EHU Euskal Herriko Unibertsitatea «arduratuta» dago emakume gutxik ematen dutelako izena informatikako ikasketak egiteko. Ez da Donostiako Informatika Fakultatean bakarrik gertatzen, mundu osoan baizik. Kezka horretatik abiatuta, proiektu berri bat abiatu dute EHUk eta Puntueus fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako Organoaren babesarekin: Gladys saria sortu dute. Sari horren helburua da emakumeek ingurune digitalean egiten duten lana nabarmentzea eta erreferenteak sustatzea, neska gazte gehiagoren parte hartzea areagotzeko asmoz.
Gaur aurkeztu dute proiektua, Donostian. Gladyssaria.eus webgunean jarri dute izena emateko aukera. Hautagaiek zuzenean sar ditzakete haien datuak, eta badago beste pertsonaren bat hautagai izendatzeko modua ere. Ekainaren 18 artekoa da epea.
Hautagaien ibilbidea eta etorkizuneko proiekzioa hartuko dituzte kontuan saria emateko. Saridunak 3.000 euro jasoko ditu. Gainera, proiektuaren helburuetako bat erreferenteak sortzea denez gero, saridunaren ibilbidea biltzen duen bideo bat zabalduko dute webgunean, eta Kaixomundua.eus proiektu ikasleei hitzaldi bat emateko aukera ere emango diote.
Gladys del Estalen izena darama sariak. Hark Informatika Fakultatean ikasi zuen, hirugarren promozioan, eta 1978an amaitu zituen ikasketak. Ekologiaren aldeko eta energia nuklearraren aurkako ekintzailea zen, eta Guardia Zibilak hil zuen 1979an, Tuteran (Nafarroa), ingurumenaren aldeko ekitaldi batean parte hartzen ari zela. Sariaren sustatzaileek adierazi dute Gipuzkoan instalatutako lehen konputagailuetako bat programatzen egin zuela lan.