Albistea entzun

Memorian iltzatuta dago

30 urte bete dira militarrek Ignacio Ellakuria, beste bost jesuita eta unibertsitateko bi lagun tiroz hil zituztela El Salvadorren. Haiek utzitako arrastoa bizirik dago oraindik.
Azaroaren 16an, hildakoak oroitzeko <em>Argitxoen prozesioa</em> San Salvadorren.
Azaroaren 16an, hildakoak oroitzeko Argitxoen prozesioa San Salvadorren. M. LEMUS / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2019ko azaroak 26

Hiru hamarkada igaro dira, eta haren ondarea ez da ahitu. Hilaren 16an, 30 urte bete ziren Ignacio Ellakuria eta beste zazpi pertsona —bost jesuita, haien sukaldaria eta haren alaba— San Salvadorren Erdialdeko Amerikako Unibertsitatearen lorategian tirokatuta hil zituztenetik. Haien memoriak bizirik dirau. 1989ko azaroa zen, eta gerra zibil betean zen El Salvador: unibertsitatearen arduradunak gobernu militarraren heriotza eskuadroi batek hil zituen, ustez. Haiek utzitako arrastoa bizirik dago oraindik; askok iltzatua dute Ellakuriaren jardunaren eredua.

1989ko sarraskia urtero gogoratzen dute San Salvadorren. Aurten ere hala egin dute: hilaren 16an milaka lagun atera ziren kalera Argitxoen prozesioan, hildakoen omenez. Oroimenarekin batera, justiziaren aldarriak bete zituen hiriburuko kaleak. Auzia, gerrako beste hainbat bezala, zigorgabe geratu zelako eta oraindik ere biktimek ez dutelako jaso egia, justizia eta erreparaziorik.

Ignacio Ellakuria jesuita bizkaitarraren (Portugalete, 1930) hilketak mundua astindu zuen, 1989an. EAU Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko errektore zen orduan, eta El Salvadorko gatazka amaitzeko lanean aritzen zen, buru-belarri. Izan ere, 1980ko urteen hasieran, El Salvadorko gerrillari mugimendua indartsu zegoen, Nazio Askapenerako Faranbundo Marti Frontearen (FMLN) eta Fronte Demokra- tiko Iraultzailearen (FDR) bitartez. Ellakuriak harreman berezia zuen FMLNko komandante Joaquin Villalobosekin, ikasle izan baitzuen, eta harremana zuen gobernuarekin ere, bitartekari lanak egiten zituelako. Ez batak ez besteak ez zuela herria ordezkatzen uste zuen Ellakuriak, eta bi aldeei elkarrekin hitz egitea eskatu zien maiz.

Diskurtso «ausarta» zuen

Garai hartan jesuitak FMNL eta gobernuaren artean bitartekari ari ziren, gerra amai zedin, eta Ellakuriak alde bietako bortizkeriaren aurkako diskurtso «ausarta» eta «argia» zuen, Rafael Agirre teologoak eta Ellakuria zenaren lagunak gogora ekarri duenez. Agirrek 1986an ezagutu zuen Ellakuria, Madrilgo (Espainia) kongresu batean zegoela, eta handik urtebetera El Salvadorrera joan zen harekin denbora batez bizitzera. Oso gertutik ezagutu zuen Ellakuria: «Autoritate handiko pertsona zen herrialdean. Moral aldetik, erreferentzia bat zen El Salvadorren; monsinore Moreno hil ostean, Ellakuria zen erreferentzia nagusia».

Gerra betean zegoen orduan El Salvador, eta Ellakuriaren jarrerak aurkakotasun asko eragiten zituen. «Eskuinak, oligarkiak eta, batez ere, militarrek kontrolatutako gobernu bat zegoen, dena Ameriketako Estatu Batuen gidaritzapean, eta Ellakuriak oso argi eta ozen salatzen zuen hori», gogoratu du Agirrek. Bizitza arriskuan zuela ohartarazi zioten gertukoek: «Guk esaten genion militarrak atzetik zituela, etsaitzat zutelako, eta aholkatzen genion giroa baretu arte ez joateko unibertsitatera, arriskutsua zelako. Baina bera sinetsita zegoen han egon behar zuela, egoerak hala eskatzen zuelako».

Ellakuria hil zuten eguna ongi gogoratzen du Agirrek. «Haren heriotzak hunkitu egin ninduen. Mundu osoa hunkitu zuen, bereziki Euskal Herria». Gau hura ez du erraz ahaztuko: «Ostiral batean egon nintzen berarekin, eta asteazken goizean hil zuten».

Hain justu, azken hitzaldi publikoa egin zuen Ellakuriak 1989ko azaroaren 6an, Bartzelonako udaletxeko Salon de Cent aretoan, nazioarteko Alfonso Comin saria eman zietenean Erdialdeko Amerikako Unibertsitateari eta hango errektoreari. Azaroaren 13an itzuli zen El Salvadorrera, eta ordurako etxeratze agindua emanda zegoen hirian. Handik hiru egunera, azaroaren 16an, asteazken gauean, Atlacatl bataloiko soldaduak egoitzan sartu ziren, eta Ignacio Ellakuria, Segundo Montes, Ignacio Martin-Baro, Amando Lopez, Juan Ramon Moreno eta Joaquin Lopez jesuitak hil zituzten, baita unibertsitateko langile Julia Elba eta haren alaba Celina Ramos ere.«Emakume haiek pentsatu zuten etxea baino leku seguruagoa zela unibertsitatea. Oker zeuden. Militarrek ez zuten lekukorik nahi».

Pertsona jantzia

Pertsona jantzia zen Ellakuria. Teologo ikasia, eta filosofo aparta. Xabier Zubiri filosofo donostiarraren ikaslea izan zen, eta haren jarraitzailea. «Oso jantzia zen intelektualki, dialekto handia zuen, eta mintzaira bikaina, zuzena, argia eta ausarta». Zubiriren ikasle izateak formakuntza aparta eman zion filosofian, baita «zorroztasun handia» ere, «demagogiatik» erabat aldenduta, Agirrek azpimarratu duenez. «Zubirik errealitatea ikuspuntu metafisikotik aztertzen zuen, baina Ellakuriak alde historikoa gehitzen zion. Errealitatearen analista aparta zen, batez ere Ertamerikako errealitatearena».

Justizia noizbait egingo den esperantza gutxi du Agirrek. «Badakite nortzuk eman zituzten aginduak, nortzuk eman zituzten tiroak... baina ia denak libratu dira». Justizia egin artean, Ellakuriaren ondarea oso presente dauka: «Elkartasun ondarea utzi digu, giza duintasunarena. Gaur egun munduan nagusi diren injustizia, ankerkeria eta kaskarkeriaren aurrean, Ellakuriak erakutsi zigun gizakiak duintasunerako gaitasun handia duela eta hori oso kontsolagarria da».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©MARISCAL / EFE

«EAJk 40 urtez egin duen politikan dabil EH Bildu orain»

Xabier Martin

Kupoaren bost urterako akordioa da EAJren legegintzaldiko mugarri nagusietako bat, Sagastizabalen arabera. Nafarroako trafiko eskuduntzari ongietorria egin dio.
Maria Txibite Nafarroako lehendakaria. ©VILLAR LOPEZ / EFE

Foru Hobekuntza: osatu edo berritu

Jon O. Urain

Txibitek uste du ez dela garaia Nafarroako Foru Hobekuntza moldatzeko, hura «garatzeko» baizik. Barkosek dio legea «bete gabe» dagoela eta «itun politiko berri bat» beharrezkoa dela
Tellez, 2008ko ekaineko mobilizazio batean, Managuan. ©Mario Lopez / EFE

Dora Maria Tellezi emango diote Rene Cassin saria

Jon O. Urain

«Giza eskubideen sustapenean, defentsan eta zabalkundean duen konpromisoagatik» sarituko dute.

IAren mobilizazioa, martxoaren 24ko greba zela-ta, Gasteizen. ©Iñigo Uriz / Foku

Mugimendu Sozialistako bi kidek «jazarpen poliziala» salatu dute

Berria

Esan dutenez, «kolaboratzeko» eskaintza egin diete telefonoz zein zuzenean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.