Milaka herritarrek ozen aldarrikatu dute independentzia Bilbon, Espainiak Hispanitatearen Eguna ospatu duen egunean. Ozena eta koloretsua izan da protesta. Alaia. Berdea. Zaratatsua. Jesusen Bihotzetik abiatu eta Arriaga ondoan ia bi orduren ondoren amaitu da martxa, eta geldiune bat izan da unerik ikusgarriena: Espainiako Gobernuak EAErako duen ordezkaritzaren aurreko plazan, Plaza Eliptikoan, egindako burrunbada berezia.
Espainiak inposaketa eta hondamena besterik ez dakarrela argudiatuta independentzia hizki handiz aldarrikatzen zuen hasierako pankartaren aurretik bi furgonetetan zihoazen ertzainek eta Espainiako Gobernu ordezkaritzaren atean zeuden bi guardia zibilek eskuarekin elkar agurtu ondoren sartu da martxa Plaza Eliptikora. Guardia zibilen parean hasi da zarata handitzen. Orduan hasi dira independentziaren aldeko oihuak, txistu artean, garrasi bihurtzen. «Alde hemendik, utzi bakean!» ere oihukatu dute protestariek.
Berdez jantzitako kamioiak, gainean joan diren DJen musika etengabe zabaldu duenak, burrunba ozena elkarrekin areagotzeko deia egin du: «Bat, bi, hiru!», esan du behin baino gehiagotan kamioian igota joan den esatariak. «Independentzia!», erantzun dute herritarrek. Txistu eta txilibitu hotsak entzun dira jarraian, txindatak, sirenak. Ozen. Oso ozen.
Protestariek Bilboko Kale Nagusian zapi, bandera, elastiko eta jaken bidez zabaldu duten kolore berdea, berdeago bihurtu da Plaza Eliptikoan. Bertaratu direnerako, orlegia zen plazako iturriak botatzen zuen ura ere. Tindatua zegoen.
Plaza osoa inguratu dute manifestariek, oso jendetsua izan den erakusle. Herritarrak plazara sartu, eta lehertu arterakoa izan da egin duten zarata, suziri eta petardo sokak zartarazita. Suzko argi berdeei eutsi diete zenbaitek bitartean.
«Berdez bete dugu plaza. Etorkizunaren, esperantzaren, euskal estatuaren kolorez. Gaurtik aurrera, Independentziaren Plaza deituko diogu honi!», adierazi du kamioi gaineko esatariak musikarekin tartekatuta. Txaloak jaso ditu herritarrengandik.
Martxaren hasieratik bezala, musikaz lagunduta jarraitu du ekimenak Kale Nagusian behera, Arriaga pareraino. Zarata eta kolorea izan dira nagusi ibilbide guztian. Grisez tindatutako ikur bakarra, apar-gomaz egindako eskeletoa izan da. Espainia: Inposaketa eta hondamena leloa zuen idatzirik horrek ere.
Gako demokratikoa
Ohi denez, mezua zabaltzeko unea heldu da amaierara iristean. Errepide erdian prestatutako atriletik zabaldu du aldarria Txutxi Ariznabarreta Independentistak Sareko kideak. Argi utzi ditu bi mezu nagusiak: «Independentzia barik ez dagoela demokraziarik, eta, euskal estatu barik ez dagoela etorkizunik; ez etorkizun politikorik, ez sozialik, ez kulturalik, ez ekonomikorik».
Azken Aberri Egunean Independentistak Sareak egindako aldarria ekarri du gogora Ariznabarretak: «Independentziarentzat argi berdea eskatu genuen». Haratago joan behar dela-eta, demokraziaren izenean egin zuen, atzo, eskaera: «Independentziari argi berderik eman gabe ez dago demokraziarik! Hor dago gako demokratikoa».
Bestetik, Espainiak euskal herritarrei hondamendia besterik ez dakarkiela ohartarazi zuen Ariznabarretak. Abertzale direnei zein ez direnei berdin, inposaketa, eskubide eta oinarri demokratikoen «inboluzio politikoa», arlo sozialean «atzeraka doan eredu soziala», eta arlo ekonomikoan «hondamendia» besterik ez diela eskaintzen adierazi zuen. «Espainia hondamen hutsa da arlo politikoan, kulturalean, sozialean zein ekonomikoan, edozein euskal herritar demokrata eta progresistarentzat, abertzale izan edo ez izan».
Arlo ekonomikoari dagokionean, krisiak egoera argitu egin duela dio Independentistak Sarekoak. Euskal ekonomiak aurrera egiteko gaitasuna baduela seguru dago, baina, baliabideak erabiltzeko aukerarik ez izateak, erabakiak Espainiak hartu eta haren eredua ezartzeak, Euskal Herria ere «hondamenera» daramala.
Espainiak ezarritako politika ekonomiko eta sozialaren ondorioak euskal herritarrek zuzenean jasaten dituztela dio. «Eta ezin dugu ezer esan, ezer egin». Hortaz, euskal herritarren interesak defendatzeko aukera bakarra Europan «ahots propioa» izatea dela adierazi du, eta, estatu propioa izatea dela «herrien Europa sozialaren alde zerbait egiteko aukera bakarra» ere. Izan ere, egungo gizarte eredua aldatu nahi dute independentistek. Herrien elkartasuna aldarrikatu du, bide horretan; «eta, elkartasuna, askatasunetik bakarrik gauzatu daiteke».
Aberri Eguna, Iruñean
Horiek horrela, euskal estatua sortzeko estrategia landu beharra plazaratu du. «Horretarako herri bat martxan behar dugu, eta martxan jartzen ari gara!». Datorren urtea, gainera, Nafarroako Erresuma «bortizkeriaren bidez kendu zigutenetik» 500 urte betetzen direla-eta, independentistek «estatua berreskuratzeko bidean» jauzi handia eman behar dutela uste du. Indarrak biltzeko deia egin du, beraz. Bide horretan, Iruñean ospatuko den Aberri Egunak «mugarri» izan behar duela adierazi du.
Ordu eta erdi lehenago, Itziar Ituño aktoreak, beste irakurketa bat plazaratu du martxaren abiapuntuan, ekimenerako espresuki prestatutako kamioitik. Atzoko «ospakizun frankista-inperialistaren atzean» dagoenaz ohartarazi du: «Herrien aurkako lapurreta eta sarraskiak, zapalkuntza, genozidioak eta etnozidioak». Hori ospatzerik ez dagoela-eta, independentistek «munduko herri guztien askatasunaren eguna» ospatzen dutela azaldu du.
Hispanitatearen Eguna. Manifestazioa
Independentzia eskatu dute milaka lagunek, Bilbo berdez koloreztatuta
Euskal estaturik gabe ez dagoela etorkizunik ohartarazi du Independentistak sareak, Bilbon eginiko bigarren martxa berdeanBurrunba ikusgarria egin dute Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu