ELLAKURIAREN HILKETA

Inocente Montanoren aurkako epaiketa hasi da, Ellakuria eta beste lau jesuita hiltzea egotzita

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 150 urteko kartzela zigorra eskatzen du El Salvadorko Defentsa ministrordea izandakoarentzat  

Inocente Montano, 2017an. EFE
Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 8a
13:07
Entzun

1989ko azaroaren 16an Ignacio Ellakuria euskal herritarra, beste lau jesuita eta hiru herritar hiltzea egotzita, Inocente Montano El Salvadorko Defentsa ministrorde eta armadako koronela izandakoaren aurkako epaiketa hasi da Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak 150 urteko kartzela zigorra eskatzen du harentzat. Hamar saio ezarri ditu auzitegiko aretoak, eta aurreikusi du epaiketa uztailaren 16an bukatuko dela.

Joan den abenduaren 13an iragarri zuten epaiketa 2020ko ekainean egingo zutela. COVID-19aren izurriaren ondorioz ezarritako alarma egoerak justiziaren funtzionamenduari ere eragin badio, bere horretan mantendu dute epaiketaren data. Montanorekin batera, Rene Yusshy Mendoza El Salvadorko armadako tenientea zena eseriko da akusatuen aulkian. Justiziarekin kolaboratu duela iritzita, Yushhy Mendozarentzat hilketa bakoitzeko urtebeteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak.

Haren  arabera, hilketen «erabakian, diseinuan edo exekuzioan» parte hartu zuten. «Auzipetuek, prozedura honetan ikertu ez dituzten beste pertsona batzuekin batera, azpiegitura paralelo bat eratu zuten El Salvadorko estatuaren barruan, legezkotasunetik kanpo zegoena. Bake publikoa larriki aldatu zuen, eta herritarren artean izu egoera bat ezarri zuen zibilen exekuzioen bidez, behartutako desagerpenen bidez...».

Gogoan hartu behar da El Salvadorren gerra zibil betean zeudela hilketak gertatu zirenean. Ellakuria (Portugalete, Bizkaia, 1930) EAU Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko errektorea zen orduan, eta, fiskalak nabarmendu duenez, gatazkari irtenbide bat emateko «lidergoa» hartu zuten jesuitek, «bereziki» Ellakuriak: «Alde guztiekin hitz egiten zuen bitartekari bakarra zen, eta [Alfredo] Cristiani presidentearen eta matxinoen arteko zubi lanak egiten zituen». Horrenbestez, «eskuin muturreko militanteek jomugan jarri zuten», jesuitei leporatzen zietelako «nazioarteko konspirazio komunista batean» parte hartzea.

Behin-behinean espetxeratuta

Auzitegi Nazionalak 20 bat militar ohi auzipetu zituen, baina El Salvadorko agintariek ez diete jaramonik egin estradizio eskaerei. Montano, berriz, 2015ean atxilotu zuten, AEBetan, eta bi urte geroago Espainiako Estatuaren esku utzi zuten AEBek. 2017ko azaroaren 29tik dago behin-behineko espetxealdian. Osasun arrazoiak eman ditu kartzelatua ez izateko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.