Abortua. Eztabaida Europako Parlamentuan

«Inor ez da salbu; gu izan gaitezke bihar»

Gallardonen legearen aurkako mobilizazioak loratzen ari dira Frantzian. Europako emazteei begira «elkartasun argia» plazaraturik dela diote feministek. Ipar Euskal Herrian ere ari dira protesta batzuk prestatzen.

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2014ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Gallardonen legearen aurkako mobilizazioaloratuz doa Frantzian. Ipar Euskal Herrian ere ari dira hainbat eragile ondoko asteetarako ekintza batzuk prestatzen. «Ez dakit Madrili presio egiten diogun, baina behintzat Europako beste emazteei elkartasuna adierazten diegu», dio Elsa Glutine Tolosako (Okzitania) feministak. Asteazkenean atera zen karrikara, Gallardonen legea deitoratzera. Hastapenean elkarretaratzea egin behar zuten, baina azkenean manifestazio bat inprobisatu zuten, eta uste baino jende gehiago bildu. 450 bat lagun ziren, feminista andana bat, baina ez bakarrik. «Tolosako ingurugiro militantetik baino harago zihoan».

Abortatzeko eskubidea ukan arren, egunetik biharamunera ukatua izan daitekeela oroitarazi die Madrildik ailegatu lege proiektuak: «Inor ez da salbu; gu izan gaitezke bihar», Christine Mauget Poitiers hiriko Planning Familial-eko militantearen hitzetan. Planning Familialaren web orrira sartu, eta elkarretaratze zerrenda luzea kausitzen da agendan: Amiens, Marseilla, Nantes, Bordele, Clermont-Ferrand, Perpignan, Lille, Niza, Montpellier... Lehena abenduaren 27an egin zuten Parisen, eta geroztik gehituz joan dira, astez aste. «Egia da erantzun baikorra jasotzen ari garela. Espainiako emazteei begira, sostengu argia plazaratzen ari gara», dio Maugetek. Ipar Euskal Herrian ere hasiak dira eragileak mobilizatzen. Izenpe bilketa bat abiaturik da, eta ondoko asteetan eramanen dituzte guztiak Espainiako Kontsulatura. Mobilizazioak egonen dira datorren ostiralean eta otsailaren 1ean, Baionan.

Herritarrak abortuaren eskubideari «azkarki lotuak» direla dio Planning Famial-eko kideak. Horrela esplikatzen du Gallardonen legeak sortu kezka eta kexua. Gogora ekarri du Frantziako mugimendu feminista aldarri horren inguruan azkartu zela 70eko hamarkadan. «Beste hainbat gairi begira zatiketak egon daitezke, baina abortuari begira adostasun osoa bada ezkerraren baitan».

Parean, haatik, aurkari sutsuak daude. Abortatzeko zentroen aitzinean biltzen dira maiz, eskubidearen ukazioa exijitzeko edota otoitz egiteko. Horiek egon ziren gay eta lesbianen ezkontza eskubidearen aurka mobilizaturik: «Berdinak dira. Dena da lotua. Presio egiten ari dira», Maugeten arabera. Aurka direnei emandako erantzun gisa ere analizatu du mobilizazioa.

Europako Parlamentuari so

Gallardonen legeari buruzko desadostasuna Madrilerantz bideratzeaz gain, Bruselara ere eraman nahi dutela ohartarazi du. Kezkaturik da, abortuaren eskubidea bermatzeko pauso sendorik ez duelako eman Europako Parlamentuak. «Estrela txostena gibelera bota zuten abenduan! Europari begira mobilizatu behar gara, Espainian gertatzen ari dena ezin delako berriz gertatu».

Europako Parlamentuaren eta Nazio Batuen Erakundearen gisako guneetan abortuaren aurkakoen lobby-a «ikaragarria» dela dio. Horren parean, alderdi aurrerakoiak «uzkurregi» direla gehitu du. Soa nazioarterantz du Glutinek ere: «Abortuaren eskubidea dudan ezarria da denetan. Borroka internazionala da abortuaren aldekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.