Eusko Jaurlaritza

Iñigo Urkulluk lehendakari kargua hartu du hirugarrenez

Segurtasun neurri bereziekin egin dute kargu hartzearen ekitaldia Gernika-Lumon, ohi baino gonbidatu gutxiagorekin.

Urkullu, Gernikako arbolaren aurrean, karguaren zina egiten. MIGUEL TOñA / EFE
2020ko irailaren 5a
12:16
Entzun

Ezohiko ekitaldi bat egin dute eguerdian Gernikako Batzar Etxean (Bizkaia), ezohiko segurtasun neurriekin. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hirugarrenez egin du karguaren zina Gernikako Arbolaren azpian; Jose Antonio Agirrek 1936an erabili zuen antzeko formula aukeratu du, aurreko bi aldietan bezala: «Jainkoaren eta gizartearen aurrean apal-apalik, herri ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzotasunez beteko dudalako, zin dagit». Gernikako Estatutuaren eta Bizkaiko Foruaren gainean egin du zina.

Ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako jarduneko sailburu gehienak, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, ahaldun nagusiak eta alderdi politikoetako buruzagiak; besteak beste, EAJko Andoni Ortuzar eta EH Bilduko Arnaldo Otegi. Espainiako Gobernuaren ordezkari moduan joan da Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa. Han izan da Patxi Lopez ere. Hura izan da ekitaldira joan den lehendakari ohi bakarra.

Urkulluk zain zuen Eusko Legebiltzarreko Mahaia, Bakartxo Tejeria buru. Bilkura aretoan izan da legebiltzarkideen ordezkaritza bat, ez baitago denentzako lekurik, eta Urkulluren senideak. Lehendakaria izendatzeko lege testuak irakurri ditu Legebiltzarreko Mahai idazkariak, eta Urkulluk karguaren zina egin du ondoren, Gernikako arbolaren azpian. Ohorezko aurreskua dantzatu diote gero.

Atzera Batzar Etxean, hitza hartu du berriro Urkulluk, lehendakari karguaz jabetzeko. «Estatuko ordezkari» izatea ere onartu du, eta «koroari leialtasuna» erakustea. Lehendakari makila hartu du, baina ez Tejeriarekin eskuetatik, aurtengo ezohiko protokoloarengatik.

Datozen orduetan adieraziko dute gobernu berriaren osaketa. Dena dela, sailburu batzuen izenak agertzen hasiak dira dagoeneko. Jokin Bildarratz izango da Hezkuntza sailburua, eta oso litekeena da Idoia Mendia izatea Enplegu eta Lan sailburua, bigarren lehendakariordea izatez gain. Zenbait hedabidek adierazi dutenez, PSE-EEk hiru sailburu izango ditu, eta Iñaki Arriolak gobernuan jarraituko du; Ingurumen Saila utziko du, baina Etxebizitza Saileko buru izaten segituko du, Eitb.eus-en arabera.

394 kazetari euskaldunek eskaera argia egin diote Eusko Jaurlaritzari: euskaraz lan egin eta informatu ahal izan dezaten, Jaurlaritzako hurrengo arduradunak euskaldunak izan daitezela. Nabarmendu dute arduradunen «betebeharra» dela informazioa eta zehaztasunak euskaraz ematea, baita kazetarien galderei euskaraz erantzutea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.