaren lehentasunen artean dago ETAri aurre egitea eta «askatasuna» lortzea, eta bide horretan «aurrerapauso handiak» egin direla uste du lehendakariak. Etorkizunekoargazkia ere irudikatzen hasia dela nabarmendu du: «Bakea, askatasuna, elkartasuna, lehiakortasuna eta elkarbizitza» ikur izango dituen herria lortzeko lanean jarraituko duela agindu du.
Aldaketa bertan dela eta iraungo duela esan die lehendakariak gobernuko kideei. Jaurlaritzak «sosegua» eta «normaltasuna» ekarri die bizitza politiko eta sozialari, eta horri esker «Euskadi duela bi urte baino hobeto dago», haren esanetan.Jaurlaritzak kudeaketa ondo egiten duela esan du, «EAJkbaino hobeto», gainera. «Gauzak ondo egiten dakigula erakutsi dugu, diru gutxiagorekin gauza gehiago egin behar izan ditugulako». Lehendakariaren irudiko, herritarrak ere jabetu dira administrazioan «gauzak beste era batean egin daitezkeela».
Horixe izan da «aldaketa lasaiaren» arrakastarik handiena, lehendakariaren ustez. Eta bide horretan jarraituko du Jaurlaritzak hemendik aurrera ere. Hala, gizarte kohesioa lortuko duen «bizikidetza eredu» berri bat eraikitzea proposatu du Lopezek, identitateen inguruko eztabaida gainditu eta elkarrekiko konfiantza bermatzeko.
Herritarrei «batzeko eta adiskidetzeko» deia egin die lehendakariak, eta hiruprintzipio aldarrikatu ditu:autogobernuarenerakundeak eta sistema demokratikoa sustatzea,norberareneta ingurukoen identitatea errespetatzea, eta euskal gizartearen pluraltasuna onartzea eta tolerantzia bultzatzea. Jaurlaritza jada ideia horiek lantzen ari da, datorren urtean Kultura, Bakea eta Askatasunaren urtea izan dadin. Izan ere, 2012n 75 urte beteko dira Gernikako bonbardaketa izan zela, eta ekitaldi bereziak prestatu nahi ditu gobernuak hori gogoratzeko.
Baina sozialistak ez dira Ajuria Enera iritsi «kudeaketa hutsa» egiteko, Lopezek azpimarratu duenez. «Helburu politiko argiak» ditu gobernuak, baita herri proiektu bat ere, haren esanetan. Herriaren «aldaketa sakona» gidatzeko ardura hartu du Jaurlaritzak, eta horixe egingo duela hitzeman die gobernuko goi kargudunei.
Azaldu duenez, Jaurlaritzak lehentasunen artean du ongizate estatuaren defentsa, eta emakumeekin, gazteekin eta denbora luzean lanik gabe egon direnekin ahalegin handia egingo du. Krisitik ateratzen ari garela esan du, eta gizarte politika berriak ordaindu ahal izatekoerreformak beharko direla, besteak beste,zerga sistemaren erreforma.
Programarik ez
Lopezen diskurtsoari kritika gogorrak egin dizkiote Aralarrek eta EAJk. Aralarren ustez, Lopezek agerian utzi du «autoafirmazio premia» duela eta leporatu dio komunikabideei begira egin duela aurkezpena, eta proposamen zehatzak egiteari uko egin diola.
Andoni Ortuzar EAJko BBBko lehendakariak, berriz, PPren babesa besterik ez duen gobernu honek «irudi kontuetan» ibili besterik ez duela salatu du. Gobernu programarik ez eta «komunikazio programa» aurkeztea leporatu dio lehendakariari.
Indarkeriatik aldentzen direnak «demokrazian» sartzea nahi du Lopezek
Lehendakariak ohartarazi du ezker abertzaleari dagokiola «egin beharrekoa egitea» eta «demokrazia» ez dela aldatukoAldaketa bertan dela eta iraungo duela esan die Eusko Jaurlaritzako goi kargudunei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu