Ezker abertzalea «indarberritu» egin dela adierazi du Igor Arroyok, atzean ehunka militante dituela. «EH Bildu eta EH Bai koalizioen barruan» sustatu nahi dute elkarlana, baina baita ezker abertzalearen proiektuarekin identifikatzen diren herritarrekin ere. Dei berezia egin die herri mugimenduei eta gazteei.
Ezker abertzaleak historikoki defendatu duen «egitasmo estrategikoaren gaurkotasuna berretsi» dutela azaldu du Arroyok. «Guretik emanez, Euskal Herritik emanez, alternatiba globala sustatu nahi dugu. Horregatik gara independentistak: gureherrian eta gure herritik eredu ekonomiko, sozial eta politiko berria eraiki nahi dugulako».
Independentzia gauzatzeko aroari «ateak irekitzera» doazela iragarri dute. Horretarako estrategia «berritu» dute, aldebakartasunean oinarrituta: «Euskal Herrian egin behar dugu bidea». Eskaintza independentista ere «berria» izango da, «herritarren behar eta desio partekatuei erantzuna emateko». Estatu propioaren aldeko lanean «herrigintza ardatz» izatea nahi du ezker abertzaleak. Estrategia berri horren barruan euskal preso eta iheslarien etxeratzea garrantzitsua izango dela ohartarazi du.
Barne aldaketak
Ezker abertzalearen birsortzeak barrura begira ere berritasunak ekarriko lituzke. «Aldaketa eragile izan nahi duen orok aldaketa etxetik hasi behar du». Mugimenduko erakundeek kongresuak egingo dituzte. Aurrena Sortuk egingo du, uda aurretik seguruena. Hura bilakatu nahi dute «ezker abertzale osoko» bilgune. Ostean, LAB sindikatuak eta Ernai gazte erakundeak egingo dituzte biltzarrak; hirurak izango dira ezker abertzaleko erakundeak. «Gure kultura politikoa osatu dituzten tasunak berreskuratzera goaz. Izan ditugun keriak zuzentzera goaz», esan du Arroyok.
Berrikuntzarako oinarriak zehaztu ditu: parte hartzea, auzolana, elkartasuna, euskararekiko konpromisoa eta feminismoa.
@ Abian-eko behin betiko txostena irakurri nahi izanez gero, bisitatu BERRIAren ataria: www.berria.eus