Sorrera eztabaidaren bigarren faseari ekingo dio Independentistak sareak larunbat honetan Donostian egingo duen batzarrarekin. Konferentzian helburu eta nortasun ikurrak, antolaketa eredua eta plan estrategikoa zehaztuko ditu, eta koordinazio talde berria aukeratuko du.
Batzarra EHUko Psikologia Fakultatean izango da, 10:00etan hasita. 14:00etarako amaitzeko asmoa dute.
Hona hemen eztabaidarako oinarrizko idatziko zenbait pasarte.
Independentistak sarearen helburu eta nortasun ikurrak
- "Independentistak gara, independentzia XXI. mendeko apustu bideragarria izateaz gain, Euskal Herriarendako aukerarik onena baita. Gero eta argiago dago Euskal Herria eta euskal herritarren garapen askerako aukerarik onena geure estatua sortzea dela, gure buruaren jabe izan eta munduko beste herriekiko harreman leial eta duinak eraiki ditzagun. Independentzia ez da munduko beste herriekiko haustura, elkartasun bide berriak bultzatzea baizik.
- Independentistak sarea mugimendu demokrata aurrerakoia da, Euskal Errepublika eraikitzeko bitarteko demokratiko baketsuak erabiliko dituena. Arraza, sexu, hizkuntza, ondare ekonomiko eta bestelako injustizia guztiak baztertuko ditugu. Guk ez diogu inori deus inposatu nahi, herriak erabaki behar du bere etorkizuna, inolako mehatxu, presio edo mugarik gabe, aukera guztien artean, independentziarena barne, jakina.
- Independentistak sarearen jarduera irizpide nagusiak konfrontazio demokratikoa, desobedentzia zibila eta nazio eraikuntza izanen dira. Erabakitzeko ahalmena ukatzen dituzten Frantziako eta Espainiako nazionalismoekiko nahiz euren estatuekiko konfrontazio demokratikoa, baketsua, zabala eta zuzena garatuko dugu.
- Parte-hartzea oinarri izango duen sare gisako mugimendu zabala da. Ohiko antolakuntza ereduak gaindituz, mugimendu berri bat sortzen ari gara; norbanakoez osaturiko esparrua, independentea, alderdien joko eta hauteskunde lehietatik at egonen dena, anitza. Gu ez gara alderdi bat, ezta alderdi edo eragileen bilketa eta haien ordezko ere. Euskal Herria estaturik gabe bizirauteko gai izan da mendeetan, besteak beste sare gisako harreman eta isurien bidez.
- Independentista guztien arteko auzolana bultzatzea da gure zeregin nagusia. Gure herriaren aniztasun adierazpen guztiak aintzat hartuta erritmo, ezberdintasun eta berezitasun guztiak aitortzen eta bideratzen dituen estrategia nazional integratzailea garatuko dugu Euskal Herri osoan eta Euskal Herri osorako.
- Independentzia 2.0, XXI. mendeko independentismoa. Era berezian, sare eta komunitatean sentimenak landu nahi ditugu, Internetek eta teknologia berriek eskaintzen dizkiguten tresnak erabiliz.
Antolaketa eredua
Oinarrizko egitura osatu beharko dugu hainbat lan garatu ahal izateko, baina mugimenduaren atal handiena sarea bera izanen da.
- Printzipio batzuk
- Demokrazia aurreratua. Hierarkiarik gabeko antolakuntza: denok gara sarekideak, nahiz eta ardura edo konpromiso ezberdinak izan.
- Aniztasuna. Independentista anitzek osatutako sarean, bakoitzak bere esparrua izanen du, nork bere lana, bere konpromiso maila eta jarduera formula hautatuz.
- Norabide aniztasuna.
- Malgutasuna. Sarea ez da formula itxia.
- Deszentralizazioa. Sareen sarea da; tokian tokiko eta arloz arloko sareak josten ditu.
- Aktibismo eta lan ideologikoaren arteko uztarketa. Pentsatzen, eztabaidatzen, hitz egiten duen eta, batez ere, egiten duen jende multzoa izanen da gure sarea.
- ‘Bileritisik’ gabeko antolakuntza.
- ‘Mitxelinik’ gabeko mugimendua. Honelako sare batek bulegoak eta langile liberatuak beharko ditu, baina ez dira motorra izanen, ezta botere faktikoa ere, jardueraren osagarri garrantzitsua baizik.
- Internet eta mundu fisikoa uztartzen dituen mugimendua.
- Parte hartzeko mailak
- Independentistak: sareaz bat egiten duten guztiak.
- Sarekideak: kuota ordaindu eta oinarrizko konpromisoa hartzen dutenak.
- Dinamizatzaileak: sarean ardura zehatzak hartzen dituzten guztiak.
- Aktibistak: desobedentzia zibila eta bestelako aktibismo baketsu eta ausarta garatzen duten kideak.
2010-2012ko plan estrategikoa
2010eko otsailaren 27an Donostian sarea jendaurrean aurkeztu genuenetik urrats garrantzitsuak egin ditugu, batez ere Aberri Egunaren inguruan. 2012a hartu dugu hurrengo mugarri nagusi gisa, 1512ko Nafarroaren konkistaren urteurrena gure herriaren independentziaren aldeko erreferentzia bilakatzeko asmoz.
- Helburu zehatzak
- 2012rako 5.000 sarekide eta 500 dinamizatzaile lortzea.
- Independentziaren inguruko komunitatea sortzea, sarekideengandik haratago joanen dena, independentziaren inguruko begirunea duen orori irekia.
- 100.000 euro lortzea 2011ko Aberri Eguna baino lehen.
- Independentziaren eztabaida indartzea.
- Independentziaren aldeko borroka ideologikoa garatzeko tresna sortzea: Ideien faktoria".
poliTIKA
"Independentzia, apustu bideragarria eta aukerarik onena"
Konferentzia egingo du larunbat honetan Independentistak sareak, Donostian. Honatx eztabaidarako idatziko zenbait pasarte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu