Aurpegia irribarretsua du. Sakelakoari begira dago, atzamarrak teklatua astintzen. Dirdira du begietan. Poza dario barrenetik. Maitemindu berri den nerabe artegatuaren moduan ageri da, udaberriko hormonak dantzan. Sintoma horiek atzematen ez dakiena ez da inoiz amoros izan. Edo ahantzia du hemezortzi urte izatea zer den.
Irakasleak zertan ari den galdetu dio gazteari. «Amarekin hitz egiten ari naiz». Amarekin? (kar, kar, kar). Zenbat probabilitate daude gaurko 18 urteko mutil batek ikasgelatik amarekin txatean jarduteko? Zer esan behar dio ikasleak amari Whatsappen bidez, hain alai eta pozik, goizeko bederatzietan? «Napolitanak ederrak daude. Gehiago erosi, amatxo». Ez dago kristaurik, hori sinesten duenik. Mesedez!
Txatean jardun norberaren amarekin? Baliteke, bai. Eta inoren amarekin zergatik ez? Ez eman buelta askorik, halakoxea dugu mundua. Nork esango digu ikasle hori amarekin hizketan ari dela eta ez beste ama batekin? Umetan ostiral arratsaldeetan ikusten zuen Mikelen ama hura andre helduagoa da egun, oso desiragarria, ordenagailuan ezkutuan ikusten dituen emakumeen antz handia duena.
Inoren amarekin jardun? Lehen ere bazeuden halako kasuak, baina ohikoagoa zen asmo ilun horri muga bat jartzea. Orain, ez. Gogoratzen la madre de José, Joseren ama, abestia? Gure kantariak ez zuen txortan egiteko beste andrazkorik munduan, Jose koitaduaren ama baino? Laguna umiliatu egin behar duzu, amarenganako maitasuna, harrotasuna hautsi? «Pena handia ematen dit, José, baina zer egingo diogu, ederra duzu ama. Eta zeinen ondo egiten duen larrutan, gainera! Ez zaitez haserretu, José». Eta Josék zer egin behar du? Zure amarekin oheratzen den lagunari laguna deitzen segitu behar duzu?
Gurasoa izateak batzuetan haurren aurkaria izatea dakar. Gatazka ezinbestekoa da. Ordea, inor gutxik nahi du prezio hori ordaindu.
Gelatik amarekin benetan txatean jardun edo ez, gero eta ahots gehiago entzuten dira sakelakoei eskoletako ateak ixteko. Espainiako Gobernuak asmo hori du. Horretan ari omen da lanean. Ikastola bateko irakasle batek azaldu didanez, ikastetxean telefonoa kentzen zioten gelan gailua behin eta berriro erabiltzen zuen ikasleari. 48 ordu-edo telefonorik gabe. Harik eta euskal polizia zurrun batek ikastolara joan eta hori legez kanpokoa zela esan zien arte. Semeari halakorik ez egiteko. Besterik ez genuen behar. Ertzain santua legezkotasuna eta zuzentasuna defendatzen. Esan ertzain horri ez galdetzeko nora zoazen egun edo gau batean, karnetarekin batera informazio hori eskatzen dizunean. Nahi badu, zure atzetik joateko gau eta egun, baina zu ez zaudela behartuta berari nora zoazen esatera. Igarriko diozu non eta nola bukatuko duzun.
Gazteek sakelakoa izatea modu zorrotzago batez eragotzi nahi dute orain. 16 urte izan arte gailurik ez. Legez debekatu eta kito. Hori esaten hasi dira zenbait guraso. Ez dut uste gazteek sakelakoa izatea munduko gaitzik okerrena denik. Baina hala baldin balitz, gurasoen ardura izango litzateke hori galaraztea. Kontua da egungo hainbat gurasok ez dutela jadanik botere moralik umeari telefono hori ez emateko. Tabernako hizkeran esanda: ez dute obariorik, barrabilik edo dena delakorik ezetz esateko. Errazago dute legearen aitzakia atera, erabakia besteren bizkar utzi, haurrarekin behar bezala argudiatu baino. Gurasoa izateak batzuetan umeen aurkaria izatea dakar. Gatazka ezinbestekoa da. Ordea, inor gutxik nahi du prezio hori ordaindu.
Jakin nahi nuke gure ertzain legalistak semea edo alaba 16 urte bete arte telefono barik uzteko kemenik izango ote lukeen. Eskolarekin bezain zorrotz jokatuko ote lukeen. Eta semeak institutuan telefonoa erabiltzen segitzea onartuko lukeen. Semearen elkarrizketa izan amarekin —«ekarri napolitana gehiago gosaltzeko, amatxo!»— izan inoren amarekin —«hark ez du inoiz ezer jakingo, gure sekretua izango da»—. Nola erreakzionatuko lukeen etxeko gazteak Mikel deritzon nerabearen amarekin larrutan egin duela jakingo balu. Berak desiratu bai, baina oraindik inola ere konkistatu ezin izan duen andre helduarekin.