Atenasek suak setiatuta eman ditu azken egunak. Milaka lagunek etxea utzi behar izan dute,eta beldurrez begiratu diete sugarrei. Atzo kontrolatu zuten egoera, Gobernuaren arabera. Guztira 20.000 hektarea baso erre dira, eta 2007an ez bezala, inor ez da hil. Ondorio ekologiko larriak izango ditu suteak. Eta dozenaka urte beharko dituzte haiek gainditzeko.
Uda guztietako egoera da. Europako hegoaldea baso sute handien mehatxupean bizi da aspaldian. Sute gehienak gizakiek eragiten dituzte -haietako asko nahita-, eta bakarrik %5 inguru gertatzen dira arrazoi naturalengatik. Muturreko egoera meteorologikoek, beroaldi eta lehorteen gogortzeak basoen utzikeriak eta beste hainbat arrazoik errazten dituzte suteak.
Nekazaritza eremuan sua erabiltzeak ere eragiten ditu sute handiak:uztondoak, garbiketa lanak... Aldi berean, arduragabekeriek -itzali gabeko zigarroak botatzeak, esate baterako-, azpiegiturek eta istripuek ere hondamendi handietarako bidea eman dute. Urtetik urtera erregai gehiago egoten da basoetan-kudeaketa faltagatik-, eta piztean erraz zabaltzen da sua.
Egunotakoa ez da izan Grezian azken hamarkadetan izandako suterik larriena, baina milaka lagun jarri ditu suak arriskuan. Hori da, hain zuzen ere, adituek etorkizuneko sute deitu duten ohiko sutea: basoan ez ezik, hirigunean ere erraz zabaltzen dena. Biomasa handitu da, hiriguneak zabaldu dira eta suteak izateko arriskua dauden guneetan gero eta lagun gehiago bizi da. Horrek arriskua handitu du, batez ere Mediterraneoko Europan, eta ekologistek salatu dute agintariek ez dutela lurraldearen kudeaketa eta baso politika egokitu egoera berrira.
Horrekin batera, maiz agertzen dira hirigintza interesak. Egunotan Grezian izandako sutearen atzean etxegintza espekulazioa dagoela salatu dute erakunde ekologistek eta hainbat alderdi politikok. Duela bi urteko sute erraldoietan arrazoi beragatik 32 lagun atxilotu zituen Poliziak. Antzeko salaketak egon ziren Galizian 2006ko suteetan. Orduan 45 lagun atxilotu zituzten.
Etorkizun iluna
Klima berotzen ari da. Inor gutxik jartzen du hori zalantzan dagoeneko. IPCCko adituek egindako txostenaren arabera, batez beste 0,7 gradu igo da Lurraren tenperatura XX. mendean. Donostian, esaterako, 1,86 gradu igo zen batez besteko tenperatura 1970etik 2000ra,Igeldon bildutako datuen arabera. Adituek darabiltzaten eredu klimatikoek diote beroaldiak bikoiztu direla azken urteotan, eta joera areagotuko dela etorkizunean.
Azken hamarkadetan izandako beroaldi handienetan (1994,, 2003. eta 2006. urteetan) baso sute ikaragarriak gertatu ziren Europako hegoaldean. Adituen ustez,kontinenteko batez besteko tenperatura 2 eta 6,3 gradu artean igoko da hurrengo ehun urteotan. Horrekin batera, prezipitazioak gutxituko direla ere aurreikusten dute zientzialariek. Alegia, sutarako giroa nabarmen handituko da. Mediterraneoko Europa izango da, hain zuzen ere, IPCCko adituen arabera, klima aldaketaren ondorioz arazo gehientsuen izan ditzaketen munduko eremuetako bat. Munduan, Mediterraneoaren antzeko klima duten beste lurralde batzuetan -Kalifornian eta Australian, esate baterako- gertatu dira, hain zuzen ere, azken hamarkadetako suterik larrienetako batzuk.
Egoera ikusita, klima aldaketaren aurkako neurri ausartak hartzeko eskatu diete erakunde ekologistek agintariei. Horretarako, lehen urratsa, heldu den abenduan Kopenhagen izango den goi bileran egin behar dutela adierazi diete. Besteak beste, herrialde aberatsei CO2 isurketak 2020rako %40 gutxitzeko eskatu diete. Aldi berean, egoera berrira egokitzeko eta suteen aurkako prebentzio neurriak lantzeko eskatu diete, besteak beste, basoberritzeetan sartu ohi diren espezie arrotzei galga jartzea, edota suteei hobeto aurre egiteko baso politika ezartzea.
Munduko suterik handienak
Ondokoak dira azken 20 urte inguruan munduan gertatutako suterik handienetako batzuk:1987. Errusian, Ekialdeko Siberian, 11 milioi hektarea baso erre ziren. Munduan inoiz gertatutako baso suterik handiena izan zen.
1988. AEBetan, Yellowstongo natur parkean, 650.000 hektarea baso kiskalita geratu ziren sute batean.
1989. Kanadan, Manitobako eskualdean, 2,7 milioi hektarea baso kiskali ziren.
1998. Errusian, Siberiako Khaborovsk eskualdean, 1,15 milioi hektarea baso erre ziren.
1998. Malaysian, ohian tropikalean inoiz gertatutako suterik handiena izan zen, eta 815.000 hektarea erre ziren.
2000. AEBetan, Kalifornian, 62.000 sutek baino gehiagok, 1,5 milioi hektarea erre zituzten.
2009. Australian, Victoria estatuan, 450.000 hektarea kiskali ziren, eta 2.000 etxe guztiz birrindu. 200 lagun hil ziren sute boladan.
Galdera
'30aren araua'. Egoera meteorologiko zehatz bat dagoenean betetzen da 30aren araua deitutakoa: 30 gradutik gorako tenperatura; 30 kilometro orduko abiadura baino handiagoko haizea; eta, airean, %30eko baino gutxiagoko hezetasuna dagoenean gertatzen da. Orduan, sutarako giroa edo blow-up izenez ezagutzen den egoera izaten da.2.800
Araban uztailean erretako hektareak. Uztailaren 22an hainbat sute piztu ziren Araban, eta haien ondorioz, 2.800 hektarea erre ziren -1.600 hektarea erre ziren Trebiñun bakarrik-. Egun berean Nafarroan bi sute sortu ziren, eta 1.200 hektarea lur erre ziren.1989
1989ko udazkenean, Euskal Herrian zegoen lehorte luzeak lagunduta, 828 sute izan ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta hiru probintzietako baso eremuaren %7 erre zen. Egoerarik larriena Bizkaian jazo zen, hango basoen %20 erre baitziren.500
Baso sute handiak. Adituek sute handitzat hartzen dituzte 500 hektarea edo gehiago erretzen dituzten suteak.Urtetik urtera, batez beste, gero eta hektarea gehiago erretzen dituzte baso sute handiek Europako hegoaldean eta munduan.Gipuzkoa eta Bizkaiko suteek erdira egin dute azken urteetan. Nafarroan eta Araban, berriz, uztaileko azken asteko suteek lur eremu zabalagoak kiskali dituzte aurten. Klimak eta eguraldiak eragin erabatekoa dute.
Uztaileko sute handien errautsetan
Mikel Peruarena. DonostiaAspaldi ez bezalako lur eremuak erre ziren joan den uztailean Araban -2.800 hektarea- eta Nafarroan -1.200 hektarea-. 1989ko sute handien ostean, urte batzuk joan dira sute handirik ikusi gabe, Nafarroako iparraldeko suhiltzaileen koordinatzaile Jose Migel Larreak oroitarazi duenez. «Baina aurten izan ditugu bi sute handi[Nafarroan], egun berean, Itzagaondoan eta Txulapainen, eta horrek handitu du erretako lur eremua». Azken urteetan ez da halakorik izan.
Eguraldiaren gorabeherek eragin nabarmena dute, baita klimaren nolakoak ere, Euskal Herrian ikusten denez. Atlantikoko klimaren pean diren lur eremuetan hezeago dago lurra. Horregatik, uda ez, udazkena eta negua izan ohi dira urte sasoirik arriskutsuenak. Gipuzkoako Basoetako Zerbitzuko zerbitzuburu Ismael Mondragonen hitzetan, «[Gipuzkoan] udan euria egiten du noizbehinka, eta sastrakadiak eta arbolak berde mantentzen dira; mugitzen jarraitzen du izerdiak».
Neguan, ordea, hotzarekin, izoztu eta lehortu egiten dira landareak, zuhaitzen hostoak erortzen dira, eta boladak izaten dira hego haizearekin eta haize beroarekin. Horregatik, urria eta martxoa artean izaten da arrisku handiena Bizkaian eta Gipuzkoan. «Orain nahiko lasai gabiltza», azaldu du Mondragonek. Sute txikiak izan dira aurten Gipuzkoan, 26 guztira, eta 15 hektarea baino gutxiago erre dira. Suari aurre egiteko baliabideak hobetu izanak eragin du suteen jaitsieran, Mondragonek dioenez, baina eguraldiak asko lagundu du.«Azkeneko bost urteetan, 2003tik, nahiko sute gutxi egon da. Batez beste, urtean 80 bat izango ziren ordura arte, eta erdira jaitsi dira». Joera antzekoa izan da Bizkaian ere.
Bestelakoa da Arabako eta Nafarroa hegoaldeko egoera. Mediterraneoko klimak eraginda, lehorrago daude lur asko -Arabako suteen bi herenak Arabako Errioxan piztu ziren iaz-, eta udan ere arriskua izaten da suteetarako. Nafarroan bi sasoitan antolatzen dute urtea, suteei aurreegiteko. Joxe Migel Larreak azaldu duenez, neguan Nafarroa iparraldean egiten dute kanpaina. «Mugairen, Auritzen, Beran, Lesakan, Leitzan... sua erabiltzen dute tresna bezala, belar berria ateratzeko, eta aziendak sartzeko». Neguan pizten dira suak, mendia otez eta sasiz garbitzeko, eta gertatzen da eskuetatik alde egitea. Sarritan, «malda handiak» dauden lekuetan zabaltzen da sua, eta horrek zaildu egiten du itzaltzeko lana.
Udan, berriz, Nafarroa hegoaldean jartzen dute arreta suhiltzaileek eta larrialdi zerbitzuek. Arretaz gain, 170 pertsona ere kontratatzen dituzte denboraldirako, suteak itzaltzeko prest egoteko.
Nafarroako hegoaldean uzta biltzeko makinek eragiten dute sute gehien, Larreak dioenez. Gipuzkoako sute gehienen atzean, berriz, «axolagabekeria» dagoela dio Mondragonek. Mendian sua egin nahi duenak baimena behar du, eta egunean bertan berretsi egin behar du, baldintzak egokiak direla ziurtatzeko. Tarteka ezustekoak jazotzen dira, hala ere.
Prebentzioan jardun behar
Larrea suhiltzaile hasi zenetik, igaro dira 30 baturte, eta aldaketa handiak izan dira denbora horretan. Orain «askoz hobeto» daude suhiltzaileak: «Sua itzaltzeko teknikak, jendea, baliabideak... asko dauzkagu. Gehiago inbertitu behar genuke prebentzioan». Esaterako, sua itzaltzeko udan jendea kontratatzen den bezala, urte osoan jar liteke jendea lanean, Larrearen ustez, basoak garbitzeko. «Asko aldatu dira basoak», zikinago daude, eta horrek ere badu eraginik suteetan, dioenez.
Suteei aurrea hartzeko lanak antzekoak dira administrazioen aldetik: suebakiak egitea eta garbitzea, zuhaitzak kimatzea, bideak eta sasiak garbitzea, basoak berritzea... Ezberdintasunik ere bada, hala ere. Gipuzkoan aziendak erabiltzen dituzte sasiak garbitzeko, esaterako. Larreak dioenez, berriz, Nafarroan pinuekin egiten dira basoberritze asko. Badago aukera hoberik, haren ustez: «Gipuzkoan espezie ezberdinak sartzen dituzte, ikusita zer erregai duen bakoitzak, sua gertatzen bada, mozteko. Baina hemen daukagu pinua... Erraz ateratzen da, eta diru gehiago ematen du».