Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko eta PPko presidenteak independentismoaren aurkako hitzak izan ditu gaur arratsean Donostian, PPren mitin batean. "Inora ez daraman bidea da independentziarena", adierazi du. "Txikia ez beste guztia izan daiteke gaur egun. Txikiak ezerezean geratzen dira". Munduan gero eta "muga gutxiago" dagoelakoan, esandu "disparate hutsa" dela Espainiarengandik banatu nahi izatea.
Krisiaz ez du ia hitzik egin. Esaldi bakarra utzi du: "Hartu behar izan ditugun erabaki guztiak ez dira gure gustukoak izan". Egindako murrizketek boto-emaileengan izan dezaketen eragina dela eta, mozketak ahaztu eta botoa ematera joateko eskatu die Madrilgo gobernuko presidenteak: "Normala da gobernuaren erabaki guztietan ados ez egotea. Baina, hala ere, oinarrizkoan ados dagoenak botoa eman behar du". PPren leloa aintzat hartuta, alderdi abertzaleen hautesleak botoa ematera joan egingo direla azaldu du Raxoik. "Haiek joango dira, eta guk ere joan beharra daukagu".
PPko ordezkari andana bildu da San Telmo museoan. Hauteskundeetako hautagai Antonio Basagoitirekin batera izan dira Arantza Quiroga parlamentuko presidentea, Javier Maroto Gasteizko alkatea, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia eta beste hainbat ordezkari. Basagoitik ere hitz egin du, EAJren aurka erabat. Ohartarazi du independentzia dela Iñigo Urkullu hautagaiaren xedea. "Independentista ez direnek ezin diote hari eman botoa".