Inkesta abiatu dute Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa ikastetxe katolikoko indarkeria kasuen aztertzeko

Apirilean 11 salaketa jarri zituzten Uztaritzeko ikastetxeko 11 ikasle ohik, indarkeria fisikoagatik eta sexu abusuengatik. Batez ere, preskripzioaren epeak aztertu beharko dituzte, erasotzaileak atzemanen dituztelakoan.

Gilles Parent eta San Frantses Xabierkoa ikastetxeko beste zenbait biktima, apirilean, Baionako auzitegi aitzinean, salaketak ezartzera jinak zirela. PATXI BELTZAIZ
Gilles Parent eta San Frantses Xabierkoa ikastetxeko beste zenbait biktima, apirilean, Baionako auzitegi aitzinean, salaketak ezartzera jinak zirela. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko maiatzaren 2a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Ikerketa abiatu du Baionako auzitegiak Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa ikastetxe pribatu katolikoan (Lapurdi) gertatu ziren indarkeria kasuen aztertzeko. Apiril hatsarrean hiru ikastetxetako ikasle ohiak auzitegiaren aitzinean bildu ziren, hamahiru salaketaren ezartzeko, indarkeria fisikoagatik eta sexu abusuengatik. Salaketetatik 11 Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa ikastetxean gertatutako erasoei lotuak dira; beste biak, Domintxineko ikastetxe katolikoari eta Angeluko San Josepe ikastetxe publikoari. Indarkeria kasu guztiak bat eginik, 1960 eta 2005 bitartean gertatutakoak dira.

Ikerketaren harira, Uztaritzeko ikastetxearen kontra salaketa ezarri duten biktima bakoitza entzunen dituzte. «Arintzen gaitu. Azkenean, entzunak izanen gara», erran du Gilles Parentek, Uztaritzeko biktimen bozeramaileak.

Ikerketarekin ikusi beharko dena, batez ere, preskripzioaren epea da. Hain zuzen ere, haurren kontrako indarkerien kasuan, hogei urteko epea da; krimenen kasuan, berriz, 30 urtekoa. Horiek hola, salaketa bakoitzaren gertakizunak xeheki aztertu beharko dituzte, erasotzaileen berriz atzemateko —bizirik baldin badira—, eta preskripzioaren epea aztertzeko, erasoen dataren arabera.

Betharramdik Uztaritzera

Iazko urri hastapenetik hasi ziren pilatzen Notre-Dame-de-Betharram ikastetxe katolikoko apez eta zaindari ohi batzuen kontrako salaketak. Hain zuzen, Betharramgo afera zabaltzearekin, San Frantses Xabierkoa kolegioan agitutako sexu eraso eta bortizkerien biktimek, horien aldi, Facebook talde bat sortu zuten gertakizunen salatzeko.

Gilles Parentek sortu zuen taldea, eta, taldea sortuko orduko, bere lekukotasuna eman zuen bertan. Emeki-emeki, geroz eta biktima gehiago txertatu ziren, eta nork bere lekukotasuna kontatu zuen; 200 bat jaso dituzte dagoeneko.

Frantziako Asanblea Nazionaleko Kultura Gaietarako eta Hezkuntzarako Batzordeak mahai inguru bat antolatu zuen martxoan, ikastetxe publiko eta pribatuetan indarkeria kasuen prebentzioaren alorrean egiten duen lanaren karietara. Zortzi biktima kolektibotako bozeramaileak egon ziren bertan, bakoitza egon zen ikastetxean gertatutako indarkeria fisikoen eta sexu abusuen lekukotasunen ekartzeko: horien artean ziren Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa eta Euskal Herriko ikasleak hartu zituen Notre-Dame de Betharram (Okzitania) ikastetxea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.