POLITIKA

Independentzia Eguna ospatuko dute martxoaren 18an, Larrabetzun

Independentistak sareak egun osoko egitaraua antolatuko du burujabetza ardatz hartuta. Arlo askotako eragileek haien jardunaren berri emango dute, independentziaren eta egunerokoaren arteko harremana nabarmentzeko.

2014an Leitzan ospatu zen Independentzia Eguneko irudia. BERRIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko urtarrilaren 18a
14:20
Entzun

Iaz Bermeon antolatu zuen Independentzia Eguna Independentistak sareak, eta bertan iragarri zuten Larrabetzuk hartuko zuela lekukoa. Elkarteak adierazi duenez, egun osoko egitaraua prestatu dute martxoaren 18rako, eta "hausnarketa politikoa, aldarrikapena eta jai giroa uztartuz, burujabetza izango da gai nagusia".

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, asko dira Euskal Herriaren etorkizunarekin kezkatuta dauden herritarrak eta etorkizuna eraikitzeko burujabetza ezinbesteko jotzen dutenak.

Independentistak sarearen iritziz, Euskal Herriak ez du burujabe izateko aukerarik Espainiako eta Frantziako estatuen baitan eta, beraz, burujabe izateko aukera bakarra estatu propioa eratzea dela ziurtatu du. "Euskal estatuaren inguruan hausnarketa sakon eta konpartitua egiteko ordua iritsi da. Behar dugun estatu demokratuko eta sozial horren egiturak eztabaidatzen, adosten eta gauzatzen hasi behar dugu".

Sareak nabarmendu du posible dela Espainiaren eta Frantziaren "menpekotasunetik kanpo bizitzea", eta egunerokoan horren adibideak aurki daitezkeela adierazi du. "Euskal Herri osoan, hainbat arlotan, independenteak bagina legez jarduten dugu; hainbat eredu praktiko ditugu hizkuntzari, kulturari, hezkuntzari, sozioekonomiari, energiari, feminismoari, elikadura burujabetzari edota integrazio kulturalari dagokionez".

Independentziaren auziak egunerokoarekin duen loturari garrantzia eman asmoz, hainbat arlotako eragileak bilduko dira Larrabetzun. "Bakoitzak bere jarduna erakutsiko du, herritarrok jabetu gaitezen independentziaz ari garenean ez garela kontzeptu abstraktu edota ukiezin bati buruz ari, baizik eta lorgarria den ezinbesteko helburu kolektibo bati buruz".

Martxoaren 18ko Independentzia Egunaren aurretik, Independentistak sareak hainbat ekitaldi antolatuko ditu Iruñeko Katakrak liburutegian, Gasteizko Errekaleor auzoan eta Azpeitiko (Gipuzkoa) Azoka Plazan. Besteak beste, migrazio, elikadura eta energia politikak aztertuko dituzte burujabetzaren ikuspuntutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.