Agiria

Independentzia «alternatiba bakar»

2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
ETAk BERRIAra igorritako oharraren hainbat zati, hemen, hitzetz hitz:

[...] Hauteskundeen emaitzek bereziki, zabaltzen ari den aro berrian mugarri bat ezarri dute, Euskal Herrian etorkizunari ekiteko ilusio eta itxaropenerako tokia dagoela erakutsiz. [...] Horretarako ekarpen handia egin dute euskal eragile eta herritar ugarik.

[...]Egungo egoera politikoa ezin da ulertu aurretik, urte luzeetan zehar, herri honek garatu duen borroka eredugarria kontuan hartu gabe.

Zapalkuntzaren aurreko erresistentzian eta nazio eraikuntzan oinarritu borroka luze eta oparoa

Euskal Herria hilzorian zegoela sortu zen ETA, errepresioari erantzuteko eta Euskal Herriaren defentsa irmoa egiteko helburuarekin. Borroka eskaintza honek eta berarekin batera eratu zen proiektu independentista eta sozialistak, Euskal Herriaren aldeko indarrak biltzeko aukera eskaini zuten. [...] Euskal Herriaren beharrei begiratzen zien egitasmo eta berau gauzatzeko bidea bazegoela erakutsi zuten.

Orduz geroztik, ezker abertzaleak Euskal Herriaren askatasuna lortu arteko borrokari eutsi dio. [...]

Horrela, ezker abertzaleak bere proiektu politikoa lantzeaz gain, Euskal Herriaren ukazioa eta zatiketa borrokatzearen eta eskubideen defentsa egitearen ardura osorik bereganatu zuen. [...] Horrekin batera, gatazkaren gakoak diren lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidearen aitortza aldarrikatu eta elkarrizketa eta negoziazioaren bidezko konponbidea ahalbidetuko zuten proposamenak egin ditu [...].

Ezker abertzalea zeregin horretan luzaro bakardadean aritu da. Haatik, herrian txertaturik egin du aurrera. [...] Herritik arnasberritu da etengabe. [...]

Borroka honek guztiak, ondorengo ondorio politikoak ekarri ditu:

– Euskal Herria bizirik dago, Frantzia eta Espainiaren menpeko asimilazio politiko, sozial eta kulturalean desagerrarazteko estrategia bortitza pairatu duen arren.

– Euskal Herriari inposatutako marko zatikatzailea ez dute egonkortzerik izan. Etsi gabeko borrokak etengabeko higadura eragin dio, Euskal Herriaren beharrak asetzeko aukera antzua dela erakutsiz.

– Gatazkaren konponbide demokratikoaren aldeko jarrera nagusi da euskal jendartean. Gatazkaren konponbidea elkarrizketa eta negoziazioa bidez eta lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidearen aitortzaren eskutik etorriko dela euskal jendartearen gehiengoaren ustea eta nahia da.

– Egun, Espainia eta Frantziaren menpeko proiektuen aurrean, independentzia ageri da egiazko alternatiba bakar gisa.

Duela bi urtetik hona, baldintza horiek askapen prozesuaren zutabe erabakigarri bilakatzeko hausnarketa sakona burutu du ezker abertzaleak. Horrekin batera, estatuek askapen prozesuan behartu nahi zuten blokeo egoera hausteko estrategia eraginkorra finkatu beharra zegoen.

Hausnarketa hartan, autokritikak toki garrantzitsua hartu zuen, edozein mugimendu iraultzaileari dagokion gisan, gurea ez baita akatsik gabeko bidea izan. Baina egungo egoeraren gakoa urte luzeetako borrokan asmatu izanean dago, zapalkuntzari erakutsitako erresistentzian, nazioaren eraikuntzan eta, horren ondorioz, eskuratutako lorpen politikoetan[...].

Esan beharra dago, azkenik, eginiko bidea ez dela ez erakunde soil baten, ez pertsona gutxi batzuen borondatearen eta argitasunaren emaitza. Euskal emakume eta gizon askoren ahalegin, sakrifizio eta eskuzabaltasunak, auzolan zabal batek osatzen du askapen prozesuaren ibilbide kolektiboa, askok zeregin horretan bizia eman eta galdu dutelarik.

Egungo egoera: aro berria zabaltzen ari gara

Ezker abertzalearen hausnarketa ez zen ariketa teoriko hutsa izan. [...]Egoera iraultzeko eta aro berria zabaltzeko iniziatiba hartu zuen. Hor kokatzen dira hilabeteotan egin diren proposamenak, burutu diren herri mobilizazioak, ETAk abiatu dituen ekimenak edota sektore ezberdinen artean ehundu diren aliantzak eta garatu den elkarlana.

Ezker abertzalea indarberriturik

Ezkerreko independentismoa akabatzea lehentasunezko helburua izan da Espainia eta Frantziako agintarientzat. [...]. Ezker abertzalea, alabaina, ez da makurtu [...]

Ez aspaldi, blokeoari eutsi nahi ziotenek, ezker abertzalearen porrota iragarri zuten. [...]Baina oztopo eta erasoen aurrean, ezker abertzalearen apustuari irmoki eusteko erabakitasunak jendartearen aurrean sinesgarritasuna eman dio lehenik, atxikimendu zabala biltzeko ondoren.

Blokeo estrategia pitzatzen hasiak gara

[...]Hilabeteotan, ezker abertzalearen iniziatibaz eta beste sektore batzuetan ere egin den hausnarketaren ondorioz, egoera erabat aldatu da. Egun, burujabetzaren aldeko indarrek bere protagonismoa eta eraginkortasun politikoa berreskuratu dute [...].

Honekin batera, ETAk eman dituen urrats sakonak lagundurik, gatazka politikoaren konponbidearen aukera eta premia indarrez plazaratu da Euskal Herrian zein nazioartean. Euskal eragile ugarik izenpetu zuten Gernikako Akordioa eta bertan jasotzen den oinarrizko ibilbide orria konponbide demokratikorako ukaezinezko erreferentzia bilakatu da.

[...] Eta [estatuek] dagoeneko galdu dute Euskal Herriko egoera politikoaren gaineko aginte makila.

Ilegalizazioa indargabetze bidean, herri xumearen ahotsa udaletxeetan

[...] Burutu berri diren hauteskundeak baldintza ez demokratikoetan burutu dira beste behin ere. [...] Hala eta guztiz ere, harrotasunez esan dezakegu Euskal Herriak ilegalizazioaren bataila politiko eta ideologikoa irabazi egin duela. [...]

Hauteskunde hauen emaitzek egoera berri bat iragartzen dute. Hala uler daiteke, Bildu koalizioak herritarren parte hartzea bultzatzeko eta ordezkaritza instituzionala herri boterea bilakatzeko egin duen zinari erreparatuz.

Aldaketa politikoa eta soziala gauzatzeko aukera gorpuzten ari da

Euskal Herrira aldaketa sakonak datozen ustea gero eta hedatua dago euskal jendartean. Herritarren aktibazioa eta presioarekin iraganeko erresistentziak hautsi eta etorkizunari askatasunez ekiteko aukera ireki daitekeen ustea hedatzen ari da egunetik egunera.

Burujabetzaren aldeko esparru ezkertiarraren metaketak ilusio eta ikusmira berri bat ekarri du [...]

Euskal Herrian eman beharreko aldaketa politikoa aldaketa sozialen eskutik lotua doa ezinbestean, egungo krisi ekonomikoak are nabarmenago erakusten duenez. [...]

Aurrera begira: herriaren bultzadaz nazio eraikuntza, askatasuna eta bakea

Herria eraikitzeko premia

[...] Arestian Euskal Herria bizirik iraunarazi dugula esan badugu ere, herio geldoaren arriskuak bizirik dirau, bi estatu boteretsuen erasoen artean.

Hortaz, hurrengo urteotan erasoei aurre egiteaz batera Euskal Herriaren egituratzean urratsak ematea eta herriaren garapen politiko, sozial, kultural eta ekonomikoa bermatzeko baliabide berriez hornitzea funtsezko zeregina izango da [...].

Herri aktibazioan sakondu, ukazioaren harresia eraitsi arte

Herritarrek hitza hartu eta dagokien protagonismoa eskuratzearekin batera, egoera politikoa baldintzatzeko eta mugiarazteko gaitasuna erakutsi da. Horrekin, errepresioa eta ukazioaren amaiera eta Euskal Herriaren eta erabakitzeko eskubidearen aitortza geroz eta sektore zabalagoen metaketatik eta geroz eta presio bide eraginkorragoen aktibatzetik etorriko dela agerian gelditu da.

Bakea eraikitzea, guztion eginkizuna

Hauteskundeak igaro eta berehala, orain arte urratsik eman ez dutenek Bildu eta ezker abertzaleari eginkizun berriak jartzeari ekin diote. Euskal Herrian zabaltzen ari den aukera bururaino eramateko eta denon artean justizian eta herriaren nahiarekiko begirunean oinarrituriko bakea eraikitzeko, guztion parte hartzea beharrezkoa dela ulertu nahi gabe. [...].

Azkenik

Euskal Herrian bake eta askatasun agertoki bat eraikitzeko aukera dagoelako uste osoa izanik, bide horretan sakontzeko prestutasuna berretsi nahi du ETAk. Zentzu horretan eragile orori egiten diogu deia, konponbidearen alde murgildu dadin eta guztion artean elkarrizketa eta negoziaziorako esparruak zabal ditzagun.

Euskal herritarrei eta bereziki ezker abertzaleko gizon-emakumeei, aurreratutakoak ematen duen ilusioa eta arnas berriarekin, ohiko apaltasun eta eskuzabaltasunez, lanean gogor jarraitzeko deia luzatu nahi die ETAk. Erronka handia dugu, lortuko dugu. [...]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.