Lekukoen arabera, "nabarmena" da Espainiako Polizia Armatuak "nahita" hil zuela Jesus Garcia Ripalda (Donostia, 23 urte) MC estatuko mugimendu komunistako kidea, 1975eko abuztuaren 31n, Donostian, manifestazio batean, baina artean frankismoaren garaia zen, eta auzitegi militarrak artxibatu egin zuen kasua, urte berean. Lekukoek beraiek eta Garcia Ripalda sendiak diote "beldur handia" zegoela orduan auzitara jotzeko, "frankismoaren aurka borrokatzen zirenak arriskuan jartzea ekar zezakeelako", eta ez zuten salaketarik aurkeztu, ezta erregimena bukatu ostean ere. Estatuaren aldetik "urteetako isiltasuna" egon da, Luis Diez (Donostia, 63 urte) MCko kide ohi eta Garcia Ripaldaren lagunak dioenez. Hildakoaren familia, alderdikide, lagun eta tiroketaren lekukoengana jo du BERRIAk; asko 40 urtera mintzatu dira lehen aldiz hedabide baten aurrean. Oroz gain, bertsio ofizialaren "gezurrak" eta "inpunitatea" gaitzetsi dituzte.
1975eko uda. Espainiako Gerra Kontseiluak heriotza zigorra ezarri zien abuztuaren 28an Angel Otaegi eta Jose Antonio Garmendia ETAko kideei, Gregorio Posadas Zurron guardia zibila hil izana egotzita —gero gobernuak indultua eman zion Garmendiari—. Bi haien eta FRAP talde iraultzaileko hiru kideren aurkako heriotza zigorraren epaia salatzeko, Donostian manifestazio batera deitu zuten abuztuaren 31rako MCren Gipuzkoako taldeak eta frankismoaren kontrako beste talde batzuek. "Hiri osoko manifestazioa zen, eta Grosen jarri genuen ordua. Tokiz aldatzen ibiltzen ginen, klandestinitateagatik", esan du Marian Esnaola MCko kide ohiak —Deban jaio zen, eta 20 urte zituenetik Donostian bizi da; 67 urte ditu—.
Igandea zen, eta 19:30ean zen hastekoa martxa. Garcia Ripalda sendiak etxeko bazkaria eduki zuen, eta, Jesus irtetera zihoanean, haren amari atentzioa eman zion semeak igande batez kiroletako zapatilak izatea, haren arreba Cristinak (67 urte) kontatu duenez. "‘Nolatan horrela, Jesus?’, galdetu zion amak, eta anaiak erantzun zion erosoago zegoela kiroletako zapatilekin".
Ez zekiten MCn-edo zebilenik. Ez zen ohikoa familiak seme-alaben halako kontuak jakitea. "Militanteok ere ez genuen jakiten zein ziren inguruko beste kideak. Izan ere, talde txikiak egiten genituen, eta beste taldeetako lagunak ez genituen ezagutzen. Igual arduradunek bai, baina besteok ez. Hori zen Poliziak jendea ez harrapatzeko neurrietako bat", dio Esnaolak. Hark ez zuen ezagutzen Jesus Garcia Ripalda. Diezek, bai; txikitako lagunak ziren, eta 1974an ekin zioten militantzia politikoari. Gauez peritu ikasketei heltzen zien Jesusek, eta egunez, Cristina arrebarekin batera, beste arrebaren-eta Trans-mobel izeneko altzari denda batean egiten zuen lan, Donostian, Prim kalean, San Martin kalearekin izkina egiten duen tokian.
Abuztuaren 31 hartan, jendea manifestaziorako batzen hasi zen Mirakruz kalean, lehen Trueba zinemak zeuden parean, eta Pinudi plaza aldean. 500-800 lagun bildu ziren, MCko kideen esanetan. "Heriotza zigorrak zirela-eta garai berezia zen", esan du Diezek, "baina han kalera ez ziren atera alderdi denak, batzuek frankismoaren kontra zeudela esaten zuten arren. Kalera ateratzen ginen eragile politikoko kideak geunden manifestazio hartan". Garaia kontuan hartuta, nagusiki ahoz aho eta eskuorrien bidez egin zuten deialdia. Jendea "urduri" zegoela oroitzen da Diez, "kaleko jantzitako polizia asko ibiltzen zelako eta, gainera, asko zekitelako".
Trueba zinemen aurretik abiatu eta ehunen bat metrora, manifestazioaren ibilbidea segituz, ezkerrera hartu zuten, Aita Larroka kalera. Diez eta Esnaola bertan zihoazen. "Mirakruz kalean sekretak zeuden, Polizia Armatukoak, Larrokatik gertu, eta manifestazioa sakabanatzen hasi zen", adierazi du Esnaolak; batzuk Mirakruzen gora, beste batzuk behera, Larrokan barrena besteak, edo Karkizano kalera. Tiroketa bat izan zen orduan. Diezek ez zuen ikusi. Esnaolak, bai: "Ni ez nintzen Trueba parean sartu manifestazioan, pixka bat aurrerago baizik, eta erdi parean. Garcia Ripaldak beste lagun batekin-edo pankarta bat zeraman, makilekin eusten ziren haietakoa, eta ez zegoen martxaren buru-buruan. Ez dakit pankarta zeramalako izan zen, baina kontua da polizia batek ondo-ondoan zuela egin ziola tiro Garcia Ripaldari, Larroka kalearen hasieran, Iraeta tabernaren aurrean". Sabelean jaso zuen tiroa, bat, eskuinaldean. Izenik eman nahi ez duen beste lekuko batek esan du tiro egin zion polizia ez zela Mirakruztik sartu, baizik eta Iraeta aurrean zegoela, zain, baina hark ere berretsi du nahita tirokatu zuela donostiar gaztea.
Lorentxo Garmendia (Donostia, 63 urte) MCko kide ohiak iritzi dio "gainbeheran" zela frankismoa, eta "errepresioa ohikoa" zela. "Maiz egiten zuten tiro poliziek. Egun hartan baita pertsona bati ere, eta nahita".
Bertsio ofiziala
Bestelakoa da bertsio ofiziala: Garcia Ripaldak kaleko jantzitako polizia armatu bat ezagutu zuela, manifestaziotik irten eta pankartako makilarekin jo zuela, labana bat ere atera zuela, poliziak mutila izutzeko pistola atera zuela, biak borroka batean hasi zirela, gazteak arma kendu nahi izan ziola, eta orduan poliziaren pistolak ustekabean tiro bat egin zuela, MCko kidea zaurituz. Azalpen ofizialaren arabera, "subertsiboak" ziren manifestarien oihuak, leloak eta ikurrak. Heriotza zigorraren aurka egiteko martxa zen Groseko hura, Otaegiren-eta askatasuna eskatu zuten, eta Polizia "hiltzailetzat" jo zuten. "Gure borrokak baino ez ditu salbatuko Garmendia eta Otaegi", zioten.
Garai hartan, astelehenetan, Hoja del Lunes egunkaria baizik ez zegoen —Espainiako Prentsa Elkarteak argitaratzen zuen—, eta irailaren 1eko zenbakian Groseko gertaeraren bertsio ofiziala soilik jaso zuen. Baita, Cifra berri agentziak zabaldutakoa jasoz, beste kazetek ere asteartean, irailaren 2an —artean sortzeke zeuden Egin eta Deia; 1977an sortu ziren—. "Istilutzat" jo zuten, manifestariek "objektu handiak" zituztela zekarten, poliziei "eraso" zietela, eta poliziek "beldurra eragiteko tiroak" bota zituztela, eta haietako batek Garcia Ripalda jo zuela.
"Gezurra besterik ez zuten zabaldu". Hala mintzatu dira manifestazioan ez ziren beste lekuko batzuk ere. Maria Jose Turrillas (Donostia, 87 urte) da haietako bat. Gaur egun bezala, Larroka kalean bizi zen orduan, Iraeta aurreko etxean, hirugarren solairuan. Handik ikusi zuen gertatutakoa. "Etxeko salan nengoen, telebista ikusten, eta balkoira atera nintzen. Poliziak kaleko jantzita zeuden, eta haietako batek tiro bat bota zion mutil gazte hari, bertatik bertara. Gure etxepeko lehen solairukoak ere ikusi zuen —hilda dago emakume hura–, eta geroago aipatu zidan nola esan zion polizia batek tiro egin zuenari: ‘Zer egin duzu? Zer egin duzu?’". Halaber, ziur dio Turrillasek: Garcia Ripaldak ez zuen labanarik atera, eta ez zien makilarekin aurre egin poliziei. "Zuzenean tiro bat bota zioten". Izenik eman nahi ez duen lekukoaren ustez, bi tiro entzun ziren. Bertsio militarrak dakar tiro bat izan zela.
Juan Maria Rementeriak ere (Donostia, 61 urte) ikusi zuen gertaera. Iraeta ostatuaren aurrean bizi da, Larroka eta Karkizano kaleek bat egiten duten izkinan, lehen solairuan. "Etxean nengoen, bi lagunekin. Haietako bat itsasoan ibiltzen zen, eta meriendatzeko txipiroiak prestatzen ari ginen. Kalean buila entzutean, balkoira atera eta handik ikusi nuen dena. Jendea ihesean zihoan, kaleko jantzitako poliziak baitzeuden, eta batek behintzat atera zuen pistola. Garcia Ripaldari tiro bat bota zion, gertu-gertutik, mutilak aurre egin gabe lehenago. Labanarena ere gezurra da".
Lurrera erori zen Garcia Ripalda, eta taberna ondoan eseri zen, hormaren kontra. Marian Esnaola han geratu zen une batez, eta ikusten zuen mutila "gero eta zurbilago" zegoela, "bazihoala". Iraetan sartu zen emakumea, anbulantzia bati deitzeko eskatzera. "Berehala joan nintzen handik, atxilotzeko beldurrez". Turrillasek ere badio itxura txarra hartu ziola gazteari. "Albo batera jarrita zegoen, sabelaren alde batean baitzuen tiroa. Nire senarra, ohetik jaiki, eta balkoira azaldu zen; ikusi zuen gaztea, eta ‘tiro hilgarria du’, esan zuen".
Auzotar baten autoan
Joxe Angel Guruzeta (Donostia, 61 urte) agertu zen orduan Iraeta aurrera. Handik 30en bat metrora dagoen taberna batean zegoen, Biyonan –gaur Bidea Berri du izena–, Gabriel anaiarekin batera zerbait hartzen. Zarata aditzean azaldu zen Iraeta parera. Garcia Ripalda ordurako tiroa jasota zegoen. "Autoa hantxe neukan, gaizki aparkatua. Mini hori bat zen, eta polizia batek galdetu zuen: ‘Norena da auto hau?’. ‘Nirea’, nik. ‘Ireki atea, eta mutila eraman egingo dugu’. Galdetu nion ea erresidentziara-edo eramango genuen. Ezetz poliziak, ospitale militarrera joango ginela. Sartu nintzen autoan, nire atzean sartu genuen zauritua, nire ondoan Gabriel anaia eta haren atzean polizia bat. Larrokatik irten, eta Mirakruzen behera joan nintzen, kontrako bidean, abiada bizian. Tentsio handia zegoen auto barruan". Ia kilometro erdi bateko distantzia zegoen Iraeta tabernatik erietxe militarrera. Atotxako futbol estadio ondoan zegoen —Mola jenerala zuen izena—; gaur egun, Gipuzkoako Lurralde Auzitegia dago han.
Guruzetak kontatu duenez, bidaian Garcia Ripaldak ez zuen deus esan. "Oso zurbil zegoen, hiltzen ari zen". Ospitaleko atarira heldu, eta bizpahiru lagun atera zitzaizkien barrutik. "Jakinaren gainean zeuden ordurako. Jaitsi zuten mutila, poliziak eskertu egin ninduen ‘emandako zerbitzuagatik’, eta agurtu egin gintuen anaia eta biok. Handik alde egin genuen, mini horian".
MCko kidea hilzorian zen ospitale militarrean. Bazekiten zein zen, soinean zeukalako NAN. Hara joan zen haren arreba Cristina, orduko senarrarekin. Groseko hondartza aurrean bizi ziren, Generalisimo etorbidean —egun Zurriola du izena—, eta 750en bat metrora zeukaten Mola jenerala ospitalea. "Lagun batzuek deitu ziguten etxera, esanez Jesus zauritu zutela poliziek eta erietxe militarrera eraman zutela. Azkar joan ginen hara, zer gertatu zen jakin nahian. Atea pixka bat ireki ziguten, ez dena. Aipatu ziguten Jesus hil egin zela, eta atea itxi zuten. 21:15 inguru izango ziren".
Bertsio ofizialaren txostena 38 orrialdekoa da, eta Ferrolgo (Galizia) artxibo militarrean dago gordeta, 50 urterako sekretupeko dokumentu moduan. Beste hamar urtean, hortaz, ezin da ezagutarazi. Dena dela, hildakoaren familia gisa, Garcia Ripalda sendiak bazeukan eskuratzerik, eta iazko urrian eskatu zuen; aste batzuetara jaso, eta irakurri zuten bertsio militarrak dioena: "anemia azkarraren eta bihotzekoaren" ondorioz hil zela mutil gaztea.
MCren Gipuzkoako taldeak Zer egin? aldizkariaren 14. zenbakia plazaratu zuen 1975eko irailaren 3an, gertaera izan eta hiru egunera, eta Larroka kalekoa "hilketa" izan zela idatzi zuen lehen orrian, goiburuan. Aldizkariak dio manifestariek polizia sekretuak ezagutu zituztela, "une nahasi txiki bat" sortu zela orduan, Iraeta aurrean zeuden poliziek pistolak atera zituztela, Garcia Ripalda besotik heldu zutela, eta polizia batek "hotz-hotzean" tiro egin ziola. "Erregimen faxista errefusatzeagatik hil dute", zekarren orriak.
Hiltzailetzat, Leston
Hiltzailea Manuel Leston Polizia Armatuko sarjentua izan zela ere bazekarren MCren Zer egin? aldizkariak. Gertaerako lekukoek ere hala diote. Izena eman nahi ez duen lekukoak azaldu du manifestazioan bere ondoan zihoan batek Leston ezagutu zuela, "berriz ere bagaude Lestonen istorioekin" esanez. Egia auzoko bizilaguna zen Leston, eta Donostiako Marianisten ikastetxeko gimnastika irakaslea ere bazen. "Gizon ezaguna", Diez MCko kide ohiaren iritzian. Lestonek berak eta beste bi agentek Donostiako Poliziaren egoitzan deklaratu zuten lehendabizi, abuztuaren 31n bertan, gauez, eta aipatutako bertsio ofiziala eman. Garcia Ripaldaren labana-eta utzi ei zituzten han.
Erietxe militarrean soldadutza egiten ari zen mutil bat gauean etxera joan zitzaien Garcia Ripaldatarrei, ikusi zuena kontatzera. Aitatu zien emakumezko erizain batek eta moja batzuek artatu zutela Jesus. Handik egun batzuetara, berriz, ospitale militarreko erizain batek deitu zien etxera. Bi bertsio haien arabera, gazte zaurituak mojei erregutzen zien deitzeko mesedez bere amari, eta mojek erantzuten zioten erreza zezala eta isiltzeko. Han zendu zen. Cristina Garcia Ripaldak uste du Atotxako erietxeak ez zuela nahiko baliabide horrelako kasuetarako. "Zergatik eraman zuten Jesus hara, eta ez Donostia ospitalera-edo? Kasua estaltzeko".
Gaueko hamarrak aldera eraman zuten gorpua Polloeko hilerrira. Familia segituan zen han. "Amari baino ez zioten utzi hilotza zegoen gelara sartzen. Jesusekin egin zuen gaua, semearekin egon nahi zuen". Cristina-eta hurrengo egunean goizeko zortziak aldera joan ziren berriro Polloera, eta jakinarazi zieten autopsia egin behar ziotela gorpua lurperatzeko baimena jasotzeko. "Mediku bati deitu genion autopsia egiteko, baina agindu zuten mediku militar batek egingo zuela. Edanda azaldu zen, eta, lehenaz gain, triskantza egin zion hilotzari. Jesusek sabelaldean tiro bat zeukan arren, emaitza ofiziala: anemia azkarra eta bihotzekoa".
Cristinak ondoren ikusi zuen anaiaren gorpua, beraiek sartu behar izan zutelako hilkutxan, etxetik eramandako maindireekin-eta hilotza garbitu ostean. "Tiroa jaso zuen tokian alkandora erreta bezala zeukan. Ikusten zen tiroa bertatik bertara bota ziotela. Alkandora garbia zeukan; ez du ematen odol asko isuri zuenik. Balazuloaren gainean gaza bat baino ez zioten jarri". Joxe Angel Guruzeta ere oroitzen da bere autoan zaurituaren odol arrastorik ez zela geratu.
Presioa familiari
Sendiak "traba eta presio" gehiago izan zituen hurrengo egun eta asteetan. Adibidez, astearteko egunkarietarako eskela bat bidali zuten, "familakoa, esaldirik gabea", baina ez zieten atera. "Ez genien galdetu zergatia. Argitaratzea ahaztu, behintzat, ez zitzaien egin… Diktadura garaiak ziren", dio Cristina Garcia Ripaldak. 1976an atera ziren eskelak lehen aldiz, heriotzaren aurreneko urtemugan.
Hileta elizkizuna asteartean izan zen, Jesus hil zenetik bi egunera, Grosen, San Ignazio elizan, tiroketatik 150 metrora. Goizez lurperatu zuten gorpua. Cristinak dio arratsaldean auzoa poliziaz josita zegoela, eta familiak ere jaso zuela hiletaren ondoren haien "mehatxurik". Luis Diezek aipatu du hileta ostean hiru bat mila lagunek hilketaren tokira joan nahi izan zutela, baina Poliziak eragotzi egin ziela. MCk Donostiako lau tokitan pankartak jarri zituen, eta Leston jo zuten gaztearen hiltzaile modura.
Cristina oroitzen da "zaintzapean" egon zela familia, "poliziak etxe eta denda inguruan egoten zirelako", eta telefonoak "kontrolatuak" zituztelako. Hori gutxi ez, eta egun batzuetara Poliziaren bisita bat izan zuten etxean: "Uniformedun bi polizia etorri ziren, eta amak atea irekitzean hanka jarri zuten, atea itxi ez zezan; barruan sartu ziren. Amari eskatu zioten tiro egin zuen polizia barkatzeko. Ez zien ezer esan. Jota zegoen, semea kendu zioten eta, gainera, barkatzeko entzun behar...".
Sendiak ez zuen Donostiako alkate Francisco Lasaren (1974-1977) babes oharrik, deirik edo bisitarik izan. Gipuzkoako gobernadore zibila, berriz, Emilio Rodriguez Roman falangista zen —1976ko uztailean Espainiako Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiko buru egin zuten—; eta herrialdeko gobernadore militarra, Jesus Ruiz Molina jenerala zen.
Familiak Polizia Armatuaren beste dei bat izan zuen ondoko egunetan: joateko haien egoitzara Jesusen trasteak jasotzera. Eman zizkieten haren betaurrekoak, kartera eta abar, eta amak galdetu zien poliziei: "Eta labana?….".
Espainiako armadan aurrera jarraitzen zuen auzibideak. Lestonek-eta tiroketaren biharamunean deklaratu zuten Donostiako Epaitegi Militarreko epailearen aurrean. Funtsean, Jesus Garcia Ripaldari egozteko errua. Pixka bat geroago, armadak Burgosen (Espainia) duen egoitzan zegoen txostena, haren VI. barruti militarrean. Hego Euskal Herrian, Garmendiaren eta Otaegiren heriotza zigorren aurkako greba orokorrera deitu zuten irailaren 3 hartarako.
Salatzeko beldurrez
Garcia Ripalda familiak ez zuen kasua salatu auzitegian. "Hilketaren hurrengo egunean, Juan Maria Bandres abokatuarekin egon nintzen neu, zer egin zitekeen aztertzeko", dio Cristinak. "Esan zigun ezin zitekeela ezer egin, eta uzteko denbora pasatzen. Beldurra zegoen. Izan ere, salaketa jarri izan bagenu, igual Jesusen lagun batzuk aipatuko genituzkeen, eta gertaerako lekuko batzuen izenak ere bai, eta horrek arrisku bat zeukan. Ez genuen ezer egin, ezta gero ere".
Marian Esnaola lekukoak ere ez zuen parte eman, ezta azaroaren 20an Francisco Franco Espainiako diktadorea hil ostean ere. "Franco hil baino bi aste lehenago, atxilotu eta gogor torturatu gintuzten. Sei egunez egon nintzen atxilotuta. Libre geratzean, salaketa jartzeko asmoz nengoen, baina epaileak aipatu zidan ea seguru nengoen. ‘Badakizu zer gertatuko den?’, bota zidan, eta atzera egin nuen. Garcia Ripaldaren kasuan ere, beraz, ez zuen auzitara jo".
Maria Jose Turrillas lekukoak ere ez zuen salaketarik aurkeztu. Hark bere senarraren kasua zeukan buruan: "Garcia Ripaldari tiro egin zion poliziak ikusi zuen zein geunden balkoietan, baina ez nuen haien presiorik izan ondoko egunetan ezer konta ez nezan. Hala ere, ez nuen jo auzitara, ez nintzen ausartu, nire senarra izango zena Espainiako gerra garaian gudaria izateagatik preso egona baitzen, gerora ere atxilotu zuten, eta beldurra sentitzen nuen". Juan Maria Rementeria lekukoa oroitzen da Donostiako abokatu bulego batean kontatu zuela ikusi zuena, "baina hura han geratu zen".
Burgosko VI. barruti militarrak urte hartan bertan itxi egin zuen kasua, Leston sarjentua eta beste bi poliziak errugabe joz. Gainera, haren arabera, Garcia Ripaldak "ustez terrorismo delitua" egin zuen. Hain justu, Franco hil zen egunean artxibatu zen kasua, biktimaren senideen eta lekukoen deklaraziorik jaso gabe eta epaiketarik egiteke.
Sariak sarjentuari
Pixka bat lehenago, Leston sarjentuak "zerbitzuan izandako konstantetasunaren gurutzea" jaso zuen, sari gisa. 1975eko urriaren 23ko Espainiako Agerkari Ofizialean azaltzen da hori, Armadaren Ministerioaren ebazpen batean. Gurutzeaz gain, urtero 2.400 pezeta patrikaratzeko gainsaria ere eman zioten Polizia Armatuko kideari, orduko irailaren 1az geroztik gauzatzen hastekoa. Abuztuaren 31n hil zuten Garcia Ripalda. Lestonek frankismoan jaso zuen beste saririk: 1968an, adibidez, "polizia merituarena", Gobernazio Ministerioak emanda. Espainiako 1978ko Konstituzioa onartuz geroztik ere jaso zuen: 1986an, PSOEren gobernuak emanda, Espainiako Poliziako kide gisa "Guardia Zibilaren merituaren ordena". 1986ko ekainaren 16ko agerkari ofizialean dago Barne Ministerioaren maiatzaren 27ko ebazpena, Rafael Vera idazkariordeak onartutakoa.
Espainiako agintaritza militarrak kasua 1975ean itxi arren, Jesus Garcia Ripaldaren kide eta lagunek urtero jarraitu dute hura gogoratzen, gehienetan ekitaldi xume eta intimoak eginez. Sendiak, berriz, "batik bat, aitortza" nahi zuen, Cristinak dioen bezala. "Lortu" zuen, 2010ean. Lehenago, 2007ko urrian, Espainiako Kongresuak Memoria Historikoaren Legea onartu zuen, eta abenduaren 26an jarri zen indarrean; "Espainiako demokraziak ohoratzen ditu Gerra Zibilean eta Diktaduran bidegabeko jazarpena edo indarkeria jasan zuten guztiak", dakar legeak, eta Garcia Ripalda familiak Justizia Ministeriora jo zuen, aitortza eske. 2009 bukaeran, txosten bat aurkeztu zuten, ama Petra Ripalda Izagirreren izenean —haren senarra, Jesus Garcia, 2006an hil zen—. "Dokumentazio ugari eskatu ziguten; tartean, anaiaren garaiko nominak, kalte-ordaina jaso genezan", azaldu du Cristinak. Orrialde pila haien artean, sendiak zazpi lerro baizik ez zituen, heriotza nola gertatu zen azaltzeko; jarri zuten polizia batek bertatik bertara egin ziola tiro Jesusi, ospitale militarrean ez zuela medikuek artatu eta bertsio ofiziala "dena gezurra" zela.
Espainiako Gobernuaren aitortza
Baina hilabeteak pasatu, eta ezer ez zietela esaten ikusita, deitu egin zuten ministeriora. Idazkari batek jakinarazi zien han ez zela haien paperik, "galdu" egingo zirela, eta familiari eskatu zion bere izenean bidaltzeko berriro. "Idazkariak esaten zuen ministerioan oraindik ere bazela esku beltz ugari", dio Cristina Garcia Ripaldak. "Jakin genuen gure ama politikoki ikertzen aritu zirela, erakunde armatu batekin harremanik zuen jakiteko". 2010eko udazkenean jaso zuten aitortza agiria, urriaren 27an Francisco Caamaño Justizia ministroak (PSOE) sinatuta. Agiriak dio Jesus Garcia Ripaldak "arrazoi politiko eta ideologikoengatik jazarpena eta indarkeria" jasan zituela, eta Poliziarekin izandako "liskar bateko zaurien ondorioz" hil zela. Aitortza eta erreparazio gisa, sendiak 135.000 euroko kalte-ordaina jaso zuen.
Ondoren, familiak eta lagunek Donostiako Udalari eskatu zioten biktima gisa aitortzeko Jesus. 2007ko lege hartan oinarrituta, hala onartu zuen udalbatzak 2011n, alkate Odon Elorza (PSE-EE) zela, eta udalak orduko apirilaren 16an Urrezko Domina eman zion sendiari. "Erabat justifikatua zegoen aitortza, frankismoaren biktima izan baitzen Jesus. Inpunitate osoz egin zioten tiro, eta, gainera, ez zen epaiketarik egin", adierazi dio Elorzak kazeta honi. Biktimaren amak eta arreba Cristinak jaso zuten domina, udaletxean egindako ekitaldi batean. Hilketaren 38. urteurrenean, 2013ko abuztuaren 31n, Jesusen lagunek Larroka kalean, tiroa jaso zuen tokian, oroigarrizko plaka bat jarri zuten. Hantxe ageri da Leston polizia "frankistak" hil zuela. Ekitaldian ez zen izan Jesusen ama, urte bereko apirilean zendu baitzen. "Gure ama, ordea, sekula ez da izan han. Ezin zuen", dio Cristinak. Jaurlaritzarekin kasuari buruzko hartu-eman zuzenik ez dute eduki. Gasteizko gobernuak joan den uztailean plazaratu zuen Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak (1960-2010) txostena, eta Donostiako Udalari emandako alean badator Garcia Ripaldaren kasua, Segurtasun indarrek bizitzeko eskubidearen aurka egindako urraketak atalean. "Egilea: Polizia Armatuko sarjentu bat", dio. "Ondo-ondotik tiro bat egin zioten".
Jaurlaritza ere, beraz, Manuel Lestonengatik ari da. Hil zen polizia hura, eta, irail honetan, haren familiak kexa bat agertu du bi egunkaritan, esanez Garcia Ripaldaren hiltzailea ez zela hura izan. Poliziaren seme Jose Manuel Lestonek idatzian dio Ferrolen den txosten militarreko deklarazioetan beste polizia batek aitortu zuela donostiar gazteari tiroa egin izana. "Garrantzitsua da 40 urteko irainen eta gezurren ondoren egia aitortzea", idatzi zuen Jose Manuel Lestonek irailaren 16an, El Diario Vasco-ko iritzi artikulu batean. "40 urte pasatu behar izan dute errugabea zela jakiteko", ElPaís-en. BERRIAk ez du lortu harekin hartu-emanetan jartzerik. Donostian sarjentu izandakoaren semeak onartu du "gaizki konpondutako auzia" dela Garcia Ripaldarena, "zigorrik gabe artxibatu zelako".
Odon Elorzari gutuna
Leston sendia iaz harremanetan jarri zen Odon Elorza Donostiako alkate ohi (1991-2011) eta Espainiako diputatuarekin, gutun bidez, eta, ondoren, Madrilen bilera bat egin zuten. Garcia Ripalda familiari ere idatzi zioten eskutitz bat, biltzeko eskatuz, baina uko egin zion.
"Donostian, kasuko hiltzailetzat haien aita jotzen dela-eta gaia ikertzeko eskatu zidaten", dio Elorzak. Iazko uztailaren 8an, Ferrolgo artxiboetan txostena eskatu zuen Elorzak, diputatu gisa, baina hil bukaeran ezezkoa jaso zuen. "Ordea, gero modu lotsagabe batean lortu nuen txostena, azaroan. Halako dokumentuak ezagutarazteko ekinbide bat aurkeztuko dut Kongresuan". Joan den abuztuaren 31n, txosteneko zatiak argitaratu zituen Elorzak bere blogean eta egunkari batean, pasarte bat hitzez hitz jarriz, nahiz eta informazio mota hori oraindik legez ezin den desklasifikatu. PSEko diputatuak dio idatzi militarrean "gezurrak pilatzen" direla, "krimen" hartako biktimek "defentsa-gabezia" izan zutela, eta kasua "inpunitatez" garatu eta itxi zela. Halaber, Elorzak esan du txosten militarrak dioela hiltzailea ez zela Leston izan, harekin zegoen polizia bat baizik.
Baina Garcia Ripalda sendiak eta MCko kidearen lagunek ez dute errugabetzat jotzen Leston. "Txosten militarra gezur handi bat da, eta han ez dago poliziena ez den beste testigantzarik. Jesus hil zuteneko operazioburu Leston zen, eta gerta daiteke epaile militarraren aurrean hark beste poliziari agintzea tiro egin zuela deklaratzeko", dio Cristina Garcia Ripaldak. "Tiro egin zuena Leston izan zela diote lekukoek. Guk haiei sinisten diegu".
Luis Diez MCko kide ohiak ere garbi ditu gauzak: "Bertsio ofiziala dena gezurra da. Ireki dezatela auzia, egin dadila epaiketa bat, eta orduan ere esango dugu nola gertatu zen eta zeinek hil zuen, Jesus hil egin baitzuten, nahita. Eta lekukoek diote Leston izan zela hiltzailea. Bitartean, beraz, ez ditugu kontuan hartuko Leston familiaren esanak eta dokumentazio militarrean agertzen dena. Guk lekukoen testigantzak hartzen ditugu kontuan. Ezin da Leston sarjentua errugabetzat jo. Berme juridikorik izan ezean, ez dugu sekula onartuko Leston izan ez zenik hiltzailea. Hark epaile militar baten aurrean esandakoak ez dira ezeren froga".
40 urte pasatu dira jadanik. Petra Ripaldak urteak egin zituen igandero Polloe hilerrira joaten, semearengana, eta Lestonen etxe aurretik pasatu behar izaten zuen.
(BERRIA egunkariko erreportajearen bertsio luzea da goikoa)