Independentistak sareak Gernikan hildakoak omendu ditu

74 urte geroago Euskal Herria bizirik dagoela aldarrikatu dute, apirilaren 24ko Aberri Egunaren atarian

Erredakzioa
Bilbo
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Gaur zortzi, apirilaren 24an, Aberri Eguna egingo dute Gernikan (Bizkaia) eta Baigorrin (Nafarroa Beherea), Independentistak sareak antolatuta; bi egun geroago, berriz, Gernikako bonbardaketaren 74. urteurrena beteko da. Independentistak sareak bi gertaerak lotu zituen atzo Gernikako Juntetxean.

Alde batetik, omenaldia egin zieten bonbardaketan hildakoei eta senideei. Omenaldia frankismoaren biktima guztiei. 74 krabelin gorri jarri zituzten sarearen zapi berdearen gainean, ikurrinaren eta zortzi puntako izarraren ondoan, Gernikako arbolaren aurrean. «Memoriaren krabelin gorriak», Txutxi Ariznabarreta bozeramailearen arabera.

Bestetik, bi garaiak uztartu zituzten, esanez Gernika eta Euskal Herria bizirik daudela, «eraso, gezur eta sufrimendu guztien gainetik». Gehitu zuten Gernikako, Durangoko eta Otxandioko bonbardaketetan hildakoen ondorengoak independentzia aldarrikatzen ari direla, «gero eta indartsuago». Saio amaieran Jon Enbeita bertsolariak eta Rafa Rueda musikariak Ale bana kantatu zuten, Independentistak sarearentzat prestatu duten kantua.

Parte hartzeko eskaera

Sareak dei egin die «kolore guztietako independentistei», alderdikeriak alde batera utzi eta apirilaren 24ko Aberri Egunetan parte hartzera. Argi berdea independentziari izango da leloa. Baigorrin bat egingo dute Aberri Egunak eta Nafarroaren Egunak.

Hurrengo urteko Aberri Eguna Iruñean izango da, «Nafarroako Erresumaren eta Euskal Herriaren hiriburuan». 2012an 75 urte beteko dira Gernika bonbardatu zutenetik, eta 500 urte, Nafarroa konkistatu zutenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.