Ohar bateratu bat argitaratu dute Emaus, Caritas Gipuzkoa, Loiola Etxea, Arrats, Herritarron Harrera Sarea eta SOS Arrazakeria elkarteek, atzo Donostiako Infernua izeneko gunean bizi ziren 60 bat lagun kanporatu zituztela eta. Batetik, azaldu dute 60 herritar inguru «kalean noraezean» utzi zituztela atzo, «bizileku alternatiba duin bat eskaini gabe».
Elkarteok poztu egin dira hustearen aurkako protestak baketsuak izan zirelako, baina gogorarazi dute gizarte erakundeak «aspalditik» ari direla administrazioari «gizarte zein bizitoki alternatibak antolatzeko beharra» azpimarratzen, «leku desegoki horretatik ateratzeko, non bizigarritasun eta segurtasun baldintza duinik ez dagoen, eta oinarrizko beharrak, hau da, elikadura eta higienea, nahitaez bete behar diren».
Hori ikusirik, elkarteek «harrigarritzat» jo dute etxegabetzeak alarma egoera betean gauzatzea, «guztion onerako etxeko konfinamendua eskatzen duen osasun egoera larria izan arren». Erantsi dutenez, administrazioek, elkarteokin elkarlanean, martxotik aurrera, Infernuan bizi zen kolektiboarekin egindako «ahalegin ekonomiko eta soziala», ez dela «behar adina mantendu pertsona horien gizarteratze prozesua babesteko».
Hori dela eta, Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diete «dagozkien eskumenekin» 60 pertsona horien egoerari erantzuteko.