Independentzia aldarrikatuko dute urriaren 12an Iruñean

Urriaren 12an 'Guk ere Independentzia' lelopean elkartzera deitu dute Independentistek

Erredakzioa
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Guk ere Independentzia lelopean Euskal Herriaren independentziaren alde manifestatzera deitu du Independentistak Sareak. Deitzaileek adierazi dutenez, martxa urriaren 12an abiatuko da,17:00etan Iruñeko Golem zinemetatik.

Hego Euskal Herrian urriaren 12a «inposaturiko jaieguna» dela esan dute -Espainiako Jai Nazionala dela eta, ez da laneguna-. Hala, Iñaki Olanok adierazi du «Espainiako Inperioaren eguna» ospatu beharrean, euskaldunek independentziaren aldeko martxa berdea egingo dutela, eta Espainiarekiko independentzia lortu zuten Ameriketako herrialdeak omendu. Deialdira doazenei soinean zerbait berdea eramateko eskatu die, «guztion artean independentziaren aldeko olatu berdea altxatzen jarraitzeko».

Orain 200 urte Espainiako Inperioaren menpe zeuden herriek independentzia lortzeko bidea hasi zutela adierazi dute. Euskal jatorriko Simon Bolivar goraipatu dute askapen borroka horretan, eta aurreratu dute omenaldi berezia egingo diotela manifestazioaren egunean.

«Herrien askatasuna aldarrikatzeko» eta Amerikako herrialde horien independentziaren urtemuga ospatzeko, «independentzia lortu zuten herrialde horietatik Euskal Herrira bizitzera etorri diren lagunei» urriaren 12ko martxara joateko gonbita egin diete.

Lehen Espainiako Inperioak egin bezala, orain Estatuak «eskubideak ukatzen eta zanpatzen jarraitzen» duela esan dute, eta, horregatik, independentzia lorturiko herriak gogoan dituztela.

Gogoratu dute, halaber, orain 200 urte hasi zen prozesuak argi-ilunak izan dituela. Adibide gisa, maputxe indigenenak jarri dituzte, prozesuaren alde iluna ispilatzen duen «aztarna ikusgarria».

Independentistak sareko kideen iritziz, independentzia prozesuaren ilunak kasu batzuetan «gutxi batzuek zuzendutako prozesuak» zirelako gertatu dira. Era horretan, «muga artifizial eta injustuak ezarri» zirela azaldu dute, eta «Ameriketako indigenak, beltzak eta beste talde batzuk baztertu edo suntsitu» egin zituztela.

Horregatik, independentzia lortzeko prozesuetatik zer ikasi badagoela uste dute. Euren aburuz, «funtsezkoa da herritarren araberako independentzia prozesua izatea, demokratikoa, ez gutxi batzuek zuzendua». Hala, sentimen aniztasuna errespetatu behar dela nabarmendu dute, «inor ere zapaltzen ez duen independentzia» lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.