Araban lurpetik gasa ateratzeko proiektuak ingurumenean zein eragin izango dituen aztertzeko eskatu dio Gasteizko Udalak Espainiako Ingurumen Ministerioari. Azterketa egitea ez zuen beharrezko jo Espainiako Gobernuak, nahiz eta eskaria lehen ere egin zion udalak. Erabakiari helegitea jarri dio orain. Talde ekologistek nabarmendu izan dutenez, udalak ohartarazi du lurpeko urei, paisaiari eta babestutako espezieei kalte egin diezaiekeela gasa ateratzeak. Hartara, lanean hasi baino lehen izan ditzakeen eraginak aztertzeko eskatu dio Espainiako Ingurumen Ministerioari.
Ez da gas konbentzionala Araban ustez dagoena. Harkaitzean itsatsitakoa nahi dute lurpetik. Eusko Jaurlaritzak uste du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa 60 urtez hornitzeko adina gas badela Arabako Enara Handia gunean, eta ehun milioi euroko inbertsioak agindu ditu, AEBetako bi enpresarekin batera. 1.400 metro koadroko eremu bat zulatuko dute.
Fracking delako sistema erabili nahi dute gasa ateratzeko: zuloa egingo dute lurpean, eta, gero, urez, areaz eta gai kimikoz osatutako koktel bat jaurtiko dute, haitzak hausteko eta itsatsitako gasa libratzeko.
Urrian iragarri zuen aurkikuntza Patxi Lopezek, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, AEBetara egindako bisita batean. Geroztik, ordea, argibide gutxi izan dira proiektuari buruz. Hori bera adierazi dio Gasteizko Udalak Ingurumen Ministerioari: «zalantzak» daudela proiektuari buruz.
Enpresek, lanean hasi ahal izateko, ezinbesteko dute Gasteizko Udalak jarduera lizentzia ematea. Azaroan eskatu zuten, baina udalak adierazi du oraingoz ez duela erabakirik hartuko, ministerioak ezer argitu arte.
Ingurumen eragina jakin arte gasa ez ateratzeko eskatu du Gasteizek
Udalak helegitea paratu du planaren ingurumen eraginak ez aztertzeko erabakiaren aurka; arriskuez ohartarazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu