ATXILOKETA

Inkomunikazioa kendu diote Asier Gonzalezi

Guardia Zibilaren aurrean deklaratuko du bihar, abokatuaren laguntzarekin. Guardia Zibilak atzeman du, Bilbon, 02:00 aldera.

Gonzalez, goizaldean, atxilotuta. A. ALDAI, EFE
2014ko martxoaren 11
21:44
Entzun

Asier Gonzalezi inkomunikazio erregimena kendu diote, eta bihar bertan deklaratuko du Guardia Zibilaren aurrean, abokatuaren laguntzarekin. Guardia Zibilak atzeman du, Bilbon, 02:00 aldera, ETAri laguntzea egotzita. 

Berrehun lagun inguru bildu dira eguerdian Santutxun Asier Gonzalez auzokidea askatzeko eskatzeko. Hainbat elkartek eta bizilagunek parte hartu dute bertan, eta Gonzalez "berehala" askatzeko exijitu dute. Beste mobilizazio bat iragarri dute arratsalderako: manifestazioa egingo dute, 20:00etan, Egunkaria plazatik abiatuta.

Etxean atxilotu dute Gonzalez Sorasu, Bilboko Zabalbide kalean, eta etxebizitza miatu dute ondoren poliziek. Hainbat material eraman dute bertatik, aztertzeko. Horrez gain, garajea ere miatu dute, eta haren autoa garabiak eraman du. Lau orduz miatu dute haren etxea, eta, ondoren, Santutxuko herriko tabernara joan dira harekin, taberna hori ere miatzera.

2007 eta 2008 artean ETAren Bizkaia taldeari laguntzea egotzita atzeman du Guardia Zibilak. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, Errioxan USB memoria bat topatu izanaren ondotik atxilotu dute Gonzalez Soreasu. Taldea 2008ko uztailaren 22an desegin zuten, Arkaitz Goikoetxea atxilotu eta gero.

Gobernuaren esanetan, Santutxuko Segiko kide izateagatik "ezaguna" da. Zabalik jarraitzen du operazioak, eta ministerioak ez du baztertu lagun gehiago atxilotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.