AHT abiadura handiko trenaren proiektua «ezinezkoa» dela eta«hautetsien eta herritarren» nahiaren kontra egingo dutela salatzeko, manifestazio bat egin zuten atzo arratsaldean Tolosan (Gipuzkoa), AHT Gelditu! Elkarlanakdeituta. Indarrak biltzeko eta «inoiz baino gehiago» tren lasterraren aurka egiten jarraitzeko eskatu zuten antolatzaileek.
Eguraldia kaskarra izan arren —euria egin zuen protestak iraun zuen bitartean—, jai eta aldarrikapen giroan egin zuten ibilbidea300 lagun inguruk. Festa eguna zen atzokoa Tolosan, inauteri aurreko asteburua izaki kaldereroak baitzituzten. Ertzaintzaren bi furgoneta aurrean zituztela, Triangulo plazatik abiatu zen manifestazioa, Lapurrak, xahutzaileak, txikitzaleak... kanpora; AHTrik Ez! leloa hartuta. EHNE sindikatuaren banderak eta hainbat traktore izan ziren ibilbidean, nekazarien salaketaren lekuko. Langileek ere AHTari ez! eta Gazteok ez dugu abiadura handiko etorkizunik nahi, AHTrik ez! zioten pankarta batzuk ere baziren manifestazioan. Plaza Berrian amaitu zuten protesta,San Frantzisko ibiltokian eta alde zaharrean ibili ostean.
Halako azpiegitura «basatien» kontra egoteko arrazoiak gogorarazi zituzten beste behin atzoko protestan. Hala, tren lasterrak ez diela Euskal Herriko herritarren garraio beharrei erantzuten salatu zuten. «Gainera, hegazkin batek adina kutsatzen du, eta energia izugarria xahutu». Hala, proiektuak ingurumenari kalte nabarmenak eragingo dizkiola berretsi zuten. «Kalte horiek, gainera, konponezinak izango dira». Horri lotuta, nekazaritza egoera larrian utziko dutela azaldu zuten. «Horrek oztopatu egingo luke elikagai subiranotasuna». Ekonomia aldetik proiektua «bideraezina» dela ere nabarmendu zuten. «Diru publikoaren zati bat, gainera, esku pribatuetan geratuko da, zerbitzu publikoen kaltetan».
Herritarrei errealitate hori «ezkutatu» egiten zaiela salatu zuten. «Inposizioaren eta desinformazioaren bidez proiektua aurrera doa. AHTa egin egingo dutela errepikatzen dute behin eta berriz, eta, horretarako, ez dute zalantzarik egiten metodo errespresiboenak erabiltzeko».
Hori horrela, uste dute une egokia dela indarrak batu eta AHTaren aurka egiteko. «Azpiegitura hau ere ari da krisi ekonomikoaren ondorioak jasaten, eta hainbat lekutan obrak geldirik daude. Orain, inoiz baino gehiago, guztiok batera indar egin behar dugu zentzugabekeria hau amaitzeko». Izan ere, Elkarlanaren arabera, posible da beste garraio eta bizitza eredu bat: «Inguruan gai honi buruzko informazioa zabaltzera eta egingo diren protesta eta ekimenetan parte hartzera dei egiten diegu herritarrei».
Kontuan izan behar da Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Sustapen Ministerioak lanak egiten jarraitzeko urrats gehiago egin dituztela azken asteetan Tolosaldean. Tolosa-Hernialde zatiko aktak, adibidez, hilabete hasieran egin zituzten. Tolosako eta Ibarrako udaletan protesta artean sinatu zituzten; Ibarrako Udalak, haatik, uko egin zion sinatzeari. Egun batzuk geroago Andoain eta Hernani arteko zatien desjabetzeak egitekoak ziren. Andoainen egin zituzten; ez, ordea, Urnietan eta Hernanin. Han ere ez zituzten desjabetze aktak sinatu nahi izan.
Apirilaren 2an, Iruñean
Elkarlanak berak deituta, apirilaren 2an Iruñean AHTaren aurkako manifestazio bat egingo dute. AHTa Nafarroan: hasi baino lehen geldi dezagun izango da protestaren leloa. Manifestazioa 18:00etan abiatuko da, Antoniutti parketik; eta, atzo Tolosan egin bezala, proiektuaren inguruan herritarrek informaziorik ez dutela salatuko dute, baita «ekonomia, gizarte eta ekologia aldetik» bideraezina dela ere. «Inongo logikarik ez duen garraio azpiegitura sistemaren beste pieza bat da». Elkarlanak dei egin die herritarrei manifestazioaren antolakuntzan parte hartzera eta manifestazioa «koloretsua eta berezia» izateko ekarpenak egitera.
«Inoiz baino gehiago» AHTaren aurka indarrak batzera dei egin dute Tolosan
AHTa egin ahal izateko «inposizioa eta desinformazioa» erabiltzen ari direla salatu du Elkarlanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu