Independentismoari «aurpegiak, hitzak, irudiak, soinua...» jarri nahi dizkio Independentistak sareak. Horretarako nik #independentzia guk #independentzia deituriko egitasmoa jarri du martxan, auzolanean independentziaren aldeko indarrak ugaldu eta biderkatzeko, «independentziara goazela, gogotik joan ere, inoiz baino ikusgarriago bilakatzeko». «Sarearen helburua da independentista guztiak konektatzea, independentismoa azaleratzea, kalera ateratzea. Pauso eraginkorrak planteatzeko unea da. Hitzetik ekintzetara pasatzeko unea. Independentismoari aurpegia jartzeko unea da», azaldu du Txutxi Ariznabarreta sareko bozeramaileak.
Donostiako Doka kafe antzokian eginiko agerraldi batean aurkeztu dute egitasmoa. Ariznabarretarekin batera, han izan dira Esti Mujika, Veronica Domingo, Mikel Muñoa eta Aritz Perez Independentistak sareko kideak. Muñoak azaldu duenez, «auzolaneko aldarrikapen jarduera bat» izan nahi du egitasmoak. Aurrez aurreko komunikazio eta harremanez gain, Interneten hainbat baliabide jarri dituzte egitasmoarekin bat egiteko. Sare sozialek egungo gizartean duten presentzia baliatu nahi dute horretarako. Hori hala, Twitter-en, Google plus-en eta beste hainbat saretan #independentzia hitz gakoa erabiltzera deitu dute. Era berean, webgune berri bat sortu dute argazkiak eta bestelako baliabideak hara bidaltzeko. Gomendio bat egin dute sareko kideek: herritarrek eginiko argazki eta bideoetan kolore berdea erabiltzeko. «Geroari ilusioz begiratu behar zaio, eta horregatik eman behar zaio kolore berdea independentziari», esan du Muñoak. Sareko kideek aurreratu dutenez, datozen aste eta hilabeteetan argazkiak egiteko deialdiak jakinaraziko dituzte Euskal Herriko herri eta auzoetan.
Independentistak sareko kideek azaldu dutenez, «urte osorako egitasmoa» izango da, eta ibilbide horretan «une garrantzitsua» izango da apirilaren 8an Iruñean egingo den Aberri Eguna. Txutxi Ariznabarretak adierazi duenez, Aberri Egunera begirako prestaketa lanetan dabiltza Independentistak sareko kideak, eta datozen egunetan emango dute xehetasun guztien berri.
Urte garrantzitsua
Muñoak azaldu duenez, bi urteurren beteko dira aurten. Nafarroako konkistaren 500. urteurrena eta Gernikako bonbardaketaren 75.a. «Gure herriak pairatu dituen eraso, ukapen eta inposizioen ikur adierazgarriak dira. Urteurren hauek nazio gisako hausnarketarako aukera eskaintzen digute». Atzera begiratzeaz gain, orainari eta geroari begiratzea ezinbestekotzat jotzen dute sareko kideek, bereziki, «Europan independentziara doazen herrien eredua». «Independentzia bideragarria da, komeni zaigu, demokratikoa da eta indartzen ari den joera da», esan du Muñoak.
Parte hartzeko eta informazio gehiago biltzeko:
www.nikindependentzia.net
Independentismoari aurpegia jartzen
Independentistak sareak «ikusgarriago» egin nahi du independentziaren aldeko aldarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu