Albistea entzun

Jokin Bildarratz izango da Hezkuntza sailburua

Eta oso litekeena da Idoia Mendia izatea Enplegu eta Lan sailburua. Urkulluk gaur emango ditu gobernukide berrien izenak
Jokin Bildarratz eta Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean.
Jokin Bildarratz eta Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2020ko irailak 5 - Gasteiz

Gaur egingo du Iñigo Urkulluk lehendakari karguaren zina, Gernikako juntetxean (Bizkaia). 12:00etan izango da ekitaldia, eta ondoren emango du gobernuaren osaketaren berri. Hala ere, tantaka jakiten ari dira sailburu berrien izenak, komunikabideei isilpean jakinarazitako informazioaren bidez. Konfirmazio ofizialik ez dago, baina Correo egunkariak atzo aurreratu zuen Jokin Bildarratz izango dela Hezkuntza sailburu berria, Cristina Uriarteren ordez. Bildarratz EAJko senatari izan da azken zortzi urteetan, eta haren tokia hartuko du Estefania Beltran de Herediak, orain arte Segurtasun sailburu izan denak. BERRIA harremanetan jarri da Jaurlaritzarekin eta Bildarratzekin berarekin, baina Jaurlaritzak zehaztu du gaur arte ez dituztela sailburu berrien izenak jakinaraziko.

Cristina Uriarte jarduneko Hezkuntza sailburua atzo elkarrizketatu zuten Radio Euskadin, eta ez zuen argitu gobernu berrian jarraituko duen. Lehendakariaren «esanetara» dagoela esatera mugatu zen.

Idoia Mendia PSEren idazkari nagusiak asteon iragarri du Jaurlaritzan parte hartuko duela; bigarren lehendakariordea izango dela zabaldu zuen atzo Correo-k. Bigarren lehendakariorde kargua ez ezik, Enplegu eta Lan sailaren ardura ere hartuko du Mendiak. Joan den legealdian bi sailetan banatuta zeuden ardura horiek: Beatriz Artolazabal jeltzalearen esku zegoen Enplegu eta Gizarte Politika saila, eta Maria Jesus San Jose sozialistaren esku Lan eta Justiziarena. Gobernu berrian batuta egongo dira bi departamentuak, Mendiaren ardurapean. Izendapen hori baieztatzen bada, sozialistek pisu politikoa handituko dute legealdi berrian. Orain arte argitaratutako informazioen arabera, 11 sail izango ditu Jaurlaritza berriak, eta bi lehendakariordetza. PSErena izango da bigarren lehendakariordetza eta EAJrena lehena.

Jaurlaritza berriaren osaketaz galdetu zioten atzo Andoni Ortuzar EAJko EBBren presidenteari Radio Euskadin, eta aitortu zuen sozialistek pisu politiko handiagoa izatea ez dela arazo izango: «Egoera oso larria da, eta, ahalik eta konpromiso gehien lortzen badugu, askoz hobeto».

EAJ, eskua luzatuta

Inbestidura saioaren eztabaida ere hizpide izan zuen, eta azpimarratu zuen «zintzoa» dela akordioak lortzeko asmoz EAJk oposizioari egin dion eskaera, eta eskaintza horri legealdi osoan eutsiko diotela. «Denon ahaleginak eta lana behar ditugu krisitik ateratzeko, eta gu buru-belarri jarriko gara adostasunik handienak lortzeko».

Oposizioko taldeek inbestidura saioan diskurtso «erretorikoak» egin izana kritikatu zuen Ortuzarrek, eta alderdiei eskatu zien jarrera aldatzeko. Bereziki, EH Bilduren jarrera deitoratu zuen EAJko buruak: «Espero dut EH Bilduren azken propaganda ekitaldia izatea».

EAJren eta PSEren arteko gobernu akordioak autogobernuari buruz jasotzen duen proposamenaz ere galdetu zioten Ortuzarri, bi alderdiek desadostasun adostu gisa hitzartu baitituzte estatutu berriari buruzkoak. Iritzi ezberdinak jendaurrean defendatzeko askatasuna izango dute bi alderdiek, joan den legealdian bezala. Hala ere, Ortuzarrek zehaztu zuen EAJk «gidatuko» duela estatutu berria aurrera ateratzeko prozesua, eta «bultzada» emango diola Autogobernu Lantaldearen lanari. Gaineratu zuenez, EAJk autogobernuaz duen ikuspegia gobernuko beste bazkidearena baino «aurreratuagoa eta handinahiagoa» da, eta gehiago errespetatzen du gizartearen gehiengoaren borondatea.

Bestalde, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Naiz irrati katean azpimarratu zuen, hain zuzen, saio horretan «bi eredu» egon zirela aurrez aurre. Batetik, EAJren eta PSEren eredu «zaharkitua» ikusi zela uste du: «Termino nazionaletan eta gobernantza ereduan zaharkitua da, eta jite autoritarioak ditu». Maddalen Iriarte EH Bilduko hautagaiak, ordea, «eredu alternatiboak» planteatu zituela erakutsi zuen, Otegiren ustez. Haren esanetan, «oso argi» geratu da ezkerretik eta burujabetzatik badagoela alternatiba planteatzen duen «lidergo bat».

Burujabetzaren eztabaida mahai gainean jartzearen alde dago Otegi. «Akordioetarako eskua luzatua izango dugu, norabidea aldatu nahi baldin bada eta lehentasunak argi baldin badaude», adierazi zuen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa, Gasteizen ©jaizki fontaneda / FOKU
«Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

«Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

Jon O. Urain

Nola irudikatu gizarte hobeak, ipar gisa hartu eta bideari ekiteko. Utopiak ez dautza gatazkarik ezean, Martinezen ustez, gatazka «modu justuagoan» kudeatzean baizik. Gizarte hobeak ez baitira «zerutiarrak»: «Beti egongo dira egitekoak».

 ©J. DANAE / FOKU
Jose Maria Aznar eta Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiak, maiatzean, Madrilen. ©BALLESTEROS / EFE

BASOARTE ZARBATSUA

Iosu Alberdi

Espainiako Gobernuak desklasifikatu zituen lehen agiri sekretuak GALen ingurukoak izan ziren, 1997. urtean. Halere, zenbait dokumentu ezkutuan mantentzea erabaki zuen Moncloak, «estatuaren segurtasunaren» izenean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...