ETBren emisioak eteteko erabakia "tamalgarritzat" jo du Nafarroako Gobernuak. "EITBren jarrera ulertzen dugu, zigor handia jasotzera arriskatuko litzatekeelako, emisioek aurrera eginez gero", esan du gobernuko bozeramaile den Ana Ollok. Gaineratu duenez, UPNk ez zion Espainiako Industria Ministerioari egia esan, salaketa aurkeztu zuenean: "2015eko martxoan, EITBren kontrako salaketa aurkeztu zuen aurreko gobernuak. Espainiako Industria Ministerioak galdetu zuen Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmenik indarrean ote zegoen, eta UPNren gobernuak ezetz erantzun zion. Hitzarmena 2013ko martxoan apurtu zela argudiatu zuten orduan, baina hori ez da hala: itunaren etetea justifikatzeko dokumenturik ez dago, eta Eusko Jaurlaritzari ez zitzaion halakorik komunikatu, beraz, ofizialki, ETB jasotzeko hitzarmena indarrean zen".
Uxue Barkos lehendakariak ere gaitzetsi egin du UPNk prozesu osoan izandako jarrera: "Ez du zentzurik, XXI. mendean, telebista bat ikusteko eskubideari oztopoak jartzeak". Bestalde, ETBren seinalea berriz jasotzeko "ahalegin guztiak" eginen dituztela adierazi du lehendakariak. "Bidea zaila da, baina gobernu honek lanean segituko du, legaltasunaren bidetik betiere, gizartearen borondatea errespeta dadin". Alde guztiekin negoziatzen ari direla gaineratu du, baina ez du data zehatzik eman nahi izan. "Zuhurtziaz jokatu beharra dugu, eta hortaz, ezin dugu datarik aurreratu".
Jaurlaritza ere kexu azaldu da Madrilen erabakiarekin. Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak nabarmendu du ETBren seinalea Nafarroan etetea Hizkuntza Gutxituen Europako Kartaren aurkakoa dela, eta gogorarazi Espainiak itun hori sinatu zuela. Kartak Espainiako Estatuaz txostena egin zuen urtarrilean, eta bertan, argudiatu zuen lankidetza "bereziki beharrezkoa" dela komunikabideen sektorean; zehazki, EiTBren seinalea Nafarroan barreiatzeari eman zion garrantzia.
Baztarrikak jakinarazi du datozen egunetan gutun bat idatziko diola Kartaren idazkaritzari, seinalea etetearen berri emateko.