Makroekonomiaren ikuspuntutik, giharrak atera ditu Nafarroako ekonomiak azken hiruhilekoan. Eta datu horietan oinarrituta, oso pozik agertu da Francisco Iribarren Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, ekonomiak «inbidia eragiteko moduko sendotasuna» erakusten ei duelako. Izan ere, uztailetik irailera bitartean %3,9ko erritmoan handitu da Nafarroan ekonomia, Euroguneko %2,6ko hazkundea baino azkarrago, beraz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erritmoari gertutik jarraitzen (%4,2).
Neurri handi batean, industriaren suspertzean oinarritu da azken urteetako hazkunde daturik onena lortzeko. Aurten industria jarduerak nabarmen egin du hobera, eta azken hiruhilekoan aurrekoan baino %0,5 gehiago handitu da sektorea. Guztira %2,4ko erritmoan hazi da industria. Iribarrenek nabarmen du azpisektore guztiek erakutsi dutela hobekuntza, baina batez ere papergintza, zurgintza eta altzarigintza sektoreek.
Industria suspertu bada, eraikuntzak irmo jarraitzen du, azkenurteetan bezala ekonomiatik tira egiten. Ahulgunerik erakutsi gabe. Alderantziz, azken hiruhilekoari erreparatuz gero, azken hamabi hilabeteetako erritmo azkarrena erakutsi du sektore horrek, %5,2ko igoerarekin. Hala etxebizitzen nola azpiegituren eraikuntzak erakutsi du sendotasuna. Zerbitzuak ere urte osoko erritmoan jarraitzen du %4,5eko igoerarekin.
KONTSUMITZAILEAK, KONFIANTZAZ .Eskariaren ikuspuntutik ere, kontsumoak eta inbertsioak gorantz jarraitzen dute. Kontsumitzaileek ez dute egoera gaizki ikusten eta sendien zein administrazio publikoen kontsumoak %4 egin du gora. Datu hori berretsi egiten dute Txikizkako Merkataritzaren salmentek, -ekainean baino hobeak izan zirelako-, eta kontsumitzaileen konfiantzaren adierazleek -hobera egin duelako-.
Interes tasen igoerak ez ditu enpresak uzkurtu, eta inbertitzeko asmoz jarraitzen dute. Batez ere ondasun ekipoen ondasunek eta eraikuntzak erakarri dute inbertsioa. Adierazgarria bada eraikuntzan egindako inbertsioa %5,2 handitu dela, eta 2001era atzera egin beharra dagoela hain tasa handia ikusi ahal izateko.
Kanpo merkataritzari dagokionez, Nafarroako enpresek atzerrian egindako salmentak 246 milioi handitu egin dira, eta guztira 3.461 milioi euro bildu dira esportazioen bidez. Lehen zortzi hilabeteetan produktu eta zerbitzuen trukeen ondorioz, Nafarroara etorri den dirua joan dena baino handiagoa izan da: 195 milioi euro. Haatik, Volkswagenek soilik esportatzen du Nafarroako esportazioen %28, eta aurten iaz baino 5 milioi euro gutxiago esportatu zituen. Datu horrek erakusten du VWk Polo gutxiago saldu dituela.
Autogintzak jarraitzen du izaten zalantza izpirik gabe Nafarroako industriaren zutarria. Auto osagaiak ekoizten dituen industriak, orotara, 1.569 milioi euro bildu zituen esportazioen bidez, baina horrek ere nabaritu du salmentek behera egin dutela autogintzan orokorrean. Azpimarragarria da energiaren atalean zein argindar makinariarenean esportazioak %48 eta %36 hobetu direla.
Argi eta garbi Europako Batasuna da Nafarroako produktuen irtenbide nagusia. Dena den, salmentek behera egin dute merkatu nagusietan: Frantzian %5, Italian %9 eta Erresuma Batuan (%10. Salbuespen bakarra Alemania da, eta nabaritu da ondo Europako motor ekonomikoa berpiztu dela (%84,8). Euro sendoa ere ez da oztopo izan Estatu Batuetako salmentak %85 hobetzeko, eta jada iazko esportazio kopurua gainditu da.
LANGABEZIA, BEHERANTZ.Gizarte Segurantzako datuetan oinarrituta enpresek enplegua sortzen jarraitzen dute, baina batez ere zerbitzuen sektoreak. Uztailetik irailera 6.491 lagun afiliatu dira Gizarte Segurantzara, eta horietatik 6.449 zerbitzuetan. Espainiako Gobernuak uztailean ezarritako lan erreformak erakarrita kaleratze merkeagoko kontratuak -behin-behinekoak finko egiteko kontratuak, alegia- %78 handitu dira, eta orotara kontratazio mugagabea %30 handitu da. Dena den, kontratu berrien gehiengo zabala behin-behinekoa da. Irailean 19.999 lagun zeuden lanik gabe, eta tasa, berriz, %6,6koa izatera jaitsi da.
Industriaren suspertzeak eta eraikuntzak %3,9ko hazkundea eragin dute Nafarroan
Iribarrenen iritziz, «inbidia eragiteko moduko sendotasuna» erakusten du Nafarroako ekonomiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu