Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaren hasiera

«Independentisten nora ezari» aurre egin nahi dio Basagoitik

Hodei Iruretagoiena
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Argi du PPren lehendakarigai Antonio Basagoitik: «Kataluniako nora ez independentistak markatuko du hauteskunde kanpaina». Hala adierazi du Madrilen Nueva Economia Forumek antolatutako gosarian, eta EAJ kritikatu du Katalunian CiUk hartu duen bide bera hartu nahi duelakoan. Bilbon abiatu dute hauteskunde kanpaina PPkoek, eta leloetan ere nabari da abertzaleei aurre egiteko nahia: Zu gabe, haiek irabaziko dute.

Basagoiti ziur da «nazionalismo moderatu izendatzen direnek» estrategia bera daukatela Katalunian eta Euskal Herrian, eta esan du EAJren lehendakarigai Iñigo Urkulluk «bere anaia Artur Masen» bidea hartuko duela, ahal izanez gero. Abertzaleen aldeko gehiengoa «nabarmena» bada, Kataluniako bidea «inposatuko» dute, PPren lehendakarigaiaren esanetan: «Ibarretxeren eta haustura sozialaren garaira itzuliko gaituzte».

Araban du esperantza PPk

«Nora ezaren» konponbidea PP dela argi utzi nahi izan du Basagotik: «Euskal nazionalismoa arazo larria izango da, edo ez; PPren emaitzen arabera». Dena den, aitortu du ez dela «oso erreala» PP barne izango den koalizio gobernu bat osatzeko aukera. Ziurtatu du prest dagoela legebiltzarrean bere botoak EAJri emateko EH Bilduk goberna ez dezan. Gauzak hala, Basagoitik esperantza agertu du Araban irabazteko, bere arabera, hori izango baita modu bakarra esan ahal izateko abertzaleak ez direla gehiengoa.

Bestalde, Basagoitik dio «hondamendia» biziko duela PSE-EEk, eta PPk, berriz, «goranzko joera» duela hartua. Basagoitirekin izan da Mariano Raxoi Espainiako presidentea ere, eta esan du «egonkortasunaren sinonimo» dela PP.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.